Etorkizunaren Alde plataformak lau gazte oreretarren kasuan Gorenaren erabakia arbuiatu, eta manifestaziora deitu ditu herritarrak uztailaren 2rako.
Plataformako kideak eta haiekin bat egiten dutenak, atzoko agerraldian.
Etorkizunaren Alde herritar plataformako lagunek agerraldia egin zuten atzo. Auzitegi Gorenak erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu behar duela Iruñean atxilotu zituzten lau gazteen gaia. Plataformako kideek argi dutena da, eta hala esan zuten atzo, Espainiako Estatuko beste edozein tokitan Iruñeko jazoerak ez zituztela “terrorismo gertaera baten moduan” bideratuko. Horregatik, esan zuten “gure gazteak gazteak dira; ez dira terroristak”. Horri aurre egiteko, mobilizaziora, manifestazio isilera deitu dituzte herritarrak uztailaren 2rako. 12:30ean hasiko da, Herriko Plazatik. Alderdiak, herritarrak, erakundeak eta taldeak deitu dituzte bertan parte hartzera.
Etorkizunaren Alde plataformako kideek atzoko agerraldian nabarmendu zutenez —horren ondoren elkarretaratzea egin zuten, agerraldia bezala, Foru plazan—, gizarte arazoekin kontzientziatuta dauden gazteak dira egun Iruñeko espetxean dauden hiru oreretarrak, nahiz haiekin batera atxilotu zuten adingabea, eta adierazi zuten hainbat gizarte elkartasun jardueratan ibilitakoak direla, tartean, elikagai bankuari laguntzen, “aberastasun banaketan dagoen bidegabekeriaz jabetuta, gizarte arazoekin konprometituta daude”.
Manifestaziora deitu dituzte herritarrak uztailaren 2rako. Isila izango da.
Hartara, Gorenak gazteen kasuan lege interpretazioa egin duela uste dute plataformatik, “ez du aintzat hartzen segurtasun juridikoaren printzipioa, berdintasun eta proportzionaltasun printzipioen kontra, eta zuzenbide penalak ahalik eta gutxien esku hartzearen kontra”. Horregatik, Gorenaren erabakia “bidegabea eta arbitrarioa” da plataforma osatzen duten lagunen ustez.