75 urte Xanti Zabala 'Lexo' bertsolaria jaio zela
Xanti Zabala Gaintxurizketako Lexo baserrian jaio zen 1942an eta Irunen hil 2012ko martxoan. Agustina Pontestak hura oroitzeko testua egin du.
“Udazken hasieran hots, urriaren 4an duela 75 urte munduratu zen Xanti Zabala Urdangarin Lezon, gerora bertsolari munduan Lexo ezizenez ezagunagoa zena, egun Gaintxurizketako biribilgunea dagoen ingurune horretan zegoen izen bereko baserrian. Hamaika senideetako gazteena berau eta bere gaztaroan baserri lanetan ibili bazen ere, gerora industrigintzan aritua. Irunera ezkondu eta bi seme izan zituen, eta azkenik, bertan zendu zen gaixotasun larri baten ondorioz 2012ko martxoaren 21an.
Xanti Zabala Lexo bertso-jartzaile aparta izatez gainera, bertsolari bikaina ere izan zen, egunerokotasunak hunkitu edota bizi arazten zizkionaren araberako gaiak jorratuz, unean-unekoak sortuz, bat-batean zetozkionak eta ziztu bizian botatakoak gehienak, nahiz eta idatziak, landuagoak ere izan bazituen. Bat-batekotasun, lekukotasun horri esker, bere garaiko gizartearen, herriaren argazkia eskainiz eta berak bizitzen zituen une oro sakonki aztertu ondoren, etorkizuna irudikatu ahal izateko kazetariek egin ohi duten gisa. Beraz, izugarria da bere emaria.
Hamahiru bertso-sorta ere baditu Lezo eta lezoarrei buruz eginak, Udaberriz liburuan [2013ko martxoan aurkeztu zuten. Hemen ekitaldi horren audioa] agertzen direnak nahiz eta badakigun herriko edozein ekitalditan une berean botatakoak jaso gabeak ere izango direla baina hona hemen aipaturikoak;
- 1.- Lezoko taldean antzerkigile zenekoa; 2.- Pildain gotzainari; 3.- Agur, Patxi;
- 4.- Lezoko herritik dator notizia; 5.- Agurra : 6.- Geurea geuk egin ; 7.- Tabikes ;
- 8.- Tomas Garbizu; 9.- Artea eta artistak; 10.- Herriak badaki eskertzen;
- 11.- Don Ramon, herriko apaiza; 12.- Etxea ez dago zutik;
- 13.- Allerru dantza-taldearen epistola Lexoren (li)burutik
Erabili zituen gaiak asko izan ziren. Euskal Herriaren egoerak kezkatzen zuenez euskara, langileria, injustizia, askatasuna, gizakia,.. dena zuen kantu gai. Bere bertsogintzaren sakontasunean bertsolari fin, sentibera, zorrotz, zintzo eta prestuaren izaera nabarmenduz.
Bihoakio beraz, udazkeneko fruiturik nagusienaren metaforaz egin zuen bertso dotore bezain sakon hau urtebetetze egun honetan oroigarri gisa.
Ustelduz goxatutzen den
fruitua da mizpira.
Gainerako denak doaz
zabortegi saskira.
Geure burua ta bestez
nahi badugu aixkira,
behar duenari eman
laguntza, ez azpira.
Bide horrek garamatza
zeruko mahastira.
Eta zerurik ez balitz,
on egina aski da. (Lexo)”