Errenteria da gizarte ongizatean biztanleko gehien inbertitzen duen 20.000 biztanletik gorako herria. Sei urtean %115 handitu da gizarte ongizatera udalak bideratutako diru kopurua.
Mendoza eta Basurti gaur goizean egin duten agerraldian.
Bikain. Horrela ari da Errenteriako Udala Gizarte Zerbitzuetako politikan, eta hala aitortu dio Espainiako Estatuko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkarteak argitara atera berri duen txostenean. Julen Mendoza alkateak eta Nagore Basurto Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak agerraldia egin dute berria baloratzeko, eta gizarte politikekin Errenteriako Gobernu taldea osatzen duten EH Bildu eta Errenteria Irabaziz alderdiek duten konpromisoa berresteko.
Aipatu txostenaren arabera, Errenteria da gizarte ongizatean biztanleko gehien inbertitzen duen 20.000 biztanletik gorako herria. Zehazki 277,09 euro dira inbertitzen direnak errenteriar bakoitzeko. “Datu garrantzitsua da hori guretzako –esan du Mendozak– gure irizpideekin bat datorrelako”. 2025 Plan Estrategikora jo du Mendozak, izan ere, hori da agintaldiaren ardatza, eta bertan bildu dituzte Errenteriarentzat estrategikoak diren proiektuak: “Bertan bildutako erronka guztien artean bazegoen Errenteria herri solidarioa, aktiboa, kohesionatua eta integratzailea izatea, hori zen erronka handiena eta horri jarraituta, babes soziala, justizia soziala, eta kohesio soziala ezinbesteko lerro dira guretzako, pertsonen bizi kalitatea duintzen den neurrian etorkizunerako bide bat garatu dezakeelako herri batek”.
Pozik, gauza bat esatea delako, eta oso bestelakoa, emaitzek erakustea esaten duzun hori, hala azaldu dira prentsa aurrean Mendoza eta Basurto, eta berretsi arlo horretan egindako apustua, “askotan esan dugu ez dagoela garapen sozioekonomikorik, babes sozialik gabe eta justizia sozialik gabe. Zentzu horretan, guretzat erronka inportantea izan da, eta mantendu dugu”.
Gizarte ongizate politiketan Errenteriako Udalak izan duen garapenaren errepasoa egin du Mendozak 2011tik [EH Bildu urte horretan heldu zen alkatetzara Julen Mendoza buru zela] 2017ra arte egin duen bidea aletu du, eta erronka nagusiak aipatu. Horrela, krisi beteko egoeran heldu zela koalizio subiranista udalera nabarmendu du: “Bi erronka nagusi ezarri genituen, pobrezia energetikoa saihestea, eta etxe kaleratzeak ekiditea”. Gizarte larrialdietarako laguntzek argi islatu dute hori alkatearen iritziz, “laguntza horiek, energiarekin lotutako fakturak ordaintzera, alokairuak, hipotekak eta oinarrizko beharretara bideratutakoak dira”.
Aurrekontua %115 handitu sei urtean
Laguntzek sei urtean izan duten garapenak erakusten du hoberen apustuaren tamaina: 2011. urtean 495.000 euro bideratzen zituen Errenteriako Udalak gizarte larrialdietarako laguntzetara, eta horietatik 425.000 euro Eusko Jaurlaritzak finantzatzen zituen. Egun, 1.066.000 euro bideratzen ditu udalak eta 458.000 euro finantzatzen ditu Eusko Jaurlaritzak. Kopuru totala %115 igo da eta Eusko Jaurlaritzak gastua %7,8 handitu duen bitartean, Errenteriako Udalak %877 handitu du. Datuek berresten dute apustua, eta txostenak berriz, espero ez zuten aitortza egin dio udalari, eta erakutsi bidea ondo agiten ari direla, egoki. Hori guztia eta Mendozak berak aipatu duen “esfortzua”.
Pobrezia energetikoa eta etxe kaleratzeak erronka izan ditu udalak, haiek ekiditea erronka izaten jarraitzen du. Bina diru inbertsioa gizarte gaietan ez da horitara mugatzen, beste hainbat arloetara ere bideratzen du inbertsioa. Horren harira, Basurtok 2018ko aurrekontuan hartutako zazpi neurriak azaldu ditu, gizarte ongizatearekin duten konpromisoa “berresteko”. Iaz emandako diru zati bera emango diete gizarte larrialdietarako laguntzei, 1.066.000 euro; Etxez etxeko zerbitzuari, 1.235.000 euro; udal erresidentziara, 1.039.800 euro; Gaztelutxo eta aldi baterako etxebizitzak mantentzeko 532.510 euro; gazteen ekintzetarako, 525.000 euro; enplegu programetarako 500.00 euro; eta herrian dauden zortzi jubilatu elkarteetarako, 82.000 euro.
Laguntzak, kohesio sozialerako beharrezko
Laguntzak ez direla bakarrik behar dituzten pertsonentzat esan du Mendozak, “konbentzimendu bat dugu, gure gizartearen kohesio sozialerako dira laguntzak. Gizarte bazterketan dauden prestonak ez dauden gizarte solidario bat eraikitzen dugun neurrian, gizarte garatu bat sortzen ari gara. Laguntza gure herriari ematen diogu, ekarpena egiten diogu. Gizarte zerbitzuetako politika hauek beraz, modu kolektiboan ulertu behar ditugu”.
Eskerrak eman dizkie eta zoriondu egiten duten lanagatik Gizarte Zerbitzuetako departamanduko langileak, “langile guztiak zoriondu nahi ditut, eta kasu honetan, bereziki emakumeak, denbora honetan guztian lan izugarria egiten ari dira”. Basurtok ere eskertu die lana eta “harro” azaldu da langile eta teknikariez, “gizarte zerbitzuetan maila handiko langileak ditugu, oso konprometituak”. Nabarmendu du bestalde, ez dela lan indibiduala, “gobernu talderaen konpromisoa argi gelditu da, baina konpromiso hori ezinezkoa litzateke langile eta teknikaririk gabe, baita EH Bildu eta Errenteria Irabazizen atzetik daukagun lantaldea gabe, hau guztien meritua delako”.