«Niretzako abentura da idaztea eta bide berriak urratzea»
Idazle oiartzuarrak haur eta gaztetxoei begira bost liburu berri aurkeztu ditu Durangoko Azokan. Kontatuko duena baino, kontatzeko moduak erakartzen duela aitortu du, «bide berriak urratzea».
«Haurrarentzat liburuak izan behar du lehenengo jostailua» «Liburu denek dute beren funtzioa, bai astunek, bai luzeek, bai errazek…» «Duela hogei urte ikus zitekeen neska-mutil koskorren bat liburu batekin kalean»Garai batean errazagoa zen publikatzea deus ez zegoelako, gaur egun joan da aldatzen. Garai batean argitaletxeek lanak eskatzen zizkiguten, orain zuk joan behar duzu ate joka eta idazterakoan izan behar duzu maila bat, pentsatu behar duzu zein adinerako izan daitekeen, eta zein bilduman txerta daitekeen. Uste dut behar zela aldaketa hori. Asko publikatzen da. Aurrekoan kritiko batek errieta egin zidan. Esan zidan ezin zuela ona izan urte berean bost liburu publikatzea. Egun, filtro gogorrak daude, dena begiratzen dute izugarri, eta erantzuteko bi hilabete ematen dituzte. Haur literaturan gero eta publikazio gehiago daude. Beste joera bat da literatura baino, liburu politak argitaratzearena, marrazkiz jositako albumak hitz oso gutxirekin. Irudiak garrantzi handiagoa dauka. Hori ere ongi dago. Haurrarentzat liburuak izan behar du lehenengo jostailua. Nola lortzen da hori, liburua lehen jostailu bihurtzearena? Liburu politak eginda, ilustrazio askokoak, erakargarriak. Lau esaldi eta marrazki ugari. Hori 3 urteko haurrarentzat da. Zure lehenengo jostailua liburua izan al zen? Ez, nire lehenengo jostailua larruzko pilota izan zen. Nik pilotaria izan nahi nuen, bazen etxean Xabiertxo izeneko liburua, baina pilotak irabazi zion hari partida. Liburuak jostailua izan behar du. Nik lortzen badut haurrarentzat liburua jostailua izatea, politena eta maitatuena, horrek liburuaren soka ekarriko du, eta aurrera egin ahala jarraituko du irakurtzen. Liburu denek dute beren funtzioa, bai astunek, bai luzeek, bai errazek… Gela berean, herri berean, eskola berean, oso irakurle maila ezberdinak baitaude. Nire liburuak errazak dira irakurtzeko eta ulertzeko. Liburu guztiek dute beren funtzioa, luzeek, astunek, arinek, politek, ilustratuek eta gabeek, denek badute zirrikitu bat literaturan, irakurzaletasunaren zelai zabal horretan. Durangon zein harrera izan dute zure liburuek? Ibaizabal argitaletxearen postuan izan nintzen gehien, eta ordubetean, 12 liburu sinatuko nituen, eta ez denak aurten ateratakoak. Nik asko samar publikatzen dut eta… Hori txarra da, asko samar publikatzea, alegia? Ez, ez dut uste txarra denik. Ni harro sentitzen naiz idatzitakoa publikatzen badidate. Sekulako zortea dut. Hainbat idazle autoedizioarekin hasi dira, hemen atea jo, han jo, eta ez dietelako zabaltzen. Ni oraindik ez naiz iritsi fase horretara. Ez dut, gainera, arazorik ikusten, niretzako lan bat baliagarria bada eta ez badut lortzen argitaratzea, ez dut arazorik 200 ale atera eta banatzeko, oparitzeko. Zein da literaturaren egoera? Nik uste dut, baliabide aldetik eta eskaintza aldetik ezin dela konparatu duela 30 urterekin, egun dagoen sarea izugarria da, erruz dago. Horrez gain, idazleak ikastetxeetan daude, hori izugarria da. Nik mutikotan ezin nuen imajinatu ere, nik irakurritako liburuaren idazlea biharamunean izango zela gelan guk egindako galderak erantzuten, eta gaur egun hala da. Sekulako bisita pila egiten da. Liburua, idazlea ezagutzeko aukera, liburua sinatzekoa, izugarria da. Bestalde, teknologia berrien eskaintza izugarria da. Duela hogei urte ikus zitekeen neska-mutil kozkorren bat liburu batekin kalean; egun, denak telefonoari so ari dira. Liburua gauza aktiboa da; telebistak eta telefonoak ez dizute lanik eskatzen. Liburua ez da mugitzen, esfortzua eskatzen dizu. Papera duela 10 urte desagertuko zela pentsatzen genuen, eta aurten Durangon 200 liburu berri aurkeztu dituzte, 400 berritasun. Bada zerbait. Horietatik bost zureak. Bai, hala da [barre egin du]. Liburuetan aukera handiagoa da, baina kanpo tentazioak ere inoiz baino gehiago daude. Guk, edo liburu zahar bat genuen, edo frontoira joaten ginen pilotan jokatzera. Egun liburuak oso konpetentzia zaila du, baina nik uste dut, hala ere, mantentzen ari dela. Duela hogei urte etapa gogorra izan zen, irakasleak gogor jartzen ginen eta ikasleei esaten genien ‘hau irakurri behar da aprobatzeko’, eta gainera irakurketa fitxa eginarazten genien. Horrekin erakartzen ditugu? Batzuk bai. Bide zaila dugu, baina nik uste dut horra jo gabe ere badaudela erakartzeko moduak. Juan Mari Lekuonak esaten zuena dut gogoan: ‘Bizitza honetako gorabeherak behar ditut onartu, eta datorrena behar dut hartu. Berez doana, zertan behartu’. Irakurzaletasuna duena zertarako behartu, eta ez duena ere zertarako. Indarka egiten diren gauzak gaizki ateratzen dira. Etorria ikusita beste zerbait izango duzu esku artean aurrera begira, ezta? Zubia argitaletxeak 1998an argitaratu zidan Eguzkilore liburua aterako du berriro, azala aldatuta, eta letren tamaina handituta, otsailean. Bide batez, Lehen Hezkuntzarako zer edo zer idatziko nuen galdetu zidaten. Idatzi dut, eta gustatu zaie. Aitziber Alonsok egin ditu marrazkiak, Martintxo bigarrena du izenburua, eta bi hilabete barru argitaratuko dute. Zerbait aurreratzerik bai? Nor da Martintxo? Esan dudan bezala bide berriak urratzea gustatzen zait, ez zait gustatzen polemika sortzea, baina bai zer esana ematea. Pertsonaia Lasturren kokatu dut, Deba inguruan. Errekortari baten istorioa da, zezenaren jolas hori, arrisku hori erakusten du. Banekien, aspaldi irakurrita, bazela Oiartzunen torero oso ikusgarria. Mahai gainean jarrita edo aulkian eserita, lotuta, hartzen omen zituen zezenak plazan Martintxok. Francisco de Goya margolariaren koadroren batean azaltzen omen da Martintxo. Bullyingaren gaia lantzen dut, halaber, liburu horretan. Burla egiten zioten Martintxori mutikotan, bere amarekin ibiltzen zelako, aitonarekin, eskasa zen, flakoa. Bestalde, Denon Artean argitaletxetik eskatu didate barrezkoa idazteko. Hilaren 19an argitaletxera noa Emiliren desabenturak-en maketazioa egitera. Gafea da Emili, eta liburua, 8 eta 10 urte arteko haurrei begirakoa da. Horrekin batera, idazten hasiak, eta amaitutako beste bi edo hiru liburu baditut dantzan. Heldu den urtea ez da zuriz pasako, bi baditut hor, momentuz. Idaztean zer duzu gustukoen, zer sentiarazten dizu zuri idazteak? Niretzako politena da dibertitzea. Nik ongi pasatu nahi dut, eta idazten hasi aurretik zer kontatuko dudan baino, gehiago dut buruan nola kontatuko dudan, diferente. Maila horretan beti kritika onak jaso dituzte nire liburuek, bide berrien jorratzaile naizela diote. Abentura suposatzen du idazteak, nik ere ez jakitea nola bukatuko dudan istorio hori, eta nik ere ongi pasatzea. Hasi orduko zuk kokatzen duzu poesia izango den, edo DBHko gazteei begirako eleberria. Zein istorio berri baino gehiago, nola kontatuko dudan horrek erakartzen nau, bide ezberdinak jorratzea, alegia.