Izan ere, sanpedrotarrek bazuten kezka bat. Haien historian hain esanguratsua izan den figura, haurrek ez zutela ezagutzen. Larran?aga Fachado bat dator: «Gure lehen aldia zen, oso-oso ondo moldatu gara, eta eskerrak, bestela zaila delako tamainako proiektu bati aurre egitea». Izan ere, buruhausteak ez dira soilik izan sortze prozesuaren gainekoak. «Kanpaina, baldintza ekonomikoak nola egituratu… dena berria izan da guretzat», gogoratu du Larrañagak.
Herriko kondaira bat
Hiru ipuin biltzen ditu argitalpenak, hirurak Aita Manuel eta bere Izpi txakurra protagonista, eta tartean bada oso kondaira berezia, sanpedrotarrek beren arbasoen ahotik jasoa. Ipuinean txertatu nahi izan dute kondaira, ez ausaz: «Kondaira hau kontatu egiten zen herrian, eta niri bertako emakume batek kontatu zidan, Miren Fachadok. Erdi ahaztuta nuen, baina ipuin hau idazten hasi nintzenean, burura etorri zitzaidan. Orduan berriro bildu nintzen Mirenekin [Idoiaren izeba da], eta berriro kontatu zidan hari txikitan kontatzen zioten kondaira».
Bokalearen bestaldean kokatzen den kondaira bat da, «oso bitxia eta polita». Istorioa, beldurrezkoa, Platape deritzan inguruan gertatzen da. «Euskaldunon kultur imajinarioan, euskaldunak beti baserritarrak direla ematen du. Ipuin guztiak baserrietan kokatuak daude, eta kondairak ere bai. Lamiak, basajauna… dena da barrualdekoa», ohartarazi du Cesek. Baina sanpedrotarrak beste ikuspegi bat du: «Arrantzaleak ere izan gara eta bagara, eta arrantzaleen inguruan ere badira istorioak, eta itsas ondoan kondairak». Horregatik jaso dute kondaira argitalpenean, eta horregatik du Miren izena ipuinean agertzen den emakumeak, kondaira kontatu dien emakumearen omenez.
Ipuinen osagarri, azkenik, hiztegi txiki bat txertatu dute, itsasoa, arrantza, eta arraunaren munduari lotutako hitzekin.
Herriaren bultzadaz
Egileek, hasiera-hasieratik babes eta laguntza handia izan dute. Liburuaren finantzazioa «diputazioak zuzendutako
crowdfunding edo mikromezenasgo kanpaina baten bitartez lortu» zutela jakinarazi du Larrañagak, jarraian mikromezenasgo horren baldintzetako bat gogorarazteko: «Jendeak ematen dizuna, gerora, zuk ere nolabait bueltatu behar duzu».
Bi epe zituen
crowdfunding kanpainak, gutxieneko diru kopurua lortzeko 40 egunetako epea bat, eta ondoren beste 40 egun. San Pedroko egitasmoak aurreikuspen guztiak hautsi zituen, dirutan ezarritako helburua bikoiztuz. «Egia esan, horrek gainditu egin gintuen. Espero genuen jendeak dirua jartzea eta kolaboratzea gurekin, baina hainbesterako eta hain azkar, ez, egia esan».
Bultzada handia eman zien horrek, Larrañagak aitortu duenez: «Guk bagenuen ilusioa, ilusio handia, baina jendeak hain ondo hartzea eta hain pozik… Guretzat bultzada handia izan da».
Baina, zama ere sentitu dute sortze prozesua bitartean, ardura eta erantzukizun handia. «Luze joan da, eta momentu batzuetan larri ere ibili gara. Proiektua iazko maiatzaren hasieran aurkeztu genuen webgunean, eta ekainean aukeratua izan zen», gogoratu dute. «Orain gai gara mikromezenasgoa zer den azaltzeko, baina orduan, ideiarik ez genuen. Azkenean haritik tira eta tira, argitu genuen arte».Bide horretan bidelagun asko izan dituztela ere gaineratu dute, udako arratsaldetan Piña Kurdin elkartera biekin lanera bildu den boluntario desinteresatu askori esker onez.
Herritarrei itzuli nahi
Herriaren laguntzaz eraikitakoa, herritarrei itzultzea dute hurrengo erronka, eta horretan buru-belarri ari dira jada. Liburuaren lehen aurkezpena San Pedroko Arrantzaleen Kofradian egin zuten eta eta han bizitutakoak ez dituzte erraz ahaztuko: «Oso-oso egun polita izan zen. Kofradia txiki geratu zen, jendez gainezka. Batzuk ezin sartu geratu ziren».
Orduan aurkezpenera sartzeko aukera izan ez zutenek hilaren 23an izango dute bigarren aukera, Errenteria-Oreretan, Santxo Enea kaleko 14. zenbakiko Noski liburu denda berrian.
«Asko jaso dugu, eta orain gure asmoa eta ilusioa da jendeari asko bueltatzea» nabarmendu du Larrañagak. Esku artean proiektu gehiago dituztela iragarri dute sanpedrotarrek. Horiek, baina, ezin gehiago zehaztu artean iragarri.
Kemena eta ilusioa erruz dituzte, eta horregatik, ziur, trapalla baretzerako izango dutela berriz ere zer kontatu, akaso deabrua Platako farolaren amildegian gora desagertzerako, zaldiz, barre algaraka, beldurgarri…
Liburu fitxa
Testua. Gema Ces Alkorta.
Marrazkiak. IdoiaLarrañaga Fachado.
Argitaratzailea. Arando Txiki Kultura Ondarea Babesteko
Elkartea.
Inprimaketa eta maketazioa. Antza Komunikazio Grafikoa.
ISBN: 978-84-697-7517-2.
Lege gordailua: SS-1280-2017.
2015. urtean sortu zuten San Pedron ‘Zu etxerako, Manuel’ iniziatiba
«Aita Manueli merezitako aitortza egin asmoz» sortu zuten duela hiru urte San Pedron Zu etxerako Manuel iniziatiba, San Pedroko patroi mitikoenaren historiaren transmisioari eutsi asmoz.
Iniziatiba sortuz geroztik urtero antolatu dute Aita Manuel Eguna, azkena lehengo irailaren 16an, Manuel Arrillagak patroi bezala lehen Kontxa irabazi zuenetik 100 urtera. Herri antzerki baten bidez garaipen hura gogorarazi zuten.