Azken aldian, antzerki produkzioan buru-belarri sartuta dabil Marga Altolagirre (Pasai Donibane, 1982). Arte eszenikoen M.A. laborategia gidatzen du gaur egun, eta antzezlea eta punk-rock munduko abeslari ezaguna ere bada pasaitarra.
Antzerki eta musika munduan ezaguna da Marga Altolagirre (Pasai Donibane, 1982), baina berak sortzailetzat du bere burua, arte adierazpide guztiak jarraitu, abangoardiak ikertu eta esperimentatzea ikaragarri maite duelako.
Antzerki produkzioan buru-belarri ari da azkenaldian. Arte eszenikoen M.A. Laborategia gidatzen du eta antzezlea eta punk-rock munduko abeslari ezaguna ere bada.
Berlinetik etorri berri zara. Zertan aritu zara han?
Niretzat oso erreferentzia garrantzitsua da Berlingo Schaubuhne antzokia egiten ari den produkzio guztia. Oso berritzaileak direla iruditzen zait. Beste inon ez ditut ikusi dauzkaten prestakuntza eta instalazioak, eta niretzat oso erakargarria da hori.
Ikastera joaten zara, beraz.
Bai. Ikustera eta inspirazioa lortzera, han egiten dutena, nirekin, nire estiloarekin eta nik antzerkia ulertzeko dudan moduarekin oso ondo lotzen dela sentitzen dudalako.
Marga Altolagirrek nola ulertzen du antzerkia?
Antzerkiak galderak sorrarazi behar dizkio ikusleari, eta hori lortu ahal izateko oso garrantzitsua da antzerkiaren kontzeptua eraldatzea, gaur egun teknologiaren munduan bizi garelako, eta horrek beste lengoaia batzuk sortu dituelako. Antzerkia egiteko era zaharkitua gelditu dela uste dut, eta oso garrantzitsua iruditzen zait beste diziplina artistiko batzuekin uztartu eta beste lengoaia bat sortzea. Zertarako? Publikoa erakartzeko eta kontatzen dugun horrekin publikoa konektatzeko.
Gaur egun asko kontsumitzen dugu zinea, baita musika ere, baina antzerkia urrun bezala gelditzen zaigu. Nola gerturatu dezakegu publikoa antzerkiaren mundura? Nola egin dezakegu antzerkia guretzat? Nire ustez, zinemaren kodeak antzerkira eramatea izan daiteke gakoetako bat. Gaur egun berehala aspertzen gara, eta bestelako erritmoa behar dute istorioek. Nik orain ezin dut jasan Shakespeareren ordu erdiko bakarrizketa bat; ez dut ulertzen, eta ez dut konektatzen. Orduan, nola egin dezaket unibertsala den hori oraingo lengoaian? Hori da gehien gustatzen zaidana eta irrika sorrarazten didana.
Argi dago esperimentatzea maite duzula. Trintxerpeko Ziriza etxean, bakailao fabrika izandakoan, estreinatu zenuen zure azken lana: Tartufo.
Tartufo ezin nuen eraman antzoki batera, antzokiak berak mugatzen ninduelako. Berlingo Schaubuhnen gertatzen den hori bilatu genuen; obra artistikoa da garrantzitsuena eta obra artistiko horri erantzun behar dio beste guztiak, eta ez alderantziz. Argi nuen ohiko antzokietatik kanpo egin behar nuela obra hori, antzerkia ez nuelako egin nahi zentzu horretan. Horregatik jo genuen Zirizara, espazioak eskaintzen ziguna obraren mesedetan erabiltzeko. Eta izugarria izan zen. Bigarren antzezleku bat azaltzen zen atzeko aldean, eta publikoa alboetan jarrita zegoen, baita balkoietan ere. Ikusleak partaide bilakatu zituen horrek. Kontua ez zen sarrera erostea eta zer kontatzen zieten jakiteko esertzea. Eurak ere parte ziren, eta uste dut jendeak horregatik konektatu zuela hainbeste pertsonaiekin, beste toki batera eraman genituelako.
Bitxia suerta badaiteke ere, klasiko bat hautatu zenuen ikuskera moderno hori lantzeko.
Klasikoak klasiko dira pertsonengan funtsezkoak diren gauzei buruz hitz egiten dutelako. Molierek edo Shakespearek ederki ezagutzen zuten pertsonen funtzionamendua, eta gaur egun ere gertatzen zaizkigun gauzez hitz egiten zuten. Niri gustatzen zait autoreak zuen ideia originala hartzea eta gainontzeko dena eraldatzea. Hori egin nuen
Tartufo-n. Galdera batzuekin hasi zen istorio guztia. Nire sortze prozesua beti hasten da galderekin. Nik beti pentsatzen dut obrak etorri egiten direla, eta
Tartufo-ren kasuan ere hala izan zen. Asko erakartzen ninduen
new age erako espiritualtasun guruak eta hortik hasi zen gorpuzten ideia.
Espiritualtasunak zenbateko pisua du zure sortze prozesuetan?
Niretzat misterioa da sortze prozesua; norberarengana etortzen den zerbait da, eta norberak kanalizatu behar izaten du. Niretzat hori egiten du artista batek; ez da bata edo bestea. Denok gara espiritualak. Batzuetan
hippy identitatea edo horrelako zer edo zer etortzen zaigu burura espiritualtasunaz hitz egitean, baina ez dauka zertan horrela izan. Bizitza bera da sortze prozesu bat. Harrapatu egiten zaitu, eta sortzen hasten zara. Nik, behintzat, horrela funtzionatzen dut.
Ur konpainiaren antzerki tailerrean hasi zinen antzerki munduan, oso gaztetan.
Uste dut 9 urte nituela haien eskolan hasi nintzenean. Oso toki interesgarria zela, oroitzapen hori daukat. Beraiek gauza hauek guztiak lantzen zituzten ordurako. Nik beti eduki izan dut zein naizen jakiteko behar hori, eta konpainia hartan bazegoen energia eta giro hori, usaindu egiten zen. Gogoan daukat, gainera, urte haietan estreinatu zutela
Romeo eta Julieta, izugarrizko muntaia eginda. Mundu ikuskera asko zabaltzen du umetatik horrelako giroetan murgilduta ibiltzeak.
Madrilen ikasi zenuen interpretazioa.
Indalo amateur mailako antzerki taldea irten zen Ur konpainiaren tailerretik, eta han ibili nintzen urte dezente. Madrilera joan nintzen gero, amak argi ikusi zuelako nire bidea hura zela; hala esan zioten ikastolan ere.
Zer ekarri zenuen Madrildik?
Ezer ez nekiela, hori ikasi nuen han, eta gehiago ikertzen hasi nintzen. Portugalera joan nintzen lehenik, Indiara ondoren… Beti egoten naiz joerei begira, eta ez antzerki munduan bakarrik, baita bideo proiekzioetan ere; eta eskulturan, pinturan… Gustatzen zait gaur egungo abangoardiak zeintzuk diren jakitea. Asko interesatzen zait ikuspegi sozialetik zer bizitzen ari garen aztertzea. Teknologia, hipermodernismoa… horietan guztietan sakontzea gustatzen zait, guztiak eragiten duelako nire bizimoduan.
Arte eszenikoen laborategia ere sortu zenuen duela urte batzuk.
Zortzi urte etengabeko praktikan igarotzea, niretzat hori izan da eskolarik onena. “Ikasi nahi baduzu, irakatsi”, hala dio Jodorowskik, eta ni erabat ados nago esaldi horrekin. Zentzu horretan, opari ederra izan da zortzi urte hauetakoa. Gogorra izan da askotan, etengabeko lana izan delako, baina erreminta asko eman dizkit. Azkartasuna, nola lan egin… Mundu oso bat.
Interesatzen zait ikuspegi sozial batetik zer bizitzen ari garen aztertzea. Teknologia, hipermodernismoa…»
«Emakumeen zartakoa beharrezkoa da; edertasun kanonak, objektu trataera… jendea nazkatuta dago»
Antzerkiaz hizketan ari zara, baina musikaren mundutik ezagutuko zaitu jende askok. Anai-Arrebak, Tigger Travis, Toxika… Musika oso garrantzitsua izaten ari da zure jardunbidean.
Proiektu berri bat du nire anaiak [Iñaki Altolagirre,
Matxet], laster kaleratuko du, eta koru batzuk egin ditut hor. Oso harreman estua dut bai kantuarekin eta baita ahotsarekin ere, baina nahiko ezustean sortu zait lotura hori. Formazioa jaso dut, eta gauza asko uler ditzaket horri esker. Esperientzia potentea izan dut musika munduan, eta gaur egun horrek toki handia du nire antzerki ikuskeran.
Tartufo-n zuzenekoa zen musika, eta hala izango da nire hurrengo proiektuan ere, musika zuzenean ikustea bezalakorik ez dagoela uste dudalako. Musikak oso atmosfera ahaltsua sortzen du unean uneko agertokian. Publikoak, gainera, hemen behintzat, ohitura handiagoa du kontzertuetarako, eta nik fusionatu egin nahi dut hori guztia, beste publiko batekin konektatu ahal izateko.
Baina zure burua non sentitzen duzu erosoen?
Askotan pentsatu izan dut horretan. Sortzailea naizela uste dut. Lagunek esaten didate aspaldi ez dudala antzeztu, baina etorriko da hori ere. Orain, ordea, oso gustura ari naiz produkzio lanean; hasi eta bukatu obra bat sortzeko irrika horrekin ari naiz egunerokoan. Apirilean estreinatu nahi dut
Panteon lana, bestelako trataera izango duen obra, formatu ertain-handikoa; beste pauso txiki bat emango dut produktore gisa.
Emakumeak grebara deituta zeuden Martxoak 8an. Horrelakoetan planto egitearen aldekoa zara?
Bai. Bai noski. Bultzada hau oso garrantzitsua da oreka bat lortzeko. Gertatu behar zuen zerbait da.
Zure lan esparruan zeri egin behar zaio planto?
Adierazgarria izan daiteke nik zortea izan dudala esatea, baina ni beti tratatu izan naute berdin. Egia da oso emakume antzerkigile eta zuzendari gutxi daudela. Hori hala da, baina ez dakit zergatik den. Nik beti egin izan dut nahi izan dudan guztia, nahi izan dudan eran. Emakume indartsu sentitu izan naiz beti eta badakit ahaldundutako emakumea naizela.
Sona handiko aktoreek ozen hitz egin izan dute azken aldian.
Ondo iruditzen zait. Emakumea gizonaren itzalpean egon izan da beti, eta emakumeen zartakoa beharrezkoa da egoera orekatzeko. Edertasun kanonak, objektu trataerak… Oso nazkatuta dago jendea. Jendarte matxista batetik gatoz, eta greba beharrezkoa da, pauso horiek eramango gaituztelako parekidetasunera eta orekatuagoa izango den beste egoera batera.
Motzean
Ikusi nahiko zenukeen antzezlan bat?
Thomas Ostermeierren edozein.
Eta euskal konpainien artean hautatzekotan?
Dejaburen
Linbo planeta. Artedramaren lanak ere asko gustatzen zaizkit.
Norekin joango zinateke antzokira?
Iñigo Azpitarterekin.
Sekula ahaztuko ez duzun kontzertua?
Kutxa Kulturren eman genuena, Igeldon.
Agertoki bat
Berlingo Schaubuhne.
Eta gure inguruan?
Edozein toki izan daiteke agertoki egokia, baina Ziriza, adibidez, oso berezia da.
Hurrengo bidaia?
Italiara, Bolognara.
Azkenaldian entzuten dituzun musika taldeak?
Tom Kenyon, Sigur Ros, Bjork, Los Planetas eta Cuencos de Cuarzo ari naiz entzuten.
Ikusi nahi duzun taldea?
Ikusi ditut jada, baina, Friendly Fires.
Azkenaldian ikusi duzun kontzerturik onena?
Ivan Ferreirorena. Orain dela gutxi ikusi nuen kontzertu txiki batean eta maitemindurik geratu nintzen. Zeozer oso berezi du autore horrek.