Filmetarako zein telesailetarako 3D animazio digitala egiten du Jon Gama errenteriarrak. Bizitza ematen die marrazkiei. Haurrentzat ez ezik, animazioa helduentzat ere badela aldarrikatzen du.
Torrekuan dagoen habian! Fabrika Kreaktiboaren barruan ari da Jon Gama.
Torrekuaren hirugarren solairuan du lanerako mahaia eta ordenagailua Jon Gamak (Errenteria-Orereta, 1989). 3D animazio digitalean aditua da, eta filma eta telesailetarako animazio lan ugari egin ditu dagoeneko. Freelance moduan ari da 3D animazio digitalean 2016ko amaieran Espainiako telebistako Clan kanalerako
Cleo & Cuquin telesaioko animazio lanak egin zituenetik. Gustura dago egiten duenarekin, lanarekin gozatzen duelako. Hori ezinbestekoa dela uste du, «gustuko duzun lana egitea, eta egiten duzun horrekin gozatzea, ikastea egunero».
Disney edo Pixarren aritzea omen da edozein animatzaileren ametsa, baita Gamarena ere, «bertako filmetako animazioa egitea izugarria izan behar du». Hala ere, oinak lurrean ditu, eta lehentasunak argi, «gaur-gaurkoz oso pozik nago lan egin nahi dudan, gustuko dudan arloan aritzearekin, eta hemen egotearekin, nire ingurunean nireengandik hurbil. Animaziotik modu egonkorrean bizitzea ez da erraza. Animazioaren mundu honetan lana modu jarraian egin ahal izatea eta dibertigarria izatea, izugarria da».
Nola heldu zinen animazioaren mundura?
Txikitatik izugarri gustukoa izan dut sorkuntza. Ikastetxean, gela guztietan izaten da kirolaria, ikasle fina, eta ni nintzen komikiak egiten zituena edo marrazten zuena. Galdetuta handitan zer izan nahi nuen, erantzun bera ematen nuen beti, komikiak egin edo animazio filmetan lan egin nahi nuela. Garai hartan ez nekien hori benetako lana ote zen, edo etorkizunik zuen lana ote zen, sei urte nituelako. Marraztea gustuko nuen, eta plastikan gainontzeko ikaskideek nirekin batera aritu nahi izaten zuten, ongi marrazten nuelako. Gerora hain erraza ez dela ohartzen zara. 18 urterekin ohartu nintzen horretaz, eta agian ez nuela bide egokia hautatu amesten nuen lan hura egiteko.
Web orriak diseinatzen aritu zara zu. Informatika da, diseinua ere, baina ezberdina, ezta?
Hala da, web orriak egiten nituen, eta diseinua ere egin dut. Batxilergo Artistikoa egin nuen, marraztu nahi nuelako. Informatika gustukoa nuen, eta lagun bat nuen, marrazten oso ona zena ere. Berak animatu ninduen Batxilergo Artistikoa egitera. Hala egin nuen. Animazioa ez da ikastaro, ikasketa, edota erdi edo goi mailako gradu ezagun bat, eskola publikorik ez zen nire garaian, behintzat, hori ikasteko, eta nire etxean ez zen aukerarik eskola pribatua ordaintzeko.
Diseinua eta web orrien gaineko goi mailako gradua egin nuen, eta amaitu aurretik lanean hasi nintzen. Behin lanean hasita, aukera izan nuen animazio ikastaroa egiteko. Nire helburua ez zen lanez aldatzea, gustuko nuelako ikasi nahi nuen, hobby moduan. Lana amaitzen nuenean etxera iritsi eta animazio ariketak egiten nituen. Horrela hasi nintzen.
Ez zenuela lana utzi nahi esan duzu, baina egun 3D animazio digitalean ari zara.
Bai, hala da. Diseinu ikasketak amaitu aurretik lanean nintzenez jada, animazio enpresa batean egin nituen praktikak. Harreman ona sortu zen enpresako arduradunaren eta nire artean, eta animazio ikastaroa egin nuela jakin zuenean, nirekin harremanetan jarri zen eta filma egingo zutela esan zidan, ea interesatzen zitzaidan beraiekin aritzea. Nik esan nion oraindik ikastaroa amaitu gabe nuela, baina mesedez hurrengorako abisatzeko. Hala egin zuen.
Olentzero eta Amilaren sekretua filma zen, eta bertan animazio lana egin nuen. Ilusio handiarekin egin nuen. Diseinu enpresan lana amaitu, etxera iritsi, eta animazio lanean jarraitzen nuen.
Hor jauzia egin nuen, baina hasierako lana mantentzen nuen. Garai horretan, Heriberto y Demetrio eta Teresa eta Galtzagorri filmetarako animazioa ere egin nuen. Kalitate jauzia egin nuen batetik bestera. Erabat murgildu nintzen, berriz, Kanarietatik deitu nindutenean
Cleo & Cuquin Espainiako telebistako telesailaren animazio digitala egiteko. Hamalau hilabete iraungo zuela esan zidaten, eta nik inoiz ez nuen lan egin animazio estudio batean, ordura arte etxetik eginak nituen aurreko lanak. Une horretan erabakia hartu behar izan nuen, gustura eta eroso nintzen web orrien diseinu enpresan, dena nuen. Bikotekidearekin hitz egin, enpresarekin hitz egin eta ulertu zuten probatu nahi izatea animazio munduan, eta Kanaria Uharteetan urtebetez aritu nintzen animazioan. Hori izan zen behin betiko jauzia, 2016aren amaieran. 2017ko amaiera arte izan nintzen bertan, eta itzuli nintzen, bikotekidea eta lagunak hemen ditudalako. Freelance moduan lan bila hasi nintzen orduan, autonomo gisa eta etxetik lan egiten.
Eta badirudi ez doala gaizki. Bidea urratzen ari zara, ezta?
Kanaria Uharteetatik deitu zidaten berriro, oraingoan
Snow Queen 4 filmaren animazio digitala egiteko. Azken horrek kalitate mailan jauzi handia suposatu zuen ordura arte egindakoarekin alderatuta. Hurrengo proiektua hobea izatea bilatzen dugu guztiok, lan eginez ikastea denok dugulako gustuko, eta etengabe ikasten saiatzen naizelako. Joan den hilabetera arte aritu naiz horrekin. Filma Errusian estreinatuko dute abenduan.
Oraintxe, berriz, Valentziako Hampa enpresaren proiektu bat dut esku artean. Youtuberako haurren telesaila da, eta hilabeterako lana izango dut horrekin. Hemendik kalitatezko lana egitea dudan bitartean ez dut kanpora joateko asmorik, momentuz behintzat.
Beste telesail bat dut esku artean, Brasilgo enpresa batekin, eta kalitatez izugarria da, zoratzen nau. Azken horretan 2019aren erdialdera arte izango dut lana. Brasilgo proiektuaz ez dut ezer esaterik. Esku artean beste konturen bat ere badut, baina kalitate testa egiten ari zaizkit une honetan, eta irakaskuntzarekin lotutako beste eskaintza ere badut, baina ez daudenez erabat itxita, ez dut ezer gehiago aurreratuko.
Telesailetan edo filmetan, non sentitzen zara gusturago?
Filmetarako animazioak kalitate handiago izaten du telesailetakoenak baino, ia beti. Nahiago dut, beraz, pelikuletan lan egin.
Hainbat telesail eta filmerako egin du animazio digitala errenteriarrak.
Ametsa bete duzula esan daiteke. Zein helburu duzu orain animazioarekin lotuta?
Nire ametsa beti izango da Disney edo Pixarren lan egitea, baina gaur-gaurkoz oso pozik nago lan egin nahi dudan, gustuko dudan arloan aritzearekin, animazioan, eta hemen egotearekin, nire ingurunean nireengandik hurbil. Animaziotik modu egonkorrean bizitzea ez da erraza. Fakturak ordaintzeko lan egitetik harago, egiten duzuna atsegina izatea, disfrutatzea egiten duzun horrekin, izugarria da, eta nik hala egiten dut oraintxe. Pozik nago lanarekin, asebetetzen nau egiten dudanak.
Animazioarena oso eremu lehiakorra da, eta freelance moduan lan egiten baduzu ezinezkoa da lortzea Disney bezalako proiektuetan sartzea, maila handiko pelikuletan, eta horrek inbidia pixka bat ematen dit, ezin dut ukatu. Baina beste lehentasunak ditut, gustukoa dudanean lan egin eta hurbilekoengandik gertu nago, hori nahikoa dut momentuz. Agian etorkizunean bidaiatzea tokatuko zait honetan lan egiten jarraitzeko.
Iruñera begira jarri naiz, bestalde. Urte hasieran
Dartacan filma egiten hasi dira, eta animazioa egiten hasten direnerako aurkeztu naiz jada. Ez dakit zer emango duen. Interesgarria da animazioan lanean ari den beste jende batekin lanean aritzea, lankideei iritzia eskatu ahal izatea sortu duzun horren gainean, aholkuak… Iberiar penintsulan ere kalitate handiko filmak egiten ari dira,
Mortadelo eta Filemon kasu. Gustatuko litzaidake horietakoren batean lan egiteko aukera izatea.
Etxean hasi zinen animazioan lanean, baina Torrekuan zaude egun Habian! Fabrika Kreaktiboaren barruan. Nola heldu zinen bertara?
Zazpi hilabete daramat bertan. Nire aurreko lanean ezagutu nuen Torrekua, diseinuaren parte bat bertan egin genuelako. Zertxobait ezagutzen nuen, beraz, baina ez nekien nire lanak, nire proiektuak, lekurik izango ote zuen bertan. Kanaria Uharteetatik itzuli nintzenean etxetik lanean hasi nintzen berriro, eta ez zitzaidan egokiena iruditu, etxean itxita egun osoa, ez duzu jendea ikusten, ezin duzu komunikatu. Torrekuara jotzeko gomendatu zidaten aurretik lan egiten nuen enpresako kideek. Dinamizatzen duten teknikoekin hitz egin, aukera eman zidaten, eta hemen nago. Sartzen naizenetik ateratzen naizen arte lanean nago etengabe, azkarrago noa, eta beste sortzaileekin ari naiz gainera, beste alorretan ari direnekin. Gustura nago.
Animazio lanaren zailena zer da?
Dena aldatzen dizutenean. Sortu duzun animazio horrekin, zure planoarekin pozik zaudenean, eta zuzendariak esaten dizunean aldatzeko guztia. Egunak eman dituzu, gehien gustatu zaizunetako bat da, eta hori bota eta atzera hasi beharra,oso gogorra da. Zailena da, baina horrekin ere ikasten duzu, beraz, alde positiboa badu.
Ekarpena egiteko aukerarik ez izatea ere zaila izaten da. Zuk argi duzu zerbait oso ondo geldi daitekeela, baina oso itxia egoten da dena eta nola izan behar duen esaten dizute, ez dago ekarpenetarako tarterik.
Animazio pelikula bat aukeratzekotan, zein?
Jende guztiak esango lizuke ziurrenik lehenengo animazio filma, Pixarren
Toy Story. Pila daude, baina,
Intensamente aukeratuko dut, Pixarrena da. Ez nuen asko espero pelikula horretatik, Pixarren gehienak dira oso onak, baina pelikulatzarra iruditu zitzaidan.
Animazioan lan egin nahi dutenei zein mezu helaraziko zenieke?
Gaur egun, inoiz baino errazagoa da Internet bidez aukera dagoelako, inoiz baino eskola gehiago daudelako ikasteko, eta ni neu ere hemen naiz, norbaitek zerbait galdetu nahi badit. Ametsa badute, kasu honetan animazioa, denek ezetz esaten badizute ere, saiatu egin behar dutela. Lana eta gogoarekin lortzea dago. Arlo artistikoek etorkizunik ez dutenik ez da egia, dena bezala, zure izaeraren araberakoa da, uneoro harremanak bilatzea da, galdetzea iritzia, eta hau animazioari zein beste edozeri ezar dakioke. Ametsa baduzu haren bila joan ehuneko ehunean. Uste dut denak zoriontsu izango ginatekeela gustuko dugun horretan lan egiten. Zoriontsu izan behar dugu egiten dugun horrekin.