Herrien Astea antolatu du hilaren 20tik 24ra bitartean Mikelazulo Kultur Elkarteak.
Antolatu duten erakusketaren irudietako bat.
Herrien artean harreman sareak eraikitzea ezinbestekoa dela—eta goiburu horrekin dator Mikelazuloren Herrien Astearen 24. ekinaldia. Hilaren 20an hasi eta 24ra bitartean, hitzaldi, ikus-entzunezko, ipuin kontalari, elkarretaratze, kale ekintza, erakusketa eta afaria ere antolatu ditu. Beti bezala indartsu eta elkartasunez betea dator astea, kontzientziak astindu eta hausnarketarako gonbita eginez, konpromisoak eskatzen harreman sareak eraikitzea guztien egin beharra delako.
Hilaren 20an (asteartea) hasiko da astea, gazteenei begirako ipuin kontaketarekin. Japoniako Yoshi Hioki ipuin kontalariak txundituko ditu Koldo Mitxelenako ikasleak Mikelazulo elkartean 11:00etan eskainiko duen saioarekin. Egun horretan bertan hitzaldia eskainiko du Juan Hernandez Zubizarretak. Nekropolitika goiburupean, errefuxiatuen krisiaz arituko da, eta ez dela ez berezkoa ezta koiunturala ere azalduko du, menperatze eredu ekonomiko eta sozialean sostengatzen diren jokaera estrukturalekin lotutako kontua baizik. Erantzun ahal izateko erroetara jotzea ezinbestekotzat jo du Hernandezek, “derrigortutako migrazioekin ematen diren giza zorigaitzak errepikatuko direlako, bestela”. Europako Batasunean, erakundeetatik eta eskuin muturretik elikatzen diren jarrera “lotsagabe eta ankerrak” salatzera deituko du Hernandezek bere hitzaldian, baita herritarren ekimen solidarioak biderkatzera.
Kolonbiara egingo du jauzi herrien asteak, bertan emakumeek bizi duten egoera argitara ateratzeko. Dokumentala aukeratu du horretarako,
Mujeres al frente, la ley de las mas nobles Lula Gomez zuzendariaren lana. Estatuak zenbat emakume bortxatu dituzten ez dakiela salatzen du Gomezek dokumental horretan, baita emakumeak, gerra harrapakin bihurtu direla: “Paramilitarrek eraman dituzte gure semeak, eta ahiek erreskatatzera joan gara. Borrokan etengabe ari gara, laguna hobiratzeko hilkutxaren bila joan ginenetik”. Gomezen hitzak dira horiek.
Harrera sareen errealitatea
Herriz herri herritarrek sortutako harrera sareen errealitateak ere izango du tartea astearen barruan. Zehazki, Artean, Irunen, Donostian, Baionan… sortu dituzten harrera sareen berri ematera etorriko dira Erreneria-Oreretara, beren esperietza konpartitzera.
Kale ekintza antolatu du hilaren 24an GOT Grupo Oarso Taldeak, Mediterraneoa Gogoan. Helburua galdera zehatza helaraztea instituzioei, “nora begira zaudete?”. Bat egin dute deialdiarekin, SOS Arrazakeria, Harrerako Sare Herritarra Donostia-Irun, OngiEtorri rrefuxiatuak, Zaporeak, Oreretako Mugimendu Feminista, Amnistia Internacional, Intermon Oxfam, Salvamento Marítimo Humanitario eta Banco Obrero Donostiak. Elkarretaratzea egingo dute ondoren
Heriotza guztiak, heriotza bakarra lelopean Lanpedusaren mosaikoaren ondoan. Eta eguna zein aurtengo astea amaitzeko berriz, Boli Kostako afaria egingo dute Txintxarri elkartean Irungo Harrera Sarearekin batera antolatuta. Afarirako erreserbak Mikelazulora deituta (943 51 70 02) egin daitezke ostiraletan 17:00etatik 20:00etara; eta larunbata eta igandetan 09:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Migrazioaren lekukotza, ikastetxeetara
Astearen barruan migrazioak zer suposatzen duen, zerk bultzatzen dituen erabakia hartzera, bidaiaren gogortasuna erabakia hartzen denetik, bidean harrapatutako oztopo guztiak, instituzio gehienen indiferentzia lehen eskutik kontatuko du Gineako Ibrahimek. Horretarako Errenteria-Oreretako ikastetxeak aukeratu dituzte, bertan kontatuko die hori guztia Afrikatik gurera heldu berri den gazteak.
Erakusketa ere ez da faltako.
Vivir defendiendo derechos: 20 relatos graficos por la defensa de los derechos humanos bortizkeria eta arrisku egoerei aurre eginez egunero eskubide sozial, politiko, ekonomiko, ingurumen, sozial, kultural defendatzen ari diren pertsona, elkarte, eta komunitateen omenez egindako erakusketa. Hogei esperientzia bildu dituzte bertan, bost lurraldeetan jasotako testigantza grafikoak: Mexiko, Honduras, Guatemala, Kolonbia eta Palestina.
Egitaraua
- Hilak 20, asteartea: Yoshi Hioki ipuin kontalaria 11:00etan Mikelazulon; 19:00etan, hitzaldia Nekropolitika Juan hernandez Zubizarretarekin Mikelazulon.
- Hilak 22, osteguna: Mujeres al frente, la ley de las mas nobles Lula Gomez zuzendariaren dokumentala, 19:00etan Mikelazulon.
- Hilak 23, ostirala: Herriz herri harrera sareak mahai ingurua, Artea, Irun, Donostia, Baionako esperientziak partekatzeko. 19:00etan Mikelazulon.
- Hilak 24, larunbata: 17:00ean Mediterraneoa Gogoan kale ekintza panierren; 18:00etan, Heriotza guztiak, Heriotza bakarra elkarretaratzea Lanpedudsa mosaikoaren ondoan; 21:00etan, Boli Kostako afaria Txintxarrin.
- Astean zehar Gineatik heldu berri den Ibrahimek solasaldiak egingo ditu herriko ikastetxeetan migrazioaren lekukotza emateko. Vivir defendiendo derechos: 20 relatos graficos por la defensa de los derechos humanos erakusketa.