Sanpedrotarra KE haserre dago, CD Trintxerperekiko gutxietsita sentitzen da, udal gobernuak Andonaegiko zelaiaren erabileraz hartu dituen erabakiak medio.
Sanpedrotarraren zaleak, Andonaegin, talde morea animatzen.
Sanpedrotarra Kirol Elkarteak oharra bidali du hedabideetara, haserre, Andonaegiko futbol zelaiaren erabileran gutxietsita sentitzen direlako: “Nahikoa da!”, esan dute.
CD Tintxerpek eta Sanpedrotarra Kirol Elkarteak futbol zelai horren erabilera partekatua dute. Batetik, San Pedroko taldearen arduradunek adierazi dute “umiliatuta” sentitzen direla Erregionaleko taldearen —talde nagusiaren— entrenamendu egunak azaro erdialdean aldarazi zizkielako udalak, “aurretik udalak eta futbol elkarteek adostutakoa ez du errespetatzen erabaki horrek, eta Andonaegiko kirol instalazioak erabiltzeko beharra dugun taldeen banaketa logiko eta bidezkorik ez du egiten, beti ere CD Trintxerperen mesedetan aritzeko, noski”.
Gainera, Gazte Mailako taldea udan zehar Don Boscoko zelaian entrenatzen egon dela jakinarazi dute sanpedrotarrek, “horretarako inolako arrazoirik egon ez denean, ez badira CD Trintxerperen kapritxo hutsak”.
“Jarrera baztertzailea”. Hori egotzi dio Sanpedrotarrak udal gobernu taldeari: “Gure historiak, gure zaleek eta gure herriak ez dute hori merezi eta guztientzako justua eta bidezkoa den jarrera defendatzeko erabaki irmoa hartu dugu”.
Aldi berean, CD Trintxerperen zuzendaritzako hainbat kidek duten jarrera “baztertzaile eta oztopatzailea” salatu du talde moreak, baina nabarmendu dute Trintxerpeko klubarekin ez dutela inolako arazorik, “bere jokalariek, entrenatzaileek eta zaleek gure errespetua merezi dute. Guk soilik kirolean garaitu nahi dugu, lehia sanoan, hezitzailean, gure kirolaren baloreak errespetatuko duen garaipena”.
Sanpedrotarra Kirol Elkarteak udaleko talde politikoei eskatu die arazoaren aurrean jarrera garbia har dezatela, “udal gobernu taldeak hartu duen erabakia bertan behera uztea eska diezaiotela esan nahi diegu, eta denok tratu justu eta bidezkoa izateko dugun eskubidea bermatzeko hartu beharreko neurriak har ditzatela”.
Taldeen entrenamenduei dagokienez, sasoi honen hasieran ezarri ziren ordutegiak jarraituko dituztela esan du San Pedroko kirol taldeak.