Doako sexu aholkularitza zerbitzua da Azalean. 13 urtetik gorako herritar orori begirakoa.
Itziar ostolaza eta Olatz Berastegi gaurko agerraldian.
Azalean, sexu aholkularitza udal zerbitzua berriz ere martxan da. Gaurtik hasita zabalduko ditu ateak berriro, eta aldaketekin dator. Horien berri eman dute gaur Itziar Ostolaza Gazteria zinegotziak eta Olatz Berastegi zerbitzuaren koordinatzaileak. Doako sexu aholkularitza zerbitzua da Azalean. 13 urtetik gorako herritar orori begirakoa. Iazkoa proiektu esperimentala izan zela, eta aurten “osatuagoa” dela azaldu du Ostolazak. Errenteriako Udalarentzat sexu heziketak garrantzia berezia duela esan du: “Egunero ohartu beharko bagenu ere, atzo, azaroaren 25a izanik konturatu ginen gurean zenbat sexu eraso ematen diren, eta horiei aurre egiteko moduetako bat hezkuntzan inbertitzea da, hezkuntza proiektuetan ikuspegi hezitzaile batetik indarra egitea, eta horretan oinarritzen da sexu hezkuntzan lanketa egitea, sexu ikuspegitik balioetan lan egitea txikitatik hasi eta helduetaraino, herri osoari dagokiolako gai hauetan hezten jarraitzea”.
Herritar guztiei irekia bada ere, bereziki, begirada nerabe eta gaztetxoenengan jarri nahi izan dutela zehaztu du Ostolazak, “uste dugulako badela adin tarte bat sexu heziketan esperimentazio handia eta interesgarriak hasten direla, eta beharrezkoa iruditzen zaigu heziketa hori gazte gaztetatik modu osasuntsu batean ulertzea”.
Banaka, bikoteka, taldeka, aholkularitza zerbitzuak eskainiko die gazte horiei, eta ez hain gazteei, behar duten laguntza edo aholkularitza.
Berastegik azaldu ditu berrikuntzak. Arreta irekia eskainiko du Azalean zerbitzuak, “bereziki arratsaldetan izango da 18:00etatik 20:00etara eta agendarekin antolatuko dugu, hitzordua eskatuta.
Posta elektronikoa ere izango dute eskura erabiltzaileek, eta whatsapp bidez, berriz arreta zuzena jasotzeko aukera izango dute. Horrek bermatuko du ia 24 orduko zerbitzua izatea”. Mugikorra eta whatsapp bidezko zerbitzua da aurtengo berrikuntzetako bat.
Ikastetxeei ere eskainiko diete zerbitzua lanketa ezberdina izango bada ere Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Hori zerbitzuak izango duen beste berrikuntza. Horretarako ordu kopura bera duen poltsa eskaini die Azalean zerbitzuak ikastetxeei, “ikastetxe bakoitzak erabakiko du zein arreta edo zerbitzu mota nahi duen, bakoitzak eta adin tarte ezberdinetan beharrak ezberdinak direlako”, azaldu du Ostolazak.
Tratu onei espazio ematea dela helburua gaineratu du Berastegik, “hezkuntzatik tratu ona eta sexuen arteko elkarbizitza sustatzea da helburua, neska eta mutilen arteko sinergiak lortzea, gure hartu eman horietan sentitzea asko daukagula elkarri emateko. Guretzat oso inportantea da lantzea tratu ona, sinergiak eta ikuspegi sistemikoa, hau da zer harreman mota ari garen eraikitzen eta harreman hori bideratzea. Baina baita ere, norbanakoarekin lotura dutenak, identitatea eta autoestimua adibidez”.
Lantaldea osatzen duten kideak profesionalak direla nabarmendu dute gaurko aurkezpenean. Zehazki, psikologia, berdintasunean eta sexologian adituak dira baita terapia sistemikoan ere, eta
Harreman elkarteko kideak dira.
Iaz jarri zuten martxan zerbitzua eta “kosta” egin zaiela aitortu du Ostolazak: “Hasierak zailak dira, gai tabua izan da sexualitatearena gizartean, eta kosta egiten zaigu hurbiltzea aholkua eskatu edo gure beharrak asetzera. Gaztelekuetan, ikastetxeetan, ludoteketan egin genituen saioak, eta oso emaitza onak eman zituzten. Hortik abiatuta planteatu ditugu aurten aldaketak. Denon lana da, baina ea lortzen dugun apurka sexu heziketaz hitz egiterakoan gaia sozializatzea, ahalik eta modurik naturalenean hitz egitea, balio positiboen ikuspegitik. Zerbitzu honen helburuetako bat ere bada hori, arreta ematea, aholkua ematea, baita gaia kaleratzea eta erdigunean jartzea”.
Gaurtik eskatu daiteke hitzordua Azalean zerbitzuan. Horretarako
posta elektronikoa,
webgunea edota arreta presentziala zitarekin (943 44 96 06) ostegunetan 18:00etatik 20:00etara baliatu daitezke. Azken hori Merkatuzarren eskaintzen dute. Whatsappa nahiago dutenek, 617 42 07 30 telefono zenbakia dute eskura.