Lurdes Sistiaga: "Lehenengo hitza euskaraz egin behar dugu beti, hori da gakoa"
Gaur jasoko du Oarsoarrak Saria Lurdes Sistiaga sanjuandarrak. Euskararen aldeko lana izan du bere bizitzaren ardatz, jarrera baikor eta eraikitzailearekin.
Oarsoarrak Saria jasoko duzu gaur bertan. Zein izan zen lehen sentsazioa sariaren berri izan zenuenean?
Lagun batek esan zidan, ‘nik hartu dudan pozaren erdia hartzen baduzu izugarria izango da’. Ez nekien zertaz ari zen. Orduan aipatu zidan, Oarsoarrak Sarirako nire izena azaldu zela. Harrituta gelditu nintzen, ez nekielako nork eraman ote zuen nire izena hara, eta zergatik saritu behar ninduten.
Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuaren buruak deitu zidan gero, Joxe Luix Agirretxek, eta berak ziurtatu zidan hala zela, Oarsoarrak Saria jasoko nuela. Izana nintzen ekitaldian aurretik, Mikel Astarlozari eman ziotenean eta beste batzuetan, baina nik ez nuen espero inondik inora ere nik halakorik jasotzea. Zur eta lur gelditu nintzen, ni ez naizelako ezaguna, nire inguruan ez bada. Nire ibilbideagatik aukeratu nautela esan zidan Agirretxek, ikastolan ibilia naizelako, euskal giroan ibiltzen naizelako, kantu jiran… Hori dena egia da, baina ezer merezi dudanik horregatik, beste kontu bat da.
Harridura bai, baina aitortza horrek poza ere eragingo zizun, ezta?
Bai noski. Hasiera batean harridura sortu zidan, baina poza ere eragin dit sariaren berriak.
Pasaia-Lezo Lizeoan egin duzu ibilbidea irakaskuntzan. Nola oroitzen dituzu hasierako garaiak bertan?
Esan zidatenean ea ikastolan hasiko nintzen ez nuen batere garbi ikusten, ‘baina nola hasiko naiz, ez dut ikasketarik eta’, esan nien proposamena egin zidatenei. Euskara banuela eta haurrak maite nituela erantzun zidaten, eta ni, ikastolan hasi. Hasita, ikasketak egin nituen, lanean nintzen bitartean magisteritza egin nuen.
Gauzarik ederrena izan da niretzat prozesu hori. Ikasketek, helmuga bat markatu zidaten, nonbaitera heldu naiz, ahalegina egin dut, eta horrek asebetetze pertsonal handia eragin dit. Polita da sentsazio hori.
Ikastolan lan egitea, berriz, aparta izan da. 30 urte eman ditut Pasaia-Lezo Lizeoan, gehien bat Haur Hezkuntzan Pasai Donibane eta San Pedro artean. Ez nuke ezerengatik aldatuko esperientzia hori, izugarri garrantzitsua izan delako niretzako. Gerora ikastolako guraso eta amona izatea ere tokatu zait. Ibilbide hori amaitu duzu, baina euskararen irakaskuntzarekin jarraitzen duzu egun.
Adinekoekin eskola batzuk ematen ditugu, jubilatuen egoitzan. Bi talde dira, 10-12 lagunekoa bakoitza, eta asteko bi egunetan ordubeteko saioa egiten dugu. Oso gutxi da, baina giro ona sortzen da gure artean, eta euskaraz aritzen gara, euskal gune bat da. Kalean bai, eguneroko bizitzan nire hizkuntza euskara da, eta ez dakitenekin lehenengo hitza, behintzat, beti euskaraz egiten dut. Gauza berezirik egin gabe, kontu txikietan ibiltzen naiz euskara zabaltzen. Inurri lana da egiten dudana.
Kantu jirako partaide ere bazara. Kantua ere gustuko, eta hori ere euskaraz?
Bai, duela sei urte hasi ginen kantu jira egiten Donibanen eta hasieratik naiz ni taldekide. Gustura nabil. Euskaraz abesten dugu bertan, eta horrek ere egiten dio ekarpena euskarari, gure hizkuntzari.
Nola ikusten duzu euskararen egoera Donibanen?
Beno, hobetu daitekeela uste dut. Ez dakit okerrera egin duen, baina haurren artean, adibidez, ikusten dut irabazten ari dela dezente gaztelera. Helduen artean ez dut uste galdu denik euskara, gurasoen garaian ere dezente egiten zutelako gazteleraz. Gaur egun ere hala egiten dute heldu askok beren artean, gazteleraz, baina ez lehen baino gehiago. Haurren artean, ordea, gaztelera gehiago sumatzen dut.
Eta zergatik, euskara dutenen kasuan behintzat, gaztelerarako joera hori?
Garai batean ezin genuen hitz egin euskaraz, debekatuta genuen, eta beldurra tartean ere izan da. Horrek eragin handia izan du. Bestalde, errazenera jotzeko joera ere badago, aurreiritziengatik edo, gazteleraz egiten dugu ezezagun batengana jotzen dugunean, euskaraz jakingo ez duelakoan, dakienik ere pentsatu gabe, eta euskaraz ez dakitenei ere, lehen hitza beti gazteleraz egiteko joera dugu. Lehenengo hitza euskaraz egin behar dugu beti, hori da gakoa. Gaur egun ari gara konplexu horiek gainditzen, nire ustez, eta tartean TELP ikastaro bat [hizkuntza ohiturak aldatzeko baliabideak ematen dituen ikastaroa da] egiten badugu, errazago eutsiko diogu euskarari. Aktiboago aritzeko tresnak jasotzen dituzu ikastaroan.
Zergatik ari zara parte hartzen Euskaraldian?
Beharrezkoa ikusten dudalako. Esperantza dut indar handia eragingo dugula, eta euskararen gaia bideratuko dugula. Ez da egun batetik bestera izango, baina uste dut halako iniziatibak garrantzitsuak direla, euskarari behar duen eta nahi dugun lekua emateko.
Gaur jasoko duzu Oarsoarrak saria. Nola joango zara bertara?
Dardara batean seguru [barrezka], baina pozik eta harrotasun puntu batekin. Eta hori guztia nire ingurukoekin partekatuko dut, ni bakarrik ez naizelako ezer, inurri txiki bat baino.
Oarsoarrak Sariak gaur banatuko dituzte
Norbanakoen atalean Lurdes Sistiaga sanjuandarrak jasoko du aitortza nagusia Oarsoarrak Sarien banaketan, eta Oiartzungo Intxixu Trail eta Lezoko Lezo-Jaizkibel mendi lasterketak ere nabarmenduko dituzte. Sari emate ekitaldia gaur izango da, Errenteria-Oreretako Merkatuzarren, 19:00etan hasita. Ekitaldi irekia da, edonor joan daiteke.
Oarsoarrak sarien epaimahaia Oarsoaldeko lau udalek, Oarsoaldeko AEK-k, Oarso Bidasoko Hitza-k, Errenteria-Oreretako Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak, Errenteriako Udal Euskaltegiak eta Oiartzungo Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak osatzen dute. Hainbat proposamen aztertu dituzte, eta horien artetik lehen aipatutakoak onetsi egin dituzte aurtengo sariak emateko.
Euskararen aldeko lana izan da Sistiagaren bizitzaren ardatza, ez bakarrik ikasgelan, herrian ere. Ezagutzen duten guztiek, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak nabarmendu duenez, bere jarrera baikor eta eraikitzailea aitortzen dituzte gauza guztien gainetik, «besteekiko goxotasuna da bere marka».
Lezo-Jaizkibel mendi lasterketa otsail aldean eta Intxixu Trail ekain aldean izaten dira. Biak ala biak euskaraz antolatzen dituzte, hasi eta buka. Antolaketa osoaz gain, eguneko bozgorailuetako mezu eta ohar guztiak euskaraz egiten dituzte, euskarari kirolean normaltasun osoa emanez.
Lezoko lasterketa Lezotarrak Lasterkari Taldeak antolatzen du; Oiartzungoa, berriz, Girizia Intxixu Trail taldeko kideek.