Oinez, osasuntsuago
Metrominuto aurkeztu du Errenteriako Udalak. Ibiltzeko ohitura sustatu nahi du, iraunkorragoa eta osasungarriagoa delako.
Errenteriako puntu batetik bestera zenbateko distantzia dagoen, eta oinez hura egiteko zenbat denbora behar den erakusten duen mapa diseinatu du Errenteriako Udalak. Metrominuto du izena, eta helburu zehatza, mugikortasun ohitura iraunkorrak eta osasungarriak sustatzea herritarren artean. Jon Txasko Kirol zinegotziak eta Bernar Lemos Hirigintza zinegotziak aurkeztu dute Errenteriako Metrominutoa. “Metro lineen antzeko mapa bat da, Errenteriako maparen irudikapen eskematikoa, eta kale eta etorbide nagusiak eta interes gune diren puntuak irudikatzen ditu, puntu horien guztien arteko distantzia adierazita, metro eta minututan”, azaldu du Txaskok. Herriko toki ezagunen artean dagoen distantzia nabarmentzea du helburu, “leku jakin batera oinez joateko behar dugun denbora baldin badakigu, errazagoa delako modu horretan joatea. Horrenbestez, ibiltzeko ohitura sustatzen duen elementua da”. Oinez ibiltzeak osasunarentzat dituen onurak gogorarazi dituzte, ondoren: “Ikerketa ugarik egiaztatzen dute egunero oinez ibiltzeak gaixotasun kardiobaskularrei aurre egiten laguntzen duela, forman egoten eta ona da buruko osasunarentzat ere. Gainera, oinez ibiltzeak ez du kutsatzen, doakoa da, eta Errenteria leku bizigarriagoa egiten laguntzen du”. Ibilgailuan baino azkarragoa dela oinez joatea herrian barrena nabarmendu du Txaskok, eta hala erakusten duela mugikortasunaren astearen barruan egiten duten azterketa gaineratu du, “Bizikleta da azkarrena, oinez joatea bigarrena, eta autoa hirugarrena. Izan ere, autoan behar denborari, aparkalekua aurkitzeko behar izaten dena gehitu behar zaio”. Metrominuto iazko ekainean Errenteriako Udalak onartutako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Integralaren barruan kokatu dute Lemos eta Txaskok, “plan horrek hainbat tresna behar ditugula jasoa du, hirigintzaren eremuan bizitza aktiboa sustatzeko eta hiri osasungarri bat egin dezagun”. Mapak dagoeneko eskuratu daitezke udaletxean, eta azaldu dutenez, kokapena zehazteke badago ere, bi panel handi jarriko dituzte herriko bi puntutan.