«Nik galdera planteatzen dut, baina erantzunik ez daukat»
Xabier Etxaniz Rojok asteartean aurkeztuko du Pasai Antxoko bibliotekan 'Denok gara Google', solasaldi baten bitartez, lagunartean.
Bilatzaile ezagunenaren izena erabili duzu zure azken liburuko pertsonaiak biltzeko. Zer dela eta?
Nobela bakarra da, baina bi istorio daude, eta bietan pertsonaiek zerbait bilatzen dute. Gaur egun dagoen bilatzailerik ezagunena Google da, eta erraza da lotzea bilatzailea eta bi pertsonaiek bilatzen dutena.
Bila dabiltzan pertsonaiak dira, baina zeren bila?
Hasieran bi protagonista daude, bi istorioei lotura ematen diotenak. Agertzen da idazle bat, ospetsua, arrakastatsua, Euskadi Saria bitan irabazi duena eta Iñigo Ormazabal izena duena… Halako batean topatu da ziberespazioan emakume batekin, eta hasi da berarekin hizketan. Emakume hau ezezaguna da, baina idazlea ezaguna. Oso gustura daude eta Ormazabalek jakin nahi du Oianko ezizenaren atzean dagoen emakumea nor den. Hori da lehenengo partea.
Bigarren partean agertzen da Maria, Iñigoren maitalea. Mariak bere amak aurkitu nahi duen pertsona bat bilatzen du. Bere ama 80 urteko amona da eta eman dio enkargu hori bere alaba Mariari. Mariak aurkitu behar du Frantsesaren semea ezizena duen pertsona bat, amaren bizitzan pertsona inportante bat izan zena.
Bigarren istorioa 1936. urtean hasten da, gerran. Donostian faxistak sartu zirenekoa agertzen da, eta hortik abiatzen da istorioa. Gerra agertzen da pasarte batean, baina maitasun istorio bat dago tartean, eta maitasun istorio horrek urteak irauten ditu, hau da, ez da bakarrik gerra, baizik eta gerraostea ere bai.
Bi istorio, biak oso garai desberdinetan girotuak: orainaldian bat, eta 1936ko Gerra garaian bigarrena. Zer dela eta?
Bi istorioak lotzen dira Iñigo Ormazabal eta Mariaren harremanaren bitartez. Bi maitale dira, hoteletan elkartzen dira eta ahal dutena egin eta gero, beti erretzen dute. Horregatik azaleko kea. Irudi hori, bi maitaleak hotel batean elkartzen direnekoa, askotan agertzen da liburuan, bi istorioak batuz.
Pertsonaia inportanteenak, hala ere, Oianko eta Libia dira. Oianko da Whatsapparen beste aldean dagoen emakumea, eta hasieran ez dakigu ezer berari buruz; ez zergatik jokatzen du jokatzen duen bezala, ez eta nor den ere… Hori ez dakigu eta hori da bilatu behar duena Iñigok. Bigarren istorioan benetako protagonista, berriz, Libia da, Mariaren ama.
Harremanak dira askotan zure narrazio eta ipuinen ardatz, eta kasu honetan ere hala da, baina harremanak perspektiba berri batetik landu nahi izan dituzula esan duzu. Zergatik?
Ereinekin ateratzen dudan zazpigarren liburua da hau, guztira bederatzigarrena, eta maitasunezko istorioak beti egon dira nire bibliografian. Ipuin askotan agertu izan dira bikoteen arteko harremanak, maitasun istorioak… Ereinekin argitaratzen hasi nintzenean ez zen existitzen ez Whatsapp, ez Google ez Twitter, ez Tinder… eta iruditu zitzaidan interesgarria nolabait maitasun istorio horiek gaur egungo tresneriarekin irudikatzea. Hori izan zen abiapuntua.
Ipuin bat balitz bezala abiatu nintzen, baina jakin gabe nora nindoan. Geroago sortuko ziren bigarren istorioa eta biak lotzeko modua.
Liburu honek galdera bat uzten du airean, eta akaso zuk, liburua idatzita topatu duzu galderaren erantzuna. Zer da hobea, topatzea edo ez aurkitzea?
Ez, nik galdera planteatzen dut, baina nik erantzunik ez daukat. Bakoitzak bilatu behar du berea. Bada lelo bat bi istorioetan agertzen dena, nobela osoan zehar airean dagoena. Bilatzen dugu, aurkitzen dugu, eta gero: zer egin informazio berri horrekin? Izan ere, aurkitu eta gero egoera horrek beste toki batean jartzen gaitu eta orduan, zer egin? Zer da hobea? Ezagutzea egia edo ez ezagutzea? Nik ez daukat erantzunik. Ez zara, hala ere, lehena hori galdetzen didana, baina azken batean idazleok idazten dugu, galderak planteatzen ditugu eta gero irakurleak erabaki beharko du nola erantzun galdera horri.
Kearen irudia aipatu duzu lehen, eta kea agertzen da baita ere liburuaren azalean. Zeren metafora gisa?
Ideia dator Iñigo eta Maria elkartzen direnean beti erretzen dutelako, baina editoreak aurkezpenean aipatu zuena metafora interesgarria iruditzen zait, kea pertsonaiek ezkutatzen dutenaren metafora gisa.
Azala oso polita da, asko gustatu zait eta oso pozik nago harekin.
Bederatzigarren liburua duzu honakoa. Honen aurretik idatzi zenuen azkena eleberri bat izan zen, Waterloo-n galdutakoak. Baina oraingoan narrazioetara itzuli zara, ipuingintza erosoen zaizun generoa dela berretsita.
Niri iruditzen zait ez direla bi ipuin. Nobela bakarra da, pertsonaiek eta bestelako elementuek lotuta. Ez dut inolako problemarik esateko ni ipuinlaria naizela, baina egia da, gero eta istorio luzeagoak ateratzen zaizkidala. Ez da gauza bat bilatzen dudana. Hasieran zailtasunak nituen 20 orrialde idazteko eta gaur egun, jartzen naizenean, oso erraz iristen naiz kopuru horietara. Ofizio gehiago daukat, horrela ateratzen da, eta kito. Ez diot buelta handirik ematen horri.
Donostian aurkeztu zenuen liburua lehengo astean, eta datorren asteartean aurkeztuko duzu bigarrenez, Pasai Antxoko bibliotekan (19:00).
Pasaiako liburuzainen gonbidapen bat izan da. Pasaiako Irakurle Kluba zuzentzen dut eta azken hiru urte hauetan harreman handia izan dut hango liburuzainekin. Komentatu zidaten aukera eta aurrera atera da, baina aurkezpena baino, nik uste dut solasaldi moduko bat izango dela, galdera-erantzunekin.
Egun gutxi ditu liburuak kalean, baina orain arteko harrera eta kritikekin kontent zaude?
Bai, bai,… oso pozik. Orain arte lagunek irakurri dute gehienbat, edo hori da behintzat iritsi zaidana. Konfiantzazko irakurleek esan didatena garrantzi handia du niretzat, idatzi dudan guztia irakurri duten pertsonak direlako. Hortik aurrera, jendeak nire liburua irakurtzen hiru ordu gustura ematen baditu, niretzat oso pozgarria izango da.
Liburu -fitxa
Liburua. Denok gara Google.
Egilea. Xabier Etxaniz Rojo.
Bilduma: Narratiba, 116.
ISBN-a: 978-84-9109-445-6.
Argitaletxea: Erein.