Maite Peña: "Anbizio handiko proiektu egingarria dugu Errenteriarentzat"
Errenteriako Udalerako hautagaitza aurkeztu duten bost alderdietako alkategaiak elkarrizketatu ditu HITZAk. Honakoa elkarrizketa horietatik bigarrena, Maite Peña EAJren alkategaiari egindakoa.
Errenteriako Udalerako hautagaitza aurkeztu duten bost alderdietako alkategaiak elkarrizketatu ditu HITZAk. Sei galdera erantzun dituzte, guztiek berberak. Hurrenkera, indar politiko bakoitzak duen ordezkaritzaren araberakoa izango da. Honakoa, elkarrizketa horien artetik bigarrena, EAJren alkategaia den Maite Peñari egindakoa.
Zergatik bozkatu behar zaituzte herritarrek?
Herriak aldaketa bat behar duelako eta guk badugulako horretarako anbizio handiko proiektu egingarri bat, gogoz eta ilusioz lan egiteko prest dagoen talde sendo bat eta kudeaketa eraginkorraren bermea den alderdi bat. Gure proiektuaren oinarrian errenteriarrak daude. Herritarren bizi kalitatea hobetzea eta lan aukerak areagotzea dira gure proiektuaren helburu nagusienak. Horretarako, 60 proposamen zehatzetik gora jasotzen dituen programa dugu, Errenteria geldialditik atera eta etorkizunari bidea emateko.
Alkate bazara zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Gure herrian konpontzeko larritasun gehien duten gaiak segurtasuna, garbitasuna, trafikoa, aparkalekua eta langabezia dira herritarrek helarazi digutenez. Arazo horietako batzuentzat epe motzeko neurriak hartzen hasi gaitezke, segurtasunaren kasuan, esaterako txoke planak martxan jartzea proposatzen dugu arazo konkretu eta eremu gatazkatsu bakoitzeko epe motzean, nahiz eta epe ertain eta luzera ere gai honen inguruan neurriak hartu beharko ditugun. Beste gaiei dagokienez, neurriek ezingo dute izan hain epe motzera, baina garrantzitsua izango da edozein kasutan irtenbideak lehen egunetik lantzen hastea.
Azken bi agintaldietan Errenterian elkarbizitza eta bakegintzan zabaldutako bidea jarraituko duzue? Nola?
Bide horri jarraipena ematea zor diogu gure herriari, baina ez bidea jarraitzea soilik, sakontzea eta pauso handiagoak ematea baizik. Kontsentsuei eustea ezinbestekoa izango da, baina ezin dugu bidean lo geratu eta pauso handiagoak emateko garaia iritsi dela uste dugu. Horretan saiatuko gara, kontsentsuei eutsiz pauso handiagoak ematen. Zalantzarik gabe gai honen inguruan gure herriaren ibilbidea eredugarria izan da. Alderdi guztiok egindako lanak zer ikusi handia izan du, noski, baina baita herritarrek bizikidetzaren alde eginiko apustuak ere.
Mugimendu feministak presentzia nabarmena izan du, eta indar handia duela erakutsi du azken bi urteetan batez ere. Indarkeria matxistak ez du etenik, zoritxarrez, eta neurri asistentzialetatik harago, neurri integralak eskatu ditu mugimendu horrek indarkeria matxista ezabatzeko. Nola erantzungo diozue horri?
Indarkeria matxista desagerrarazteko oinarrizkoa da, batetik, emakumea desberdintasun egoeratik ateratzeko neurriak hartzea eta, bestetik, gizartea berdintasunean heztea. Gizarte guztia inplikatu eta erakunde arteko lana indartu behar dugu. Hezkuntza, sentsibilizazioa, kontziliazioa, erantzunkidetasuna, emakumeen ahalduntzea, bide horretan sakonki landu beharreko gaiak dira. Berdintasun politikek zeharkakoak eta integralak izan behar dute, erakunde eta esparru desberdinak bere baitan hartzen dituztenak eta erakunde arteko koordinazioa funtsezkoa da horretarako.
Indar handia duela erakutsi duen beste kolektiboa jubilatuena da. Urteak darama kalean hileko lehen astelehenero pentsio duinak, zahartzaro duina bermatzeko neurriak eskatzen. Nola helduko diozu gai horri?
Gizarte baten maila, ahulenak zaintzeko duen eraren arabera neurtzen da. Zentzu horretan, gure gizartea gero eta zaharragoa dela errealitate bat da eta adinekoen kolektibok dituen beharrak, ondorioz, gero eta handiagoak. Zahartzaroaren erronkari aurre egiteko, prebentzioan lan egin eta etxeko arretan sakondu behar dugu. Horretarako, beharrezkoa izango da zahartzaroari zuzendutako udal baliabideak areagotzea, zainpeko apartamentuak, etxez etxeko arreta, eguneko arreta… Bestalde, pentsioei dagokienez, udaletik ezer gutxi egin dezakegu. Gure alderdiak behin eta berriz eskatu du pentsioen transferentzia, bertatik kudeatu ahal izateko, baina hori lortzen ez den bitartean, pentsio txikienak osatzen ditu Eusko jaurlaritzak diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez eta EAJ izan da azken urteetako pentsioen igoerarik handiena negoziatzea lortu duen alderdia.
Aurreikusi daiteke emaitzak “estuak” izan daitezkeela. Itunetarako ateak zabalik al dituzue? Norekin?
Azken aldian askok egin didate galdera hori. Argi dago, gure alderdiak beti izan dituela itunetarako ateak zabalik, urteetan zehar erakutsi dugu desberdinekin akordiotara iristeko dugun gaitasuna. Alderdi sozialistarekin gobernuan egon izan gara, baina EH Bilduk alkatetza lortzea ere ahalbideratu genuen orain 8 urte. Lehenik herritarrena izango da txanda, beraiek jarri beharko gaituzte bakoitza dagokigun lekuan eta ondoren guri tokatuko zaigu herritarrek helarazten diguten mezu hori entzutea eta entzundakoaren arabera erabakiak hartzea, Errenteria eta errenteriarrak beti lehentasun izanik.