Nere Mujika: «Nire zuhaitza euskara da»
Oarsoarrak Euskararen Saria jasoko du gaur, Donibanen egingo den ekitaldian, errenteriarrak. Bere bizitzeko eraren enbor nagusia euskara dela dio, eta hizkuntzaren adar askori egin dio ekarpena.
Bizi-bizi hitz egiten du Nere Mujika Casares Herreran jaio eta ezkondu ondoren errenteriartu zen emakumeak. Bizi-bizia du ere begirada, atsegina. Galderak bizkor erantzuten ditu, irribarre batekin, baina ziur da esaten duenaz, oso. Gaur, Oarsoarrak Euskararen Saria jasoko du Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan 19:00etatik aurrera egingo den ekitaldi irekian. Oarsoaldeko Euskara Batzordeko epaimahaiko kideen arabera, «euskaraz mamitutako bizitza baten eredu argia da. Alor askotan aritu den eta ari den arren, euskara du beti erdigune». Hitza harekin izan da. Gustura.
Oarsoarrak Euskararen Saria jasoko duzu. Zer sentitu zenuen saridun zinela esan zizutenean?
Alde batetik poza, saria delako. Eta beste alde batetik, pentsatzen dut badaudela pertsonak nik adina merezi dutela saria. Niri emango didaten, baina denen saria da.
Urte luzez euskararen aldeko zure inurri lana da sarituko dutena.
Bai, bai. Pentsatzen dut hala dela, eta eskerrak eman behar ditut. Nire zuhaitza euskara da, baina adar asko ditu. Adar horien artean daude bertsolaritza, mintzalagun bezala ibilitakoa naizela, hainbat aurkezpen euskaraz egin ditudala, itzulpen lanean ere aritutakoa naizela, euskal dantzetan buru-belarri nabilela [Beti Prest taldearen sortzaileetakoa da], kantu jiran zer esanik ez, Patxiku Zelaia emakumeen elkartean ere euskal dantzen arduradun naiz… A! Eta whatsappak ere, ahal dudan guztietan, euskaraz egiten ditut!
Euskarazko antzerkiak ikustera gustura joaten naiz. Begira, aurrekoan sorpresa on bat hartu nuen. Errenterian antzeztu behar zuten Zaldi urdina obrarako sarrerak erostera joan nintzen, eta esan zidaten agortu egin zirela. Esan nien triste eta pozik joaten nintzela etxera. Triste antzerkia ezin izango nuelako ikusi, baina pozik euskarazko antzerkia izanda, sarrerak agortu egin zirelako.
Korrikan bitan eraman dut lekukoa, Kilometroetan eta antzerako jaietan parte hartzen dut… Saiatzen naiz denetik egiten.
Gazte zinela, Hernaniko Pagoaga auzoko eskolan irakasle izan zinen. Frankismoaren aroaren erdi-erdian.
Bai, baina oposaketak egin baino lehen, Donostiako Mirakruz gaineko La Asuncion mojen ikastetxean izan nintzen. Oposaketak egin, eta urtebetez herriko Biteri Eskoletan egon ondoren iritsi nintzen Hernaniko Pagoaga auzoko eskolara. Beti esaten dut nire irakasle lana puntatik puntara aldrebesa izan dela: Pagoagan, haur guztiak euskaldunak ziren, eta eskolak gaztelaniaz eman behar nituen; ez dakit nola moldatzen ginen, haur gaixoek ez zekitelako ia-ia gaztelaniaz hitz egiten… Eskolatik kanpo bai euskaraz, baina ikasgelan gaztelaniaz. Dantza taldea ere sortu genuen han; gogoan dut errifak atera genituela dantzarako materiala (jantziak eta abar) egin ahal izateko.
Bestalde, ezkondu nintzenean Errenteriara etorri nintzen bizitzera, 26 urte nituen orduan. Biteri Eskoletan hasi nintzen [egungo Koldo Mitxelena], eta Pagoagakoaren alderantzizkoa zen hura: gaztelaniaz hitz egiten zuten haurrak, euskaraz eskolaratzen hasi nintzen, ordurako D eredua txertatua baitzegoen. Gelan den-dena euskaraz egiten genuen, eta saiatzen ginen kanpoan ere euskarazko ekintzak egiten; bertsolaritzarekin harremana zuen bat gogoan dut, baita Santa Agedako koplak abestera ateratzen ginenekoa. Esan dezaket, orduko ikasle guztiek euskaraz hitz egiten dutela nirekin, D ereduan ibili zirenak bai behintzat.
Lanean euskara ardatz ahal zen guztietan eta kanpoan ere, ezta?
Etxean ikasi nuen nik euskara. Herrerakoa naiz. Eta seme-alabekin zortea izan dut, eskolara hasi behar zutenean Orereta Ikastola jada jaioa zelako. Senarra eta biok ikastolen alde lan eskerga egindakoak gara, dena sortu behar zen, asko zegoen egiteko. Ikastolako guraso taldean ere izan nintzen, ahal zena egiten.
Euskararen alde asko lan egindakoa zara, beraz. Egun, hizkuntzaren ezagutza inoiz baino handiagoa da; erabileran daude zalantzak, ordea. Nola ikusten duzu hori?
Horrek tristura ematen dit. Hainbeste kanpaina, ekitaldi, eta bestelakoak egiten dira euskararen alde eta erabilera sustatzeko… Euskaraz hitz egin nahi ez duenak ez du egingo, hori argi dago. Lan asko dago egiteko. Baina adibidez, jendea ingelesa ikasten ari da, horren beharra ikusten dutelako, eta ondo iruditzen zait. Gerta daiteke hainbatek euskara beharrezkotzat ez ikustea. Erabileran, ohiturak asko egiten du, eta eragitea zaila izaten da. Pertsonen arteko eguneroko elkarrizketetaz ari naiz ohituretaz ari naizenean.
Euskararen alorrean bakarrik ez. Genero berdintasunaren aldeko lanean ere bazabiltza.
Nik uste dut zentzu horretan lehenengo lana etxean egin behar dela. Bost seme-alaba ditut. Denak berdin tratatu ditut. Batek edo besteak laguntza behar izan duenean, berdin-berdin lagundu zaie. Kalean borroka egitea ongi dago. Baina bakoitzak prestatu behar du bere bizitza berak bakarrik egiteko modukoa izatea, besteen menpe egon gabe. Hori da niretzat feminismoa: norbera prestatua egotea bere bizitza egiteko, nahi duen bizitza egiteko, izan emakume edo gizon.
Zaporeak egitasmoaren laguntzaile ere bazara. Europara bidean diren migratzaileekin elkartasun lanean ari zara.
Kiosen [Grezia] egon nintzen hango errefuxiatuen kanpalekuan elkartasun lanean. Hemen, ezin gara ezertaz kexatu. Han ikusten duzu hemen zein ondo bizi garen. Laguntza hori ematea, denok bizi behar dugun esperientzia bat dela uste dut. Aurten ez naiz hara joan, dudan izan naiz, baina ez naiz joan. Nire alabetako bat han izan da. Gustura joango nintzateke berriz ere hara.
Gaur da Oarsoarrak Euskararen Sarien emate ekitaldia Donibabeko Juanba Berasategi aretoan, 19:00etan da. Hizketaldiren bat egin beharko duzu. Zer da, faltarik gabe, esango duzuna?
Nire gurasoetaz oroituko naiz. Haiengandik jaso dut euskara, hori izan da hazia. Betirako dudan zerbait eman didate. Eta beste zerbait ere esango dut: saria nik adina merezi duen jende asko dagoela euskararen alde lanean, eta nire saria denen artean partekatu nahi dudala. Nirea eguneroko lana izan da, ez dut egin zubi eta eraikuntza handirik. Euskara izan dut ahoan beti.
Herrietako kantu jirek ere aitortza jasoko dute
Gaur, 19:00etan Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan hasiko den Oarsoarrak Euskararen Sarien ekitaldian protagonista bakarra ez da izango Nere Mujika euskaltzale errenteriarra. Bigarren sari bat ere emango du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak, kolektiboa kasu honetan: Oarsoaldeko herrietako kantu jiretako kideak ere igoko dira oholtzara euren aitortza jasotzera, egiten duten lanagatik.
Kantuak, euskarazko kantuak asko eman dio herri honi eta oraindik ere asko ematen dio. Azken urteotan herriz herri zabaltzen ari diren kanturako taldeek poza ematen dute, Oarsoaldeko Euskara Batzordeko epaimahairen arabera, «gure herria bizirik dela sentiarazten digute bazterrik bazter kantu jirek».