Emozioetatik eraikitako kronika
Eraldatuta iritsi da aurten Eztena Jaialdia, eta hiru sormen laborategi proposatu. Sormen prozesu horren kronika poetikoak hitzez eta irudiz jantzi dituzte Alaia Martinek eta Amets Badiolak.
Telefonoak jo du. Bestaldean Oier Guillan, Eztena Jaialdiko lantaldeko kidea gonbidapen berezi batekin. Hiru sormen laborategi jarriko zituen martxan Eztenak; esperimentu handi samarra izango zela aurreikusi zuten, eta hiru aste iraungo zuen sormen prozesuaz jabetu eta jasotzeaz gain, prozesu horrek eragindako emozioak bildu nahi zituzten modu askean. Lanez lepo zegoela heldu zitzaion enkargu hori Alaia Martin bertsolariari, «zin egina nion nire buruari ez nuela bestelako lanik hartuko urtarrilera arte, baina asko erakarri ninduen gonbidapenak. Metrokoadroka Sormen Laborategiak egindako lanek arreta eman izan didate, jende interesgarria ikusi nuen prozesuan. Bestalde, antzerkia beti gustatu izan zait nahiz eta ez dudan inoiz harreman zuzenik izan, eta izugarrizko aukera eta luxua zela pentsatu nuen». Onartu zuen.
Javier Barandiaranen telefono deia jaso zuen Amets Badiola argazkilariak: «Alaiari egindako proposamen bera egin zidan, baina nire kasuan idatziz beharrean, argazki bidez jasotzeko prozesua». Hala hasi zuten bidea, sortzen unez une, laborategiekin bat eginda, eta forma hartzen joan ziren Martinen Leihoen afasia eta Badiolaren Preposta. Lehenak, Eztenaren apustu berria izan diren sormen laborategiak eragindako emozioak bildu ditu, aske eta dotore, fin eta sorkuntzaren barrunbetaraino bertaraino daraman kontaketa xehez, «hiru astez egunero izan gara laborategietan eta sorkuntza prozesu horiek sortutako sentipenak, iritziak, filiak eta fobiak jaso ditut modu askean».
Horiek guztiak irudi bidez bildu ditu bere liburura Badiolak. Txuri-beltzeko irudi ederrak dira, indiferente uzten ez dutenak; hori du sorkuntzak, zer edo zer eragiten duela. 2.000 argazki baino gehiagoren artean 90 aukeratu ditu, «argazki guztiak sailkatu behar dituzu eta une horietako bakoitza jaso duzunean sentitu duzuna pentsatu, zer erakutsi nahi duzun hausnartu, bertan izan ez denak jakin dezan zer bizitu duzun zuk. Hiru aste horiek 90 argazkirekin laburbiltzeak bere zailtasuna du, erronka ederra da, baina erronka».
Joan den ostegunean aurkeztu zituzten bi liburuak Durangoko Liburu eta Disko Azokako Ahotsenean Martinek eta Badiolak. Lehenengo aldiz ikusi du bere burua Durangon Badiolak, «ikusle urtero joaten naiz, baina lehen aldiz izango dut liburua bertan, eta ikusi arte ez dut sinistuko. Ilusio handia eragiten dit». [Joan den astelehenean elkarrizketatu zituen Martin eta Badiola Hitza-k]. Martin izan da Durangon, baina ez liburu bat, berea, esku artean: «Saltsa askotan sartuta nagoen une batean heldu da, eta digestio motelekoa naiz; kosta egin zitzaidan prozesatzea egin nahi nuena, baina behin egin nuenean, utzi egin nuen libre, bere bidea egin dezan, edo geldi dadin nahi duen lekuan».
Kronista eta sortzaileak
Pozgarria dela aitortu du halere, Martinek: «Asko idatzi izan dut, eta liburutxo batean biltzea pozgarria da; zoro samarra da liburua, kronika poetikoa izanik eta hain librea. Lana bera jasota ikustea da ederra. Bertsotan ohituta gaude kantatzen ditugunak airean geratzen, zoragarriak diren bertsoak eta penagarriak direnak. Hemen idatzita gelditzeak beste ardura bat ematen zidan, baina nire buruari baimena eman nion ahal nuen eta mimo handienarekin egin nuen hori bere horretan uzteko, eta pribilegiatua sentitzen naiz nigan beren konfiantza jarri zutelako, kronika hori horrela jasotzeko aukera izateagatik, eta ezagutu ditugun partaide, bideratzaile eta konplize guztiak ezagutu ditugulako».
Orereta hiru astez beste era batera bizitzeko aukera eman ziola esperientziak dio oiartzuarrak, «turista begiekin, begi berriekin begiratzeko aukera eman zidalako. Beti izan diot kariñoa herri honi, baina pixka bat gehiago maite dut orain». Prozesu osoaren une bat aukeratzeko eskatuta, zalantza gutxi egin du Badiolak: «Eraikitzen gaituzten hitzak sormen laborategian parte hartu duen familiaren transformazioa ikustea izugarria izan da; gero, Zamalbide kalean ikusi genuenean lehenengo aldiz, izugarria izan zen nola ikusi eta nola sentitu nituen. Une horrekin gelditzen naiz».
Denbora gehiago hartu du Martinek erantzuteko, eta sentipen guztiak uztartzen dituen unea aukeratu du: «Txintxarri elkartean boluntario pila baten laguntzaz otorduak ematen zituzten, eta jangela hartan, hiru laborategiak elkartzen ziren; hiru esperimentu, oso giro berezia eta bat-batean, nahasten ziren hiru antzezlan, pertsona ugari, eta antzezlan bakoitzeko pertsona bakoitzaren pertsonaiak… Denak batera ikusten zenituen halako antzerki fikzionatuan, erdi amets, erdi errealitate; bakoitzaren ezinak eta ilusioak han ziren, batek egun bikaina zeukanean, besteak apalagoa. Hor sortu zen ekosistema horrekin gelditzen naiz, sentsazio horiekin».
Lanaren gogorrena ere zer izan den argi du bertsolariak: «Formatu erabat ezberdina zuten hiru sormen proiektuetan bildutako informazioa, batzuetan gehiegi, sentimendu eta emozio pila hori aletzea, puzzle hori osatzea izan da agian lanik gogorrena; erabakiorrena hori izan zen. Gero gozamena etorri da». Bi hilabete izan zituen idazketarako, uztailetik irailera, «jasotako distira, mediokritate eta itzal horien guztien koktela egin, eta hautua egiteko unea iritsi zen; sentipenez eta batez ere intuizioaz fidatzea izan zen bidea, galderak planteatzea; hiru laborategi horietan piztu zitzaizkidan galdera edo sumatu nituen txinparta horiei leku bat egiten saiatzea lerro artean».
Esperientzia, luxua
Bizi dutena luxua dela diote. Bat datoz biak horretan. Laborategi bakoitzak bere xarma berezia izan duela argi dute, «kasu batean familia bat zen, benetakoa; eta animatu da istorio bat, bizitza bat, mudantza bat fikzionatzera. Demolizio bola horietako batekin etxeko horma bota eta barrurantz begiratzea bezala izan da». La mirada ikuskizuna ehuntzen ikusteko aukera ere izan dute, «aktore profesionalak ziren kasu honetan, eta bakoitzak gogoeta bat planteatzen du; Aldarriren kasuan, kale antzerkia da eta sormen prozesu askeagoa eta ezezagunagoa izan da. Herri honen usainak, istorioak, pertsonak bildu dituzte».
Berriz ere kronista eta poeta sortzaile lana egingo ote luketen galdetuta, umorez erantzun du Martinek, «ez dakit ausartuko diren berriro halako produktu zoro samarrak kaleratzeko arriskura, baina oso gustura aritu gara, eta nire kasuan behintzat, barrutik, kanpotik, ertzetik, nolabait, seguru Eztenan jarraituko dudala». Eskerrak eman dituzte: «Uste dut, orokorrean bizitzan, eta euskal kulturan batzuetan agian, falta dela ausardia dositxo bat, eta uste dut hauek, arriskua albo kalte bezala ez, ia oinarritzat hartzen dutela eta oso ederra iruditzen zait egiten dutena horregatik. Jarrai dezatela arrisku bide horietan, eta kutsa dezatela ahalik eta jende gehien».
Eraldatuta eta indartuta, gelditzeko etorri da Eztena Jaialdia
Hamargarren urteurrena inflexio puntua izan zen Eztena Jaialdiarentzat. Ez zekiten benetan zer gertatuko zen, jarraituko zuten hala ez. Urte hasieran bildu zirenean, ideia batek ilusioa piztu zion lantaldeari. Oso gogoan du Eztena Jaialdiko antolatzaileetako bat den Oier Guillanek: «Lantaldea aktibatu zen, eta ohartu ginen agian Eztena bera ez zegoela agortua, baina bai formatua». Jende mordoak hartzen du parte proiektuan, eta borondatez egiten dute lan.
Lehenengoz hiru laborategi esperimental egin zituzten Eztena Jaialdiaren barruan, eta hiru lan estreinatu ziren, «halako esperientziak oso bakanak dira Euskal Herrian, eta hiru egunetan soilik antzeztuko ziren hiru lan horiek ondo jasotzea, dokumentatzea eta transmititzea merezi zuela erabaki genuen». Alaia Martin bertsolariari, Amets Badiola argazkilariari, eta Zazpi T’erdi ekoiztetxeari eskaini zitzaien kronista lan hori, «ez genuen kazetaritza lan bat nahi, zerbait artistikoa planteatu genien, kronika horrek poetikoagoa, kreatiboagoa izan behar zuela erabaki genuen».
Joan den ostegunean aurkeztu zituen Eztenak bi liburuak eta hiru antzezlanen ikus-entzunezkoak Durangon, baina dokumental osoa gorde egin dute. Izan ere, etxean, Mikelazulo Kultur Elkartearen goxoan, Badiola eta Martinen liburuak aurkeztuko dituzte hilaren 19an, ostegunarekin, 18:30ean, eta horiekin batera dokumental osoa. Egun horretan bertan sarean jarriko dute.
Arriskatzea, ezinbestekoa
Eztenak herriari egiten dion ekarpenaz mintzatu da Guillan: «Normalean ikusten oso zailak diren lanak ikusteko aukera eskaini du. Lan batzuek zailtasun handiagoak dituzte arrazoi politikoengatik, edo hartzen dituzten arrisku kreatiboengatik zailtasun handiagoak dituzte zirkuitu publikoetara heltzeko, eta hori da jaialdiak beti aldarrikatu duena». Existitzen da sortzeko modu hori, eta Eztenak erakusleihoa eman dio.
Jarraipena izango duen galdetuta, baietz erantzun du, «datorren urtean behintzat». Primizia ere eman du: «Laborategi bat izango du Eztenak 2020an, eta programazio ohikoago batekin osatuko dugu». Apustu zehatza egin dute, baina, ekarriko dituzten talde eta sortzaile guztiak belaunaldi berrikoak izango dira, sortu berri diren konpainiak, eta Euskal Herrikoak: «Olatu berri bat dator, sortzaile berriena, oso indartsua eta lengoaia eszeniko berriekin».
Arriskua da Eztenaren oinarrietako bat, eta 2020rako apustuak ere badu arriskutik asko, «aldarrikatu egiten dugu talde berriekiko arreta, proiektu eta sortzaile berriei tartea eman behar zaiela. Ateak zabaldu zirkuitu publikoetan eta pribatuetan, pausu gutxi egiten dira-eta bide horretan. Lana gelditzen da egiteko belaunaldi berriak sortzen ari direnen gainean».