[Erreportajea] Tutera gertu dagoela azalduko du Piztu Lezok
Martxoaren 15etik 17ra Lezoko gazteek eta Nafarroako Erriberako herrikoek, Korrikaren testuinguruan, elkar ezagutzeko eta elkartruke egitasmoak garatzeko urratsa egingo dute.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2024/02/lezo_tutera_gazteak_agerra.jpg)
Gazteek elkar ezagutzeko eta mugak hautsiz eraikitzeko duten senetik abiatuta, Nafarroako Tuterak eta Lezok bat egingo dute martxoaren 15etik 17ra. Izan ere, Erriberako herriko Tuteran Jai gazte antolakundeak eta Piztu Lezok distantziak elkar ezagutzaren eta elkarlanaren ilusioak lausotzen dituztela azalduko dute asteburu horretan: hara joango dira Lezoko 40 bat gazte, Korrikaren lekukoa eramango dute, eta gainera, martxoaren 16rako elkarrekin Gazte Topaketa antolatu dute. Asteburu horretan zehar joango dira iristen lezoarrak hara, 16koa egun handia izanik.
«Bi herrietako gazteen topaketa eta elkartrukerako gune bat sortzea erabaki dugu. Festarako eta gozamenerako ez ezik, hausnarketarako eta gure herrietako egoera sozio-linguistikoari buruzko eztabaidarako asteburua izan dadin nahi dugu», esan zuten igandean Tuteran egindako aurkezpen agerraldian. Beterri elkartea (han egingo dituzte ekitaldietako asko) eta Agerraldia izango dituzte bidelagun gazteek martxoaren erdialdeko egun horietan.
Euskal Herriko ertz bateko eta besteko gazteen egitasmoa ez da ausaz sortu. Izan ere, Ainhoa Salaberria lezoarra, Piztu Lezoko kide hura, euskara irakasle lanean ari da Tuterako institutu batean. Han bizitza eraikitzen hasita, hango gazteekin nahiz eragileekin harremantzen hasi zen. Horrela sortu zen elkartrukerako, gogoetarako eta ondo pasatzeko asteburuaren ideia.
Naturala
Iaz hasi ziren topaketa garatzen. Salaberria: «Aurten Korrika Tuteratik pasako zela jakinda, hitz egin genuen elkarlan bat egiteko aukera izan zitekeela Korrikarena, Tuteran Jai eta Piztu Lezoren artekoa. Korrikaren aitzakiapean, Piztu Lezoko kide naizen heinean, eta hemen ere [Tuteratik hitz egin du Hitza-rekin Salaberriak] mugitzen ari naizela ikusita, hemengo gazte asanbladakoekin hitz egin eta topaketa egitea adostu genuen. Naturala izan da dena».
Lezoko 40 gazte joango dira Tuterara, eta hango beste 40k egingo diete harrera. Haiekin garatuko dute batez ere martxoaren 16rako prestatutako egitaraua; gazteentzako espresuki diseinatutako hainbat jarduera daude, baina denentzat zabalik direnak ere badaude. «Oro har Erriberan ez dira euskararen aldeko gauza asko antolatzen. Korrikaren aitzakiapean, eta gazteen arteko topaketarekin, euskarak toki gehiago izango du». Harremana ez da horretan etengo. Tuterarren bueltako bisita iragarri dute.