Sasoia bikain bukatzeko, mendia, itsasoa eta bazkaria
Hilaren 16rako Mitxintxolara mendi irteera, itsas zeharkaldia, eta bazkaria antolatu dituzte. Gaur da txartelak erosteko azken eguna.
Denboraldiko bederatzigarren eta azken irteera hilaren 16an (igandea) egingo du Xoxolur Mendi Klubak. Hurbileko paraje eta sentsazioen bila joango dira. Izan ere, mendia, itsasoa eta bazkaria partekatuko dituzte txangoarekin bat egiten dutenek. Erne: bertan izena emateko azken eguna gaur (hilak 10, astelehena) da. Zerrenda Orki tabernan dago jarrita; bestela, taldearen posta elektronikora mezua bidaliz ere apunta daitezke hala nahi duten guztiak.
Mendi ibilaldia Lezon hasi, eta Pasaiako punturik altuenera egingo dute, Donibaneko Mitxintxolara gainera. Beraz, Jaizkibelen altxorrak berriz ere gozatzeko aukera izanen da. Bidea 08:30ean hasiko dute, Gurutze Santuaren plazatik. Hiru orduko bidea egin, eta Pasaia nahiz Lezo (eta Errenteria-Orereta) batzen dituen badiatik zehar itsasontzi zeharkaldia egingo dute partaideek ondoren; eguraldial laguntzen badu, bainurako tartea ere izango da.
Mendiaren eta itsasoaren arteko uztarketa burutu ondoren, bazkaria egingo dute Xoxolurrekoek. Hala bukatzen dituzte sasoiak, mahaiaren bueltan. Hala, otordua Aizpea ostatuan egingo dute, eta jarraian, hainbat sari emango dizkiete era batera edo bestera zenbat alorretan nabarmendu diren mendizaleei. Opariak, jolasak eta bestelakoak ere izango dira igandean.
Xoxolurren sasoiko azken irteerarako txartelak erosten dituztenek 9 euro ordaindu behar dituzte itsasontzi zerbitzuagatik, eta 14 euro bazkariagatik (gazteek 8 euro).