Aizpea Otaegi: "Agustinak Zentroa mugarri oso garrantzitsua da gure ibilbidean"
Gaur eguerdian inauguratu dute Agustinak Zentroa. Kultur eta sormen industrietako proiektuak sustatzeko erreferentziazko gunea izan nahi du.
Gaur inauguratu dute Agustinak Zentroa. Zalantzarik ez da, kultur eta sormen industrietako proiektuak sustatzeko erreferentziazko gunea izango da zentro hori eta hala jarri dute nabarmen gaurko ekitaldian hitza hartu dutenek. Jendetsua oso inaugurazioa, instituzioetako ordezkariak, Oarsoaldeko udaletako alkateak, kultur eta sormen arloko eragileak, zein beste arloetako hainbat, ordezkari politikoak, eta bizilagunak izan dira gaurko hitzordu garrantzitsuan. Guzti-guztiak, zentroak dinamizatu nahi duen ekosistemaren parte ezinbestekoak.
Terraza handiaren pareko aretoan egin dute ekitaldia, egur usain eta beirategi zabal-zabaletatik barrura egin duten eguzki izpiak lagun.
Idoia Lizeaga bitxigile artisau eta lore maisuak abiatu du ekitaldia. Sortzailea da bera eta Torrekuan hasitako bideari errepaso egin dio bertaratutakoei afizioa ofizio bilakatu arte egin duen bidea. Agustinak bezalako zentro baten laguntzak kultur eta sormen arloan proiektuak dituzten ekintzaileentzat suposatzen duen babesa nabarmen jarrita.
Esti Susperregi Agustinak Zentroaren zuzendariak hartu du hitza ondoren ekitaldi osoaren hari bihurtuta. Agustinak zentroa “espazioa ” dela, baina hortik harago, enpresak eta proiektuak sortu, saretzeko eta elkarrekin hazteko gune gisa ulertzen dutela esan du. Eskerrak eman dizkie bertaratu diren erakundeetako ordezkariei, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari, Mikel Arruti Lezoko alkateari, Joana Mendiburu Oiartzungo alkateari, Teo Alberro Pasaiako alkateari eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkateari. Eskerrak ere Spriko ordezkariei, eta nola ez, sektoreko eragile guztiei, “hasi behar dugun bide hau, zuekin, eragileekin egin behar dugu”.
Kultur eta sormen sektorea lehiakor egin
Kultur eta sormen sektorea lehiakorragoa izateko gakoetan lan egingo dute Agustinak Zentrotik, hala esan du Susperregik.
Aizpea Otaegi Errenteriako alkate eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariaren txanda heldu da gero. Gaurkoa oso egun berezia dela esan du, “eraikin hau mugarri oso garrantzitsu bat delako gure ibilbidean, baita ere, zubi bat bi aroren artean, zubi bat, iragana, oraina eta etorkizunaren artean. Garai bateko Mantxester Txikia, nolabait, atzean geratu da nahiz eta garai hartako identitate zeinu asko gaur egun mantentzen ditugun eta gure herri ezaugarri diren, baina egia da bide eman diogula Errenteria Kreaktiboari. Kreaktibo bihurtzeak esan nahi du sorkuntzaren esparruan dinamikoa den herri bat bihurtu garela, gure identitate zeinu bihurtzeraino”. Desindustrializazioari aurre egin da “aro hori bukatu zelako”, euren burua “berrasmatuz” Agustinak Zentroraino iritsi direla esan du alkateak, “gure artisau tradizioari tiraka, ahalmen kultural sortzailea baliatuta, baita inguruan dugun ekosistema garatzeko baliabideak jarriz”.
Agustinak Zentroa ere jantzi du, esaldi batekin definituta Otaegik: “Ekosistema oso baten katebegia. Agustinak bada, ekosistema hori, beste toki batera trakzionatzeko martxan jarri dugun ekipamendua”.
Torrekuari erreferentzia alkateak ere, ezin ahaztu han hasi zutela bidea, “gure ibilbide honetan geldialdi garrantzitsua izan da Torrekua, eta handik ere bagatoz, hura ere izan gara”. 2016an sortu zuten Habian programa Torrekuan, eta ordutik 46 ekintzaile eta enpresa proiekturi egin die akonpainamendua eta beste hainbat lagunek hartu dute parte espazio horretan antolatutako formakuntza, mentorizazio eta egonaldietan. Gaurkoa, baina, Agustinak Zentroarekin egindakoa “jauzi kualitatibo handia” den uste osoa azaldu du udal agintariak, “ez soilik espazioa irabazten dugulako, anbizioan ere urratsa egiten dugulako baizik; eraginkorragoak izan nahi dugulako, topaleku izan nahi dugulako, eta sinergia eta lankidetza gehiago eraiki daitezen nahi dugulako”.
Espazioak eskaintzen dituen aukerak baliatuta aurreko guztian ezinbesteko izango diren aliatuak ere nahi dituztela proiektuan erantsi du Otaegik, eta horren harira Dantzaz aipatu —Eragile horrekin lankidetza hitzarmena sinatu berri du Oarsoaldea Garapen Agentziak Agustinak Zentroaren testuinguruan— “Dantzaz bada dagoeneko proiektu honen parte, eta beste eragile batzuk ere nahi ditugu gurekin”.
Gaurkoa, “herri eta eskualde bisio eta estrategia” baten emaitza dela ere esan du Otaegik, “baita herriaz eta eskualdeaz gain babesa topatzeko gai izan garelako ere, eta horregatik eskerrak Kultura sailburuari eta Spriko ordezkariei ere, hain justu zuen bultzadari esker errazagoa izan delako hona iristea”. Esti Susperregi zentroaren zuzendariari ere esker on hitzak, eta aitortza Otaegik, “zalantzarik gabe, errazagoa ere, Esti Susperregi proiektu honen gidaritzan jarri dugunetik”.
Gonbidapena bukatzeko alkateak, Agustinak Zentroaren parte izan nahi dutenei, “hemen egongo gara Agustinak proiektuaren parte izan nahi duen ororekin, gaur zabaldu dugun bide eder hau partekatzeko prest”.
Bingen Zupiriak ere hartu du hitza. Kosta egiten da batzuetan, haren iritzirako, kultur eta sorkuntza industria bat zer den azaltzea, “eraikin honek ordea, ongi azaltzen du, kanpotik eta barrutik. Arkitekturaren ikuspegitik eraikin honetan egin dena mirari txiki bat da, sorkuntza handia eskatu duena, jarduera ekonomiko garrantzitsu bat daukana, eta zerbitzu bat eskaintzen duena. Barrualdeari begiratzen badiogu, are ikusgarriagoa da. Hau ez da sortu barrura begira biziko den eraikin bat izateko, ateak zabalik, bere ingurunea aberasteko eta bertan garatu daitezken jarduera ezberdinak aberastuz ingurunea aberasteko. Hor hartzen du garrantzi berezia publikoak”.
Sorgune, hazitegi eta sare
Susperregik hartu du berriz ere hitza, proiektuaren xehetasunak aletzeko. Agustinak Zentroa Kultur eta sormen industrietako proiektuak sortzeko, hazteko eta saretzeko gune ireki eta dinamikoa dela esan du, “Gipuzkoarako erreferentziazko diziplina anitzeko elkarlan ekosistema, sektoreko ekintzaileentzako eta enpresentzako tresna eta baliabide erabilgarriak eskaintzen dituena: pertsonak eta enpresak orientatzeko informazio zerbitzua, ekintzailetza negozio-ideia berriak garatzeko inkubazio programa, eta lehen urratsak azkartzeko programa, besteak beste”.—Agustinak Zentroaren gainekoak zehatz aletu zituen Susperregik HITZAk egindako erreportajean—.
Dagoeneko Agustinak Zentroan lanean ari diren ekintzaile eta elkarteetako ordezkarien txanda heldu da gero, euren jardunean zentroak eskaini dien babesa eta hazteko aukera nabarmendutzeko. Dantzaz elkarteak, EIDE Euskal Diseinuaren elkarteak, Anne Gago moda diseinatzaileak, Maite Anton Txatxala markaren osagarrien sortzaileak, Ruben Pantiga Kibo Moda Consciente proiektukoak, eta Ninbo Interaktivekoek.
Dantza emanaldiarekin jarri diote ginga ekitaldiari, Dantzaz elkartean lantzen ari diren Work In progress batekin zehazki. Uztailaren 5ean estreinatuko duten piezaren aurrerapena egin dute, primiziaz, haren zatitxo bat erakutsita. Jacek Przybyłowicz koreografo poloniar ospetsuaren eta Adam Walicki konpositorearen azken lana den, Aire Sakona-ren zati bat eraman dute Agustinak Zentroaren terraza handira.
Azken-azkeneko mezua, kultur eta sormen alorreko ekintzaileei. Proiektu horretan parte izan nahi dutenek web orrian kontsulta dezakete informazio guzti-guztia, egin klik hemen. Informazio eskaera orria ere bete daiteke online, posta elektronikora mezua bidali, edo 943 49 41 29 telefono zenbakira dei