Eraso matxistak, gorantz etenik gabe
Aurten, urtarrila eta iraila bitartean, 493 eraso matxista salaketa izan dira Oarsoaldeko herrietan nahiz Irunen eta Hondarribian. Pasaian eta Lezon nabarmen handitu dira emakumeen kontrako oldarraldiak.
Labankadaz hil nahi izan zuen emakume bat haren bikotekide gizonak joan den asteko igandean Trintxerpen. Emakumeen kontrako bortizkeriaren beste adibide bat izan zen, muturrekoa; herritarrek eta erakundeek irmo erantzun zuten eraso hiltzailea. Segurtasun Sailak Hitzari emandako datuen arabera, osotara aurten 493 salaketa jarri dira Errenteriako eta Irungo ertzain etxeetan urtarrila eta iraila artean, denak indarkeria matxistarekin harremanduta: iazko epe berberarekin alderatuta %13,59ko igoera izan dute salaketek. 2023an 434 jaso ziren epe berberean.
Datuotan sakonduz, Pasaian eta Lezon hazi dira gehien salaketak. Lau barrutiko herrian, Herrizaingo Sailak bortxa matxista zerrendatzeko dituen hiru atalen artean —bikote/bikotekide ohiak egindako erasoak, familia barrukoak, eta sexu askatasunaren kontrakoak— ia %60an egin dute gora bortxa matxistaren ondoriozko erasoek, eta %63 pasatxoan Lezon. Errenteria-Oreretan (%15,14), Oiartzunen (%7,14) eta Irunen ere (%9,37) goranzkoa izan da salaketen kopurua; Hondarribiko biztanleek egindakoak ia %24an apaldu dira.
Goiko taulako zenbakien atzean sufrimendu izugarria dago, emakumeena. Indarkeria matxista egiturazko arazoa dela garbi erakusten dute, hotzean. Zenbaki horietatik kanpo, ordea, badaude askoz gehiago taula batera ekar ezin daitezkeenak: zenbatu ezin diren gizonen indarkeriak dira, salaketarik ezean egunerokoan emakumeen gorputzetan bakarrik existitzen direnak.
Taulako horiei guztiei beste bat erantsi behar zaio. Irungo eta Errenteria-Oreretako ertzain etxeetako agenteen babespean diren emakumeen kopurua 454ekoa da orotara. Epailearen aginduz dute babesa. Oarsoaldeko nahiz Irun eta Hondarribiko emakumeen populuari jaramon eginez, 200 emakumetik batek behar du babes hori.