Clara Rangel Plazak oroituko ditu indarkeria matxistak hildako emakume denak
Indarkeria matxistak utzi dituen datu "beldurgarriak" nabarmen jarrita, antolakuntza eta militantzia feministara deitu dute: "Borroka kolektiboak eta emakumeen arteko antolakuntza eta saretzeak askeago egingo gaituelako".
Clara Rangelek plaza du gaurtik Errenteria-Oreretan. 2008ko abenduaren 239an erail zuen haren bikotekide Kennyk. Agustinetan bizi zen Rangel, 33 urte zituen, hazten ikusi nahi zituen hiru seme-alaba, ametsa, eta itxaropenak, baina duela hamasei urte amaitu zen bere bizi proiektua. Rangel gogoan dute, eta aurrerantzean plaza izango du bere herrian. Bere izena daraman plaza hori, indarkeria matxistak hildako emakume guztiena izango da; indarkeria matxista inoiz sufritu duten, edota harekin egunero bizi diren emakumeei aitortza izango da. Rangel indarkeria matxistak Errenteria-Oreretan erail duen emakume bakarra da estatistika ofizialak egiten hasi zirenetik. Txalo artean jarri dute gaur Niessen merkatalgune sarreran, Oreretako Mugimendu Feministak indarkeria matxistaren salaketarako espazio erreferentzial bihurtu duen plaza horretan.
Azipea Oategi alkateak hartu du hitza: “Errenteria-Oreretan gertatu den indarkeria matxistaren adierazpenik larriena, Clara Rangelen erailketa baliatu nahi dugu indarkeria matxistaren kontrako oihurik ozenena egiteko, emakumeenganako indarkeria guztia ikusarazteko, eta indarkeria matxistaren biktimak eta biziraule diren emakume guztiak besarkatzeko. Clara Rangelen izena espazio publiko honetara ekarriz, Clararen memoria eta plaza bera oihu eta besarkada bihurtu nahi dugu. Clararengatik, guztiengatik”.
Ondoren Euskal Herrian indarkeria matxistak hil dituen emakumeen izenak pegatu dituzte plastiko erraldoi batean plazan bildutakoen txalo artean.
Dozenaka herritar bildu dira bertara. Oreretako Mugimendu Feministak hara deitu baitu elkarretaratzea. Handik baina, eta Emakumeen Etxeko kantu koroak abestu eta gero, manifestazioan abiatu dira Zumardira.
Bertan egin dute irakurketa Oreretako asnablada Feministako kideek. Indarkeria matxistaren balantzeari egin diote erreferentzia, eta hitz bakarrean adierazi dute, “beldurgarria da”. Hego Euskal Herrian aurtengo urtarriletik irailera 6.953 salaketa jarri dituzte indarkeria matxistarekin lotuta, “25 eguneko” eta %7,8 igo dira indarkeria matxistagatik egindako salaketak. Begirada aldenduta Frantzia eta Espainiari begira jarri dira datu lazgarriak ematen segitzeko: urtean 94.000 emakumek sufritzen dituzte sexu erasoak Frantzian; Espainian 14 bortxaketa eta 55 sexu eraso gertatzen dira egunean. 2023an 51.100 emakume eta neska erail zituzten haien bikotekide edota senideek munduan; ema,kume bat hamar minutuero.
Beldurgarriak dira datuak. “Aurten bost emakume hil ditu Euskal Herrian indarkeria matxistak: Eneritz, Yaneli, Kaile, Laure… ez ditugu zuen hilketak ahaztuko, gogoan zaituztegu!”.
Emakumeek aspalditik ezaguna dutela terrorea jarri dute mahai gainean: “Terrorea eta bortxa, jazarpena justizia misoginoa, mutilazio genitalak, gure gorputzen trafikoa, bortxaketaren kultura, derrigortutako ezkontzak, abortuaren ilegalizazioa, irainak, insistentzia, gutxiespena, kontrola, barreak, begiradak, sumisio kimikoa, xantaia… Beldurra eta bortxa patriarkatuaren ordenua mantentzeko tresna nagusi gisa. Beldurra eta bortxa ardi beltzak bideratzeko. Bortxa eta beldurra gu isilarazteko. Beldurra eta bortxa mendean hartzeko. Terrorismoa”.
Biolentzia horien aurrean erantzuna: “Autodefentsa feminista. Erresilentzian eta ahizpatasunean adituak gara”. Eta mezu argi bat, lehena, “lotsa eta beldurra aldez aldatzera goaz; lotsa eta beldurra beraiek senti dezatela”.
Komunikabideak hartu dituzte indarkeria errelatoak ere izan ditu hizpide asanblada feministak gaurko elkarretaratzean, eta hala, Gisele Pelicot, Murtziako enpresariak edota Iñigo Errejon aipatu dituzte eta ozen esan dute ez dituztela isilduko, “ez gara biktimaren paperarekin identifikatzen eta plazak okupatzera goaz”.
Ardurak hartzeko unea
Gaurko elkarretaratzean ez dutela ezer berririk esan nabarmen jarri dute, urteak daramatela gauza berak eskatzen baina aldaketak, zoritxarrez motel datozela. Horren harira eskaera zehatza, “ardurak hartzeko unea da”. Ahoan bilorik gabe seinalatu ditu mugimendu feministak erasoa salatzerakoan emakumeen esanak ezbaian jartzen dituztenak, “arazoa baitzarete”. Arazo gisa definitu ditu, halaber, lagunartean txisteak mozten ez dituztenak; erasoa sufritzen dutenean emakumeei errua leporatzen dietenak; erasotzailea seinalatu bai, baina euren jarrerak errebisatzen ez dituztenek, “arazoa zarete urteetan eta urteetan feministok salatzen ari garen biolentziaren aurrean ardurarik hartzen ez duzuenean. Gizon gehienek konplizitatea, justifikazioa, eta indarkeria matxistak desagerrarazteko eta salatzeko konpromiso falta izaten jarraitzen duzue”. Gizonei zuzendutako mezua: “Irtenbidea ez bazarete, arazoa zarete”.
Komunikabideen jokaera ere erdi-erdian jarri du mugimendu feministak gaurko elkarretaratzean. Izan ere, paper garrantzitsua esleitu die indarkeria matxistaren erreprodukzioan, “errua erasoa sufritu duenarengan jartzen dute, tertulietan zilegitasun guztiarekin iritzia emanez, xehetasun morbosoak azalerazten”. Eremu birtualari eta sare sozialei ere arreta berezia jartzeko eskaera egin du asanbladak “bortxa modu berriak hartzen ari delako eremu birtualean, eta horietan ere autodefentsa erremintak birpentsatu beharko ditugu”.
Instituzioei ere aipamena gaurko elkarretaratzean. Horiei prebentzio programatan eta hezkuntzan inbertsioak egiteko, esparru anitzetako profesionalentzat prestakuntza, eta erasoa sufritzen duten emakumeentzat baliabide erreal eta eraginkorrak eskatu dizkie, “inbertsioa egin dezatela, baina behar den lekuan”.
Joan den urteko azaroren 30eko zaintzen grebari begira jarri dira, bestalde, sistema duin bat aldarrikatzeko kalea hartu zutela gogoratuz. Zaintza duin horrekin lotura estu-estua duen Sanmarkoseneko langileen grebari aipamena egin diote puntu horretara heldu direnean. Gaur hasi zuten greba mugagabea bertako langileek, “gehien gehienak emakumeak dira eta langile prekariorik gabeko egoitza eredu bat eskatu dute, bost langileren kaleratzea ekidin, eta langile guztien lan baldintzak hobetzea”. Udaletxea eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta konpromisoa galdegin dituzte gaurko elkarretaratzera bildutakoek, “doakie hemendik gure babesa eta elkartasuna langile horiei guztiei”. Txalo zaparradarekin erantzun du plazak.
Konponbideak eraikitzen jarraitu
Konponbidea eraikitzen jarraitzera deitu du Oreretako asanblada feministak, “aliantza feministetatik, antolakuntzatik, borrokatik”. Zalantzarik ez dute jarrera erreakzionarioak borroka feministaren lorpenekiko erantzunak direla, “euren pribilegioak arriskuan ikusten dituzte gizonek eta gero eta jarrera oldarkorragoa hartzen ari dira”. Horren aurrean, antolakuntza eta militantzia feministak “ezinbestekoak” direla esan du, “borroka kolektiboa, gure arteko elkarzaintza eta saretzeak egingo gaituelako askeago”. Mugimendu feministaren mezua argia da, “ez bazara konponbidea, arazoa zara. Lotsa aldez aldatzera goaz”.
Performancea egin dute gero, eta nekea, ezinegona eta beldurra, platerak hautsita uxatu dute, berrindartuta, ahaldunduta. Gaurko ekitaldiari, Emakumeen Etxeko abesbatzak eman dio bukaera, Resistire kantuarekin.