Larunbatean, eskubaloi egokitu txapelketa
Ereintza Izarrak etxeko taldeak beste hiru talderen kontra jokatuko du. 09:30ean hasiko dira partidak, Galtzarabordako kiroldegian.
Lehenengoz, Ereintza Eskubaloiak eskubaloi egokitu txapelketa antolatu du. Larunbatean (hilaren 4an) izango da Galtzarabordako kiroldegian, eta lau taldek parte hartuko dute: etxeko Ereintza Izarrak, Txingudi Eskubaloiak, Barakaldoko Eskubaloi Klubak eta Gipuzkoako Eskubaloi Egokituko Federazioaren taldeak. Ereintzak 22 talde ditu, eta horietako bat da eskubaloi egokitukoa: 17 kideko taldea da. Larunbatean estreinatuko dituzte abenduaren 14an entregatu zizkieten elastikoak. Herritar oro gonbidatu dute txapelketara, kirolaz gozatzeko eta eskubaloi egokituaren berri izateko.
09:30ean hasiko dira partidak, eta azkenaren abiapuntua 12:30erako aurreikusi dute. Hala, elkarren kontra jokatuko dute talde guztiek, eta lehia bakoitzak hamar minutuko lau zati izango ditu. Eskubaloiaren ohiko arauak ditu egokitutako lehiak, baina badira jokalarien beharretara prestatutako arauak ere. Partidak bukatzean, hirugarren denbora edo luntxa izango da, parte hartzaileek nahiz talde teknikoetako kideek esperientziak goxo elkartruka ditzaten.
“Ereintza Eskubaloia konprometitua dago integrazioarekin eta oztopoei aurre egitearekin, eta txapelketa hau beste ekarpen bat da”, adierazi dute eskubaloi taldekoek. 2023an hasi ziren eskubaloi egokituaren bidearekin. “Klubak Errenteriarekin zuen konpromiso sozialak, inklusiorantz lehen pausoa ematera eraman zuen, herritar guztiei eskubaloia ezagutzeko eta praktikatzeko aukera eskainiz. Hori erronka handia izan da klubarentzat, erabat ezezaguna zitzaigun mundu batean sartu ginelako, baina Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioari, Mindara Elkarteari eta Atzegiri esker dena askoz errazagoa izan da”.
Hil honetan abiatuko da eskubaloi egokituko liga. Horri begirako entrenamendu ona izango da larunbatekoa; aurretik izan dira hainbat txapelketatan errenteriarrak, baina liga ofiziala urtarrilean hasiko dute.