Agustina Pontesta Garmendia lezoarren goitizenak biltzen ari da. Garai batekoak bildu ditu batez ere: herriaren garai bateko izaera zer nolakoa zen jakiteko baliagarri direla uste du. ‘Lezoko portua’ blogean ikus daitezke.
Irudia: Isabel Mancebo Balda.
Herri guztietan, denetan, herritarrek goitizenak dituzte. Lezon ere hala da. Maiz, gainera, ezizenaz ezagunagoak dira pertsona horiek, benetako izenaz baino. Eta goitizenen artean, denetik, bai jatorrian zein esanahian. Batzuk atseginak, besteak ez hainbeste, eta asko, iraingarriak, dagokion pertsonaren aurrean isilpean gorde beharrekoak agian. Agustina Pontesta Garmendiak lezoarren izengoitiak biltzeari ekin dio. Orain arte bildu dituenak
Lezoko portua izeneko blogean (
http://lezokoportua.wordpress.com) bildu ditu. Baina zehaztu duenez, oraindik ere goitizenak biltzen jarraitzen du, eta bigarren publikazio bat egingo du ziurrenik bildutako berriekin. Alta, lezoarrak esan du antzinatik heldu diren izengoitiak direla lehenik zerrendatu dituen gehienak.
Bildu, eta sailkatu. Jasotako ezizenak ez ditu zerrenda soil batean jarri Pontestak. Horiek sailkatu egin ditu, izen-abizenen ordezkoaren jatorria edo sortzeko arrazoiak kontuan hartu, eta horren araberako sailkapena eginez. Hori bai, izengoitien ondoan ez du pertsona horien benetako izena jarri, ezizenak eta horien jabeak ezagunak izan daitezkeen arren, anonimotasun printzipioa gorde nahi izan duelako: «Jaiotze agirian azaltzen ez diren izenak dira noski, eta gehienetan, besteek jarritakoak».
Eta denetik dago. Gehienak, garai batean Lezok izan zuen herri giroaren adierazle dira, lanbideekin, jaiotetxearekin edo baserriarekin, izaerarekin, edo pasadizo bereziekin lotutakoak baitira. Hau da, herriaren historiaren zati bat jakiteko eta ikerketa sakonagoak egiteko baliagarri dira. «
Lezoko portua blogean publikatu dudan izengoitien lana, blogean dabiltzan batzuekin kontrastatu dut. Eta izan dira, bai, publikatu ez ditudan ezizenak oraindik. Izengoitia atsegina, polita, alaia baldin bada gaitz erdi. Baina iraingarria izanez gero… amolai! Asko betirako gelditzen dira!».
Zaharrak, eta berriak
Pontestak aitortu du gogoratu ahala apuntatu eta sailkatu dituela ezizenak. Eta nabarmendu nahi izan du gehientsuenak besteek jarritakoak direla. Baina euskal kulturaren ezagutza sakona duenez, Euskal Herriko hainbat sortzailek euren buruari ezizenak jartzen zizkiotela zehaztu du, batez ere frankismoaren garaian, garai hartako errepresioaren ondorioz benetako izena jartzeko beldurrez.
Bitxikerien artean, lezoarrak adierazi du herritarrek Kaputxinoekin bat egiten zutenean, izengoitia-edo jartzen zietela, bataioaldia berritzeko edo. Kasu hori da Aita Gurutz Lezokoa ezizena (Xabin Egibar zen haren izena).
Izengoitiak pilatzeko orduan atzera egin du batez ere Agustina Pontestak. Baina egungoekin badu kezka edo ezinegona, asko, atzerriko hizkuntzetatik eratorritakoak direlako, «gure historiari lotutako izengoitiak dira bildu ditudanak batez ere. Baina egun, Txarles, Fisher, Txesman edo antzerakoak daude».
Herriek ere
Pontestak esan duenez, herri jakin bateko herritarrek ere izaten dute izengoitia. Lezoarrak Trapujaleak dira, oriotarrak Ijitoak, Segurako biztanleak Zopajaleak, edo Mutiloakoak Txerrigorriak diren bezala.
Baina kasu: lezoarren ezizenaren zehaztapenak eman ditu lezoarrak: «Lezoarrak ez gara Trapujaleak trapuak jaten genituelako. Trapujale, gure inauterietako pertsonai nagusia izateaz gain, janari bat da, salda egiteko erabiltzen zen haragia osagai zuena, eta garbantzuekin, barazkiekin edo bestelako osagaiekin potaje modura egiten zena. Gazteleraz
Ropavieja deitzen zioten horri. Jatetxe eleganteetan ere menuan dute plater hori! Hortaz, nire ustez, lezoarrak horregatik gara Trapujaleak, plater hori, antza, jaten genuelako».
Pontestak egin duen zerrenda ikusteko, sartu
Lezoko portua blogean.