Ez da ohiko lehiaketa bat, baina lortu du arrakasta, ia ezustean. Errenteria-Oreretan, kantarik onenaren bila ari dira Zerrenda 4.0 jolasera bildu diren herritarrak; De Cyne Reynan sortu den jolasa final-laurdenetan da.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda.
Lehiaketa baten itxura du, baina jolas bat dela dio bere sortzaile Juan Diego Ramos Martinez
Pelukas-ek. Hamaika saltsatako perrexila, oreretar ezaguna, denon ahotan da bere azken burutazioaren harira. Zerrenda 4.0.
Lagunarteko jolas bat da Zerrenda 4.0. Pelukasek kontatu duenez, bere lantokian sortua da, De Cyne Reyna tabernan. «Lanean jartzen nuen azken kanta Facebook bidez norbaiti dedikatzen nion taberna ixtea egokitzen zitzaidan aldiro», gogoratu du. Oreretan oso ezaguna da Pelukas. Tabernari hasi aurretik urteak eman ditu prentsa saltzaile bertako Zumardian, beti herritarrekin hartu-eman estuan. Pertsona ezaguna izanik, eta, bere baimenaz, ipurtarina, jarraitzaile asko ditu sare sozialetan.
Ia 1.000 lagun ditu Facebooken.
Sareak lagunduta, kantak dedikatzeko bere iniziatibak oihartzun handia lortu zuen berehala, eta epe laburrean eskaerak jasotzen hasi zen: «Mezu pribatuak jasotzen hasi nintzen, kantaren bat dedikatzeko eskatzen».
Mezu horiek bultzatuta, eskaerak zerrendatzen hasi zen Pelukas, eta 50 lagun inguru elkartu zituenean, publiko egin zuen
zerrenda, nahi zuen orok izena eman zezan. 100 lagun elkartzean zerrenda itxi, eta izena
eman zuten guztiei kantak dedikatzen hasi zen. Hortxe lehen esperientzia.
100 lagunen zerrenda agortzean Pelukasek bukatutzat eman zuen iniziatiba. Ustekabean, baina, hilabete gutxiren buruan bezeroak berriz ere eskean hasi, eta berriro animatu zen. «Jendeak izena eman zezan zerrenda zabaldu nuen berriro, eta berehala 100dik gora lagun elkartu nituen. Izena eman zuten gehienak ezagutzen nituenez, bigarren aldi hartan testu txiki bat egin nion bakoitzari», kontatu du. Protagonistaren gustuak, zaletasunak… eta horien arabera, dedikatutako kanta hautatu. Kanta dedikatuak gehi testua. Hortxe bigarren esperientzia.
Eta bigarrenaren atzetik beti datorrenez hirugarren bat, «hirugarrenean, dedikatutako kantari egun bakoitzeko protagonistaren argazkia gehitu genion», gogoratu du Pelukasek.
Laugarrenean jauzi
Ordura arte zerrenda 4.0ren aurrekariak. Baina, laugarrenean, harago joan nahi izan du Pelukasek, eta baita lortu ere. Aitortu duenez, parte hartzaile baten iruzkina irakurtzean bururatu zitzaion ideia. «Hark
champions-a aipatu eta niri zerrenda ixtean kanporaketak antolatzea otu zitzaidan».
Pentsatu eta ekin. 64 lagun elkartzean, zerrenda itxi, eta bikoteka antolatu zituen parte hartzaileak. «Nik kanta hautatu beharrean, parte hartzaileei eskatu nien kanta bat aukeratzeko».
Ondoren, kanporaketak antolatzen joan da Pelukas, kirol lehiaketetan egiten duten antzera. «Lehena azkenaren kontra, bigarrena azken aurrekoaren kontra… eta horrela zerrenda itxi arte», zehaztu du. Modu horretan, bi kanta lehian jarri, eta bikote bakoitzetik bat gailentzen da beti, Facebook bidez boto gehien pilatzen duen kanta.
Edozeinek eman dezake botoa, eta abestia nork proposatu duen ez dago jakiterik, «jendeak kanta bozkatu dezan eta ez pertsona», azaldu du.
Egunotan lehiaketa final-laurdenetan da, eta finala uztailaren hasierarako-edo espero da. Finalaurrekoak arte edozeinek eman dezake bozka, baina abesti irabazlea musikari profesionalek aukeratuko dute. Finalean botoa emango dutenen artean daude: Golden Apple Quartet-eko Kike Otxoa, Gatillazoko musika teknikari Fran Perez Arellano, Mikel Memo, Iñaki Salvador, Underneed-eko Eider Rozas eta Daniel Fernandez, Juantxu Amanece… «Proposamenak haiei bidali eta musikari profesionalean boto gehien pilatzen duenak irabaziko du», zehaztu du Pelukasek.
Proposatutako kanten artean denetarik da, baina gehienak oso kanta eta artista ezagunak dira: Queen, Melendi, Bonnie Tyler, Manolo Garcia, Scorpions…
Sarien zozketa
Lehiaketa martxan zela, beste burutazio arrakastatsu bat izan zuen Pelukasek. Bere tabernako nagusiei eta Aker tabernako Mendekuri konbinatu batzuk zozkatzeko baimena eskatu, eta hauen oniritziarekin, botoa ematen zutenen artean zozkatu zituen. Iniziatiba hark herriko beste merkatari batzuk erakarri ditu, eta konturatzerako, ia oharkabean, handitzen joan da sarien zakua. «Facebooken idazten hasi nintzenean De Cyne Reynak eta Akerrek lau konbinatu zozkatuko zituztela partaideen artean, jendeari iniziatiba gustatu eta deiak jasotzen hasi nintzen.
Zamalbide jatetxetik deitu ninduten aurrena, eta konturatzerako hamahiru establezimenduren opariak ditut». Jatetxeak, Khu Bikes bizikleta denda, kontzertuetarako sarrerak, Bitxi Koloreren apaingarriak, Txustiren txutxingomak… Lehen hiru sailkatuek otorduak irabaziko dituzte, eta galtzaile zein boto emaileentzat ere izango dira opariak aukeran.