Larrialdi simulakroak Portuan
Erantzun denbora neurtu eta bitartekoen egokitzapena eta koordinazioa testatzeko simulazioak egin dituzte.
Bi ontzien arteko istripuan zauritutako laguna erreskatatzen, simulakroan.
Lehengo astean bi larrialdi simulakro egin dituzte portuan. Lehenik sute bat simulatu zuten lonja berrian, portuko iturriak azaldu dutenez, “erantzun denbora neurtzeko, eta baliabidean nahiz parte hartzen duten eragileen arteko egokitzapena eta koordinazioa testatzeko”.
Ondoren, itsas kutsadura gertatzen denerako barne plana aktibatu zuten. Horretarako bi laketontzien arteko ustekabeko abordatzea simulatu zuten, portuko bokaletik milia erdira. Ontzi batean pitzadura bat irekitzen zela eta gasolioa tanke batetik ateratzen hasten zela simulatu zuten, eta baita tripulatzailetako batek buruan kolpe bat hartu eta zauritzen zela ere.
Erantzun moduan, zauritua erreskatatu, artatu eta ospitalera eraman zuten, anbulantziaz. Aldi berean, kutsaduraren aurkako ekintzak antolatu zituzten. Horretarako, atoiontzi batek eta Sasemarren ontziak (
Salvamar Orion) kanpoko uren kutsaduraren aurkako barrera bat jarri zuten, lehenik orbanari eusteko eta ondoren bertan lan eginez orban horren dispertsioa errazteko.