Agirregabiria: "Mila esker, Juanba! Eta... urte askotarako!"
Juanba Berasategi sanjuandarrak Zinemira Saria jasoko du hilaren 24an, Donostiako Zinemaldian, euskarazko animazioari egin dion ekarpenagatik. Pasaiako alkate Amaia Agirregabiriak honako gutuna bidali du zinemagilea zoriontzeko:
Zinemaldia ospatzen den hiritik kilometro gutxira, bada filmetan asko atera ez den herri bat, baina izarrak ugari dituena. Horietako bat zara zu, Juanba; eta herria, Pasaia. Gaurkoan, Euskal Herriko animazioaren historian egin duzun lana sarituko dutenez gero, zure herriko alkateak aukera aprobetxatu nahi du, (sarietarako partidarik ez badugu ere) hitz xume hauen bitartez, Pasaiako herriaren esker ona zuri helarazteko. Profesionalki proiektu mordoxka egin duzu, nekez bada ere, konta daitezkeenak, baina herriko zenbat saltsetan parte hartu duzun kontatzen hasiko bagina, ez genuke inoiz amaituko. Mila esker, Juanba! Eta … urte askotarako!
Amaia Agirregabiria Alberdi,
Pasaiako Alkatea.