Agustina Pontesta: "Ez dugu erraustegirik nahi!"
Agustina Pontesta lezoarrak "Ez dugu erraustegirik nahi!" izenburupean gutuna bidali du.
Ez dugu erraustegirik nahi!
Lezo eta ingurune osoa aski zigortua izan bada orain arte (Potasas, San Marko, Iberdrola, e.a., ) hemendik aurrerako Lezo eta gainontzeko inguru guztia garbia eta osasuntsua nahi dut nik, herri txukuna, kalean zaborrik gabea, kiratsik gabea, gaixotasunik gabekoa (ikus, herritarren minbizi tasak, asmak,.. eskualdean), eta hori lortu ahal izateko norberak hasi behar du lehenik heziketa etxetik, garbia ez baita zaborra edozein lekutan botatzen duena edota auzoko herrira eramaten duena, baizik eta ahal den zabor gutxien sortzen duena eta sortutakoa birziklatzen duena, eta denok hori eginez gero zertarako erraustegia?
Atzo [igandean] Zubietako aldarri bakarra eta bateratua horixe izan zen: ez dugu erraustegirik nahi inon.
Europan erraustegiak desagertzera doazela gauza jakina da isurtzen duten dioxinazko gas toxikoek, errautsak eta bestelako isuriek izugarrizko kaltea sortzen dutelako osasun eta ingurunean, besteak beste. Hori horrela, orduan, zertarako hain kaltegarri izango genukeen erraustegia? Bestalde, erraustegien aldeko politikari ekologista, progre eta moderno horiek nola justifika dezakete “birziklatzea” dena “erraustu” egin behar badute? Erraustegian xahutu beharreko diru hori heziketan, kulturan edo beste zernahitan gastatzea ez ote litzateke egokiago?
Egia bada gure seme-alabak diogun bezainbeste maite ditugula, eta gure herria ere maite badugu, hori al da utzi behar badiegun ondarea? Orain arte bezalako herri “kutsatua”? Ez al dute merezi etorkizun hoberik?
Bada guzti hori kontutan hartuz Lezon ere, zabor kontuan hartu den azken erabaki horri oraingoz egokienetakoa dela pentsatuz egin da, herri osasungarri baten aldeko apustua egin behar dugulako guztiok, nahiz eta badakigun ohituren aldaketa beti nekeza izan ohi dela, hasieran gutxi batzuk izango gara agian, gero gehiago eta azkenean bakoitzak bere ahalegina eginez herri osoak parte hartu eta ikusiko du gure esku, lezoarron esku dagoela herri garbi eta osasuntsua egitea. Eskertzekoa dudarik gabe.
Horregatik, animo lezoar guztioi eta gure ezezkorik irmoena erraustegiari eta bai Euskal Herri osasuntsuari gure esku dagoelako!