Greta
Askotan pentsatu izan dut nahastu egin nintzela non jaio erabakitzerakoan. Diot ez zaizkidalako gustatzen Euskal Herriko (eta batez ere, Oiartzungo) erdipurdiko udazken/udaberri luzeak; ez zaidalako gustatzen euria —eta Oiartzun da Iberiar penintsula guztian euri gehien egiten duen herria, nonbait, Portugalekin muga egiten duen Extremadurako herri batekin batera—; ez zaizkit gustatzen bertsoak (bai, barkamena eskatzen dut); ez zaizkit gustatzen bakailaoa, intxaurrak eta sagardoa…
Eta diot, ez zaizkidalako gustatzen jaiki, sakelako telefonoa piztu, eta berriz ere gure herrian atxiloketak izan direla esanez golpetik esnarazten dizuten mezu horiek. Eta pizten duzu irratia, eta haserretzen zara beste behin ere, eta gogoratzen dituzu orain arte gehiegitan errepikatu diren antzeko goizak (Oiartzunen, azkenekoz joan den urteko ekainaren 3an), eta alrebesten zaizu astearen hasiera; goizak badirudi 15 ordu dituela bost beharrean; jarraitzen dituzu batzuen eta besteen adierazpenak (eta are gehiago sutzen zara zenbaitenak entzun/irakurtzerakoan); joaten zara plazara, eguerdiko elkarretaratzera; entzuten duzu Onintzaren (oraingoan berari tokatu zaio) ingurukoek duten informazio pixarra; pasatzen da arratsaldea nolabait; ilunabarreko elkarretaratzera zoaz berriz ere, eta sumatzen duzu jendea nazkatuta dagoela, haserre dagoela, nekatuta dagoela horrelako egunez, horrelako albisteez, horrelako egoerez…
Ruper Ordorikak esan zuen inork ez ziola abisatu euskaldun izatea zeinen gogorra zen. Nik, gogorraz gain, euskaldun izatea surrealista ere badela esango nuke. Herri honetan gauza surrealistak gertatzen direlako. Apollinaire pozik egongo litzateke Euskal Herrian.
Horregatik, askotan pentsatu izan dut zergatik ez ote nintzen Norvegian jaio, Greta gisako izen fabuloso bat izan, eta apenas jakin Euskal Herria mapan kokatzen. Noizbait Interraileko bidaiaren batean Kroaziako hondartza zoragarriren batean turista batzuk topatu eta «where are you from?», galdetuta «Basque Country» erantzun zizutela gogoratzea, eta pentsatu zenuela «where is it exactly». Ezta?