Gure etxean maizter?
Argazkia egin nion Arantzan udaletxeko balkoiari. Bazter batean zegoen bandera bakarrak (espainiarrak), balkoian alderik alde, Hau ez da gurea zioen pankarta zeukan aurrean. Twitterren sekulako zabalkundea izan zuen argazkiak.
Herrikoaz gogoratuta, artikulu hau idatzi aurretik Lezoko plazara joan nintzen… eta, han ere, Arantzakoaren antzekoa: Espainiako lege eta epaileen aginduz jarri beharra izan den bandera espainiar koxkor bat balkoiko barandaren atzealdean; plazan, berriz, alderik alde, Gurea ikurrina zioten hizki koloretsu ikusgarriak pankarta moduan eskegita. Udaletxeko atarian hiru masta sendo jarri dituzte. Horietako batean dago ikurrina Lezoko eta Nafarroako banderen ondoan.
Tematuta dabil Carlos Urquijo Espainiako gobernu ordezkari nekaezina Euskal Herriari espainiartasuna inposatu nahian. Gero eta gehiago dira, Urquijoren ekimenez, arrotz jotzen duten bandera udaletxeko balkoian jarri beharrean diren herriak.
Agerian geratzen ari da burujabetza, erabakitzeko eskubidea, nazioa, autodeterminazioa, independentzia eta gisakoak gero eta indartsuago entzuten ari diren honetan, Espainiako estatuak kate motzean lotu nahi dituela bazterrak konstituzioan urrezko hizkiz idatzita dagoen batasuna apur ez dadin. Irratiak, egunkariak eta aldizkariak itxi edota alderdi politikoak eta bestelako gizarte taldeak ilegalizatu dituen estatu bera da, orain ere, lanean ari dena.
Urduri dago estatua. Estatu hori bera ari da Nafarroan euskalduntzeari diru laguntzak kentzen, D ereduko irakasle eta ikasleak indarkeriarekin nahasten, euskarazko komunikabideei trabak jartzen eta lizentziak ukatzen dituena. Inkisizio horren azken urratsa Cintruenigoko Otero Navascues ikastetxe publikoan irudikatu du. Guardia Zibila armen erabilera erakustera joan zaie haurrei, poliziaren mentalitatean soilik ulertzen den ekinbide pedagogikoan.
Urduri dago estatua. Madrildik geldiarazi berria dute Nafarroan Yolanda Barcinaren moduko pertsonaiak agintetik kentzeko egitasmoa. Berriz ere, estatuaren eskua; oraingoan (bigarren aldiz) bertsio sozialistan.
Urduri dago estatua. Etxarri Aranatzen Euskal Herriaren independentziari buruzko lehen herri bozketa egin izana urrats kualitatiboa da Nafarroa eta Euskal Herria bera estrategikotzat dituztenen kontra. Azken finean, espainiartasuna inposatu nahi dutenen kontra. Euskal Herrian Etxarri Aranatzek zabaldu du Katalunian Arenys de Munt herriak zabaldu zuen bidea.
Urduri dago estatua. Katalunia badoakiola ikusten ari da. Atzera bueltarik gabea dirudi, gero eta gehiago, Kataluniakoak. ANC asanblea nazionalaren ekimenek erabakitzeko eskubidearen bidean jarri dute lurraldea. Independentziaren bidean, esango nuke. Alderdi abertzaleek berehala ulertu dute mezua. Ezin diote huts egin herritarren nahiari. Berriz ere, herri borondatearen irmotasuna datorren irailaren 11ko Diadan erakutsiko dute katalanek.
Urduri dago estatua. Independentziaren aldeko burrunba gero eta ozenago entzuten da. Baita gurean ere. Ikusgarria izango da ekainaren 8an, Gure Esku Dago ekimenaren eskutik, Durango eta Iruñea giza katez lotuta ikustea. Egun horretatik aurrera, Katalunian bezala, biderkatu egingo dira erabakitzeko eskubidearen eta independentziaren aldeko dinamikak. Alderdi abertzaleek ezingo diote bizkar eman herritarren nahiari.
Igaro berria den Aberri Egunaren biharamunean Bilboko eta Iruñeko deialdietan burujabetzan aurrera egiteko bi eredu desberdin irudikatu zirela ekarri zuen titular nagusira Gipuzkoan gehien saltzen den egunkariak. EH Bilduk abertzaleen arteko akordioa proposatu zuen independentziaren bidean; EAJk, berriz, autogobernu estatus berri baterako ituna egitea eskaini zion estatuari. Zer estatus berri eman diezaioke, ordea, inposaketaren kulturan eraikitako estatu batek inori?
Eredu bat ala beste, euskal alderdi abertzaleak Kataluniara begira jarrita daude, han gertatzen denak gurean eragina izango duelakoan. Han herria jarri da alderdien aurrean. Mezu hori aintzat hartu eta bere egin du Artur Masek. Ikusiko dugu. Guk osa dezagun gure giza kate askatzailea. Eta, bitartean, hemen segituko dugu gure etxean maizter.