Gutuna: "Arramendiren zabaltzea"
Jende askok galdetu du ea nola handi daitekeen Arramendiko parkea 15.000 metro koadro. Hamabost mila metro koadro horiek ez dira mahukapetik atera, baina amarrua du eta hona azalpena: Duela urte asko, Herri Batasunaren ekimenez, Udalak Arramendi gure herriko hiri-parkea izan zedin lursailak erostea erabaki zuen. 2002an parkerako eskuratutako lursailek 191.485 metro koadro hartzen zituzten, hauetatik 181.785 metro koadro espazio libreetarako izanik (parkeak eta lorategiak). 2004an Plan Orokorra behin betiko onartu zen, parkerako 161.191 metro koadro utziz, hauetatik 146.469 metro koadro parke eta lorategietarako ziren. Ondorioa: parkeko 35.316 metro koadro “desagertu” ziren. Nola egin zuten? Politikariek teknikariei planoetan lerro batzuk egiteko agindu zieten, eraikitzeko lursailak gehiago eta handiagoak eta parkea txikiagoa utziz. Hamalau urteren eta bere eraikinen ondoren, lerro horiek planoetan berriro mugituko dituzte, soberan dauden lursailak parkerako izan daitezen. Esan daiteke herriarengandik gertuen dagoen erakundea bakar-jokoan aritzen dela eta tranpa egiten duela. Bakar-jokoan ari dela diogu, erabakitzeko jokoan berak bakarrik jokatzen baitu. Baina, gainera guk sinestea nahi izatea… Blindatzearena bezala, esaterako. Eraikitzen utzi ondoren blindatzeaz hitz egiteak ez du logikarik. Plan Orokorra aldatu ahal bada, nola blinda daiteke? Udal honek enpresa pribatu bati luxuzko etxebizitzak eraikitzeko saldutako lursailarena adierazgarria da. Laburtuz, “kendu” ziren 35.316 metro koadrotatik 15.000 metro koadro itzuliko dituzte eta honi zabaltzea deitu diote. Azkenik, herritarrok Arramendin etxe gehiago ikusiko dugu, baina ez dugu parke handiagorik ikusiko. Josemari Irastorza, Arramendi Bizirik