Gutuna: 'Elkarrekin bizi direnek elkarrekin erabaki behar dute'
Aizpea Otaegi Mitxelena EH Bilduren alkatetzarako hautagaiaren gutuna Xenofobiaren eta Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira.
Martxoaren 21a Xenofobiaren eta Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko egun gisa izendatuta dago, eta hitzordu horren harira, Gipuzkoako SOS Arrazakeriak, urtero gisa, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka egiteko, Trintxerpeko martxarako deialdia luzatu digu martxoaren 24an.
Ikasleen mundu mailako mobilizazioetan bakoitzak bere mezua eta afixa eramateko ikusten ari garen joera horri jarraiki-edo, martxarako eslogana geronek hautatzeko proposamena luzatu digute.
Datozen bi hilabeteetan gure udalerrien mailatik hasi eta Europar Batasunera bitarteko hainbat instantziatarako ordezkariak hautatzeko hitzorduak ditugu eta, ez dakit jabetzen garen, baina gure artean bizi diren milaka eta milaka herrikidek ez dute guretzat hain oinarrizkoa den keinua egiteko eskubiderik izango: ezingo dute gustukoen duten, edo euren ideiak eta interesak hobekien defenda ditzakeen alderdia hautatu eta haren aldeko bozka eman.
Europar Batasunekoak ez diren etorkinek, udal hauteskundeetan botoa eman ahal izateko, 5 urtetako erresidentzia legalaz gain, beharrezkoa dute euren herrialdearen eta Espainiaren arteko akordio bat, botorako eskubidea aitortuko diena. Gaur egun, Espainiak hitzarmen hori 10 herrialderekin baino ez du, eta horien artean ez daude gure etorkinen jatorrietan hain ohikoak diren hainbat herrialde. Maroko, Honduras, Kolonbia eta Nikaragua dira Errenterian herrikide ditugun etorkinen lehen lau jatorriak eta herrialde horien artean, Kolonbia da Espainiarekin hitzarmena duen bakarra. Estimazio orokorrek diote gure artean bizi diren 10 etorkinetatik bakarrak duela botorako eskubidea. Gure herrian erroldatuta dauden atzerritarren artean ia 3.500 Europar Batasunetik kanpoko jatorria dutela kontuan hartuta, erraza da kalkulatzen zenbat herrikide ari garen bazterrean uzten!
Zaila da onartzen hemen bizi diren, hemen kotizatzen edota zergak ordaintzen dituzten milaka herrikideei botoa ematea bezalako oinarrizko eskubidea ukatzen diegula. Eta, zoritxarrez, ez da bizi duten diskriminazio bakarra: Atzerritartasun Legeak eragiten dituen desberdinkeriak eta oinarrizko eskubideen urraketak askotarikoak dira eta bizitzaren esparru gehienak baldintzatzen dizkiete herrikide horiei.
Zer nolako harrera eskaintzen diegu beraz, gurera lanera eta etorkizun berri bat eraikitzera datozen horiei? Guk nahi ez ditugun lanak egiteko edota gure demografia zuzentzeko balio diguten horiei, aitortzen al diegu herritartasunik? Integra daitezela eskatzen diegu maiz, baina ba al dugu hori eskatzeko zilegitasunik eskubide osoko herrikide gisa aitortzen ez baditugu?
Errealitate hau ikusarazteko egin izan dira bozka lagapenarekin lotutako ekintza sinbolikoak eta, gaur eta orain, datozen hauteskunde-hitzorduetan, behar beharrezkoak direla sinetsita nago. Sabelean daramaten haurra gutiziatu, haurdun dagoen emakumea mespretxatu eta haurra adopzioan ematearen truke kaleratze-agindua atzeratzea proposatzeko gai diren horien aurrean, argi eta ozen esan beharra dugu bestelako gizarte batean sinesten dugula. Arrazakeria eta matxismoa normalizatu nahi dituztenei aurre egin behar diegu, guztion interesak defendatuz, herri duin eta abegikor baten alde eginez.
Bide eder hau egiten jarraitzea, hemen bizi direnak eskubide osoko herrikide nahi ditugula aldarrikatzea da. Bide eder hau egiten jarraitzea, bide eder honi dagozkion erabakiak elkarrekin bizi garenok elkarrekin hartu nahi ditugula aldarrikatzea da. Horregatik, horixe izango da Trintxerpeko aurtengo martxarako nire aldarrikapena, elkarrekin bizi direnek elkarrekin erabaki behar dutela.