GUTUNA: 'Nola asmatu agenda feministaren eskaerak politika publiko eraginkor bihurtzen?'
Berriz ere, bete ditugu kaleak, aspaldi ez bezala gainera. Eta sentitu dugu, iaz bezala, gertatzen ari den hau geldiezina dela. Eta hunkitu gara. Hunkitu gara indar erakustaldiarekin, emakumeen eta aldarrikapenen aniztasunarengatik, baita grebak gure aurretik borrokatu zirenen aitortzatik eta etorkizun oparotik duenagatik ere. Sinetsita gaude ez dagoela feminismoak amesten duena baino etorkizun hoberik eta martxoaren 8an etorkizun hori hatz puntekin ukitu izana iruditu zaigu.
Une honetan ez dago beste gizarte mugimendurik herritarrak mobilizatzeko mugimendu feministak adinako gaitasuna duenik. Feminismoak mobilizatzen duen aniztasuna ordezkatzen duen beste gizarte mugimendurik ez dagoen bezala. Feminismoaren arrakastaren kausez luze eta zabal hitz egin dezakegu, eta beharbada, oro ez da urre. Baina mugimendu feministari aitortu behar zaizkio gutxienez bi bertute handi: Batetik, asmatu du bizi dugun errealitate konplexua irakurtzeko tresna teoriko kritikoak eraikitzen eta, bereziki, sozializatzen. Bestetik, antolatzeko ikaragarrizko gaitasuna erakutsi du molde eta praktika politiko propioak eraikiz eta baliatuz.
Zorioneko gaude feminismoak bizi duen laugarren olatu deitutako honek bere isla duelako geure herrian ere. Izan ere, mugimendu feministarik gabe ez dago pasa den martxoaren 8ko moduko mobilizaziorik, ez kopuruetan, ez edukietan, ez praktikatan.
Baina feministon mobilizazio arrakastatsuak ez dira indar-erakustaldi soilak, bizitzak erdigunean jarriko dituzten politika publikoak aldarritzako bitartekoak baizik. Eta hor, erronka handia eta bide luzea dugu aurretik: nola asmatu agenda feministaren eskaerak politika publiko eraginkor bihurtzen? Nola erantzun politika publikoen esparrutik feminismoak proposatzen dituen eraldaketa sakonei, azaleko proposamenetan geratu gabe?
Erronka horri behar bezala heltzeko ezinbestekoak dira erakundeen sinesmen politikoa, baliabideak, sormena eta ekimena. Baina aurrekoak bezain garrantzitsuak dira mugimendu feministaren eta erakundeen arteko konfiantzan eta konplizitatean oinarritutako harremanak eta etorkizun berria elkarrekin eraikitzeko lanerako espazio partekatuak. Berdintasunerako Kontseiluak horretarako plataforma ezin hobea eskaini digu azken urteetan. Martxan jarri berri den Emakumeen Etxeak, berriz, jauzi kualitatibo bat ematen lagunduko digu.
Jarrai dezagun, beraz, bide eder hau egiten, hasitako bidean sakontzen, jarrai dezagun bizitzak erdigunean jarrita herria eraldatzen eta, batez ere, jarrai dezagun bidea elkarrekin egiten.
Aizpea Otaegi Mitxelena, Errenteria-Oreretako EH Bilduren alkategaia