Pentsatu margolari famaturen batetan. Badaukazu? Pentsatu haren bizitzan. Bizi izan zen giroan. Zer ikusten duzu? Zer bizimodu klase, zer inpresio?
Pentsatu orain margolari horren koadro famatuena zintzilikatuta dagoen espazioan. Zer nolako eraikina da? Zer inpresio sorrarazten dizu inguruneak?
Pentsatu Hondarribian. Zein irudi etortzen zaizu burura? Zer ikusten duzu burura etortzen zaizun lehen irudi horretan? Pertsonak ikusten al dira? Eraikin multzoren bat? Natura? Zer sentsazio eragiten dizu? Non kokatzen duzu zure burua espazio horretan? Bizitzarik ikusten al duzu? Energiarik?
Imajinatu elbarria zarela edo artrosia gaixotasuna duzula. Eta imajinatu Alde Zaharreko Kale Nagusian zaudela. Udal liburutegi sarreran. Zaharberritu behar den eta irisgarritasun baldintzarik betetzen ez duen Zuloaga Etxearen aurrean zaudela. Imajinatzen duzu? Eta? Zer moduz?
Manuel de Solà-Moralesek, Bartzelona itsasorantz zabaltzeaz arduratu zen arkitektoak, esaten zuen eraikinak pertsonen zerbitzura egon beharra zutela, eta ez alderantziz, pertsonak eraikinen baldintzetara mugatuak.
Arkitekto honek, eta ez zen edozein arkitekto, uste zuen justifikatuta dagoela alde zaharretako eraikin historikoak botatzea eta horien ordez berriak eraikitzea, azken helburua hauek pertsonentzako irisgarriak edota bizigarriak izatea baldin bada. Uste zuen herriak eta eraikinak bizitzeko direla eta irisgarriak ez diren hiriak, bizi kalitaterik gabeko eraikinak, pertsonen beharretara egokitzea beharrezkoa dela.
Uste zuen monumentalegiak diren hiriak, postalezko hiriak, hiri aspergarriak direla, energiarik gabekoak, monotonoak, bi egunetan bisitatu eta hortik aurrera ezer berririk eskaintzen ez dutenak. Energiarik ez dutela transmititzen, izkinak falta zaizkiela, atzekalde ilunak, sormen guneak.
Solà-Moralesek esaten zuen museoak ez direla sormen iturri. Koadroak ez direla museoetan margotzen. Museoetan zintzilikatu egiten direla eta jendeak ordaindu egiten duela bertara sartu eta koadroa ikusteko. Milioika euro balio dituzten koadroen jatorria leku dekadenteetan dagoela. Hirien alde ilunetan, «itsusietan». Gune horietan dagoela sormenerako giroa. Eta ez espazio dotoreetan, gehiegi antolatuetan. Dibertsitatea dagoen lekuetan. Behin eta berriz bisitatu izanagatik ere aldiro gauza berriren bat topatu edo ikusi dezakezun guneetan. Aniztasuna eta nahasketa handiko guneetan. Energiaz betetako espazioetan.
Hondarribiko udal gobernuaren ustez, irisgarritasuna da Alde Zaharraren erronka nagusietakoa, eta horregatik, irisgarritasuna hobetu asmoz jarri ziren Zezen Plazako zubia eta Sabino Aranako igogailua. Aldiz, Alde Zaharreko Zuloaga Etxean kokatutako udal liburutegia zaharberritzeko onartu berri duen proiektuak ez du pertsona guztien irisgarritasuna bermatzen. Eta, hala ere, alternatibarik eskaini gabe, mugikortasun baldintza bereziak dituzten pertsonak aintzat hartu gabe, aurrera jo du proiektuarekin. Zailtasun teknikoak omen. Nire ustez, berriz, beste behin, lehentasun kontuak.
Urteak joan, urteak etorri, sorpresarako tarterik gabe, patroi beraren arabera errepikatzen den egitaraua bezala, bioerritmoa monitorizatua duen herri dotore, txukun, monumental honetan, garbi dago asko begiratzen zaiola irudiari, itxurari, dena ondo antolatuta egoteari, formari.
Baina pertsonaren eskalatik begiratuta, garrantzitsuena falta zaio: berezkotasuna etengabe berrasmatzeko aukera. Espontaneitatea. Instituzionalizatutako egitarauetatik at, herritarren energiatik sortzen diren ekimenak (Herri Olinpiadak bezala) sortzeko aukerak. Txukuntasunaren porlanetik libre egon daitezkeen espazio anitzak, ertzadunak. Sormen gune ez ofizialak. Itxuraren gainetik funtzionalitatea eta irisgarritasuna bilatzen dituzten guneak. Herritar guztientzat irekita dauden espazio irisgarriak. Kanpora joan gabe, herrian bertan, esperientzia berriak bizitzeko eta geure buruak etengabe berraurkitzeko aukera eskainiko duena. Baina buruko irisgarritasunik gabe, zaila!