Pedro del Olmo (Arraztalo): "Eskutitz irekia"
Juan Maria Aburtori (Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburu ohia) eta Angel Tarsicio Toñari (Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburua):
Arraztalo Elkartearen, Oiartzungo Gaixo Psikikoen Elkartearen, izenean idazten dut. Gaixo psikikoen lan-integrazioan hasi genuen gure proiektua orain dela bost urte, eta honakoa azaldu nahiko nuke:
Eusko Legebiltzarrak, 2014ko otsailaren 13an egindako osoko bilkuran, aztergai izan zuen mozio bat, enplegu-zentro berezien kalifikazio eta erregistrorako marko administratiboa sortzeari buruzko interpelazioaren ondoriozkoa, eta, eztabaida egin ondoren, ondoko testuaren arabera onetsi zuen:
“Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio bilkura-aldi honetan sor dezala enplegu-zentro berezien kalifikazio eta erregistrorako marko administratiboa, sindikatuen eta eragileen parte-hartzearekin, eta urte honetan zehar inskribatzen direnentzat urtarrilaren 1eko atzeraeraginarekin, hartara entitate horiek laguntzak lor ditzaten 2014ko ekitaldiaren kargura”
(Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala – 65zk. – 2014/02/21 – 10723-25 orri.)
Honen harira, 2014ko urriaren 1ean legebiltzarkide batek galdera batzuk egin zizkion Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako Sailburuari (garai hartan, Juan Maria Aburto Riquer jaunari).
2014ko urriaren 27an, Sailburuaren erantzuna ailegatzen da.
Beste erantzunen artean agertzen dira hauek:
Galdera: Noizko aurreikusten du Jaurlaritzak erregistro sortze eta, hortaz, Legebitzarreko agindua betetzea?
Erantzuna: “Esan dugunez, ez da erraza legearen arauzko erreferentziarik gabe erregistro bat egitea, eta nekez esan dezakegu zein egunetarako amaituko dugun. Lehen-lehenik, ahalik eta kontsentsurik handiena lortu behar dugu, eta adostasuna hori bermatzeko baliabide guztiak garatzen ditugunean onartuko dugu araudia; ez dugu uste, edonola ere, datorren urteko lehen hiruhilekoa beranduago izango denik” (2015eko lehen hiruhilekoa, hain zuzen ere).
Galdera: Ba al dago dekretuaren zirriborroren bat? Egotekotan, horren kopia bat bidaltzea eskatzen da.
Erantzuna: Honekin batera doa dekretuaren ziriborroa.
Eta badoa!!!: “Borrador de decreto por el que se crea el registro vasco de centros especiales de empleo y se regula su calificación e inscripción”
Gertakari hauen harira, galdera hauek egin nahiko nituzke (beste askoren artean):
Hau al da ezintasuna duten pertsonen lan integrazioa bezalako gai delikatu bat lantzeko era egokia? Laburbilduz: mozioa 2014ko otsailean onartu zen, galdera batzuk 2014ko urrian erantzun zenituzten, 2015eko lehen hiruhilekoan dekretua onartuko zela uste zen, 2015eko urrian gaude, eta …
Gaixotasun psikikoa duten pertsonen senideak garen heinean, lan integraziorako proiektu batean lanean ari gara Oarsoaldean, eta gure etorkizuneko helburua enplegu zentro berezi bat sortzea da, hain zuzen ere. Aipatutako eskualdeko enplegu zentro berezia senideen elkarteekin, udalekin eta Oarsoaldearekin (Eskualdeko Garapen Agentziarekin) sortuko dugu, gaixotasun psikiko larriak dituztenentzat. Eta berebiziko garrantzia du. Egunen batean ikusiko dugula uste al duzue?
Honetaz ez al du ezer esateko Jon Darpon Sierra jaunak, Osasun Sailburuak?
Eusko Jaurlaritza – Pertsona Helburu?
Bide batez, jakin hurrengo ostegunean, urriak 22, Arraztalo Elkarteak, Oiartzungo Gaixo Psikikoen Elkarteak, bere asanblada orokorra egingo duela 19:00etan Oiartzunen. Gogoz bazaudete, ongi etorriak izango zarete.
Ondo izan