Promesak
Urte berrirako promesak eginez hasiko zenuten urtea zuetako askok. Aurten bai, Behobia-Donostian aterako naiz. Erretzeari utziko diot. Kirola egiten hasiko naiz. Parranda gutxiago egingo dut. Garaiz hasiko naiz azterketetarako ikasten. Dena gaindituko dut. Familiako bazkarietara ajerik gabe joango naiz. Garaiz iritsiko naiz zitetara. Ezetz esaten ikasiko dut. Eta baietz, bi aldiz pentsatu gabe. Oporretan Euskal Herrian txokoak ezagutuko ditut —beti urrutira joaten gara eta ez dugu bazterrean duguna ere ezagutzen, hombre—. Datorren urteberritan Adarrara igoko naiz. Edo Aiako Harrira. Hobeto, bai, bertatik bertara. Eta salda bat hartuko dut Arritxulon. Txorixo muturrarekin. Pertsona hobea izango naiz. GKE-ren bateko bazkide egingo naiz. Egunero zerbait berria ikasiko dut. Eta malaletxea kontrolatu. Fisioterapeutak eta okulistak jarritako ariketak egingo ditut egunero.
Promesa orokorrak ere egiten dira urte hasieran: datorren urtea aurrekoa baino hobea izan dadila. Gerrarik gabekoa. Desgraziarik gabekoa. Eta dagoeneko Trintxerpen 42 familia etxerik gabe gelditu dira. Lau eraso matxistaren berri, behintzat, izan dugu Euskal Herrian. Ogia beste bost zentimo garestitu da. Abortatzea delitu bihurtu dute.
Ziurrenik, promesa gehienak bete gabe geldituko dira. Eta gutxi batzuk beteta. Baina horrexegatik dira promesa. Bestela betebeharrak lirateke. Edo, are okerrago, aginduak. Eta orduan promesek zentzua galduko lukete. Eta kontrarioa ematea gustatzen zaigunez, gehiago erreko genuke, kirol gutxiago egin, deus ere ez gainditu, haserre bizi… Baina lasai. Promesa hutsak direnez, ez gara frakasatu hutsak sentituko urte bukaeran, bete ez ditugulako. Eta beti izango dugu denbora hurrengo urtean promesa(k) berritzeko (lasai, ez da mundua bukatuko. 2012ko abenduaren 21a aspaldi pasatu zen).
Nik, berriz, urte berrirako zutabe hau idazteko eta zuek ahalik eta gutxien aspertzeko promesa egin dut nire. Saiatu, egingo naiz. Lortutako dudan edo ez… hori zuek esan beharko duzue.
Pd: Bizi garen herri surrealistaz idazteko tentazioa ere izan dut egun hauetan, baina azkenean adeitasunak irabazi du… Akaso badakidalako aurrerago ere izango dudala herri surrealista honetaz idazteko denbora…