Santi Angulo: "Patxiku bizirik"
Patxiku kanpa edo, izen ofizialez, Txirrita parkea Alaberga, Gabierrota eta Pontika auzoek sortzen duten Erdialdeko triangeluan dagoen berdegune natural bakarra da. Bertako bizilagunen borrokari esker lortu zen bertan eta Onbide zinemaren orubean etxerik ez eraikitzea.
Egun, borroka horren lorpenak ahaztuak, Patxikun hiru hirigintza-jarduketa egiteko asmoa du Udalak: lehena, Onbideren orubean, Emakumeen Etxea; bigarrena, parkearen beheko aldean, haurrentzako jolas-eremua; hirugarrena, goiko aldean, Migel Alduntzin kalean, 2012tik errebisatu ez den Plan Orokorrean oinarrituz eta inguruko biztanleen iritziaren edo nahiaren aurka, etxebizitzak eraikitzea da.
Emakumeen eta haurren kasuan parte hartzeko prozesu bana bideratu da. Hala ere, bertako bizilagunei eta parkearen erabiltzaileei ez zaie inolako aukerarik eman, nolako parkea nahi duten definitzeko garaian, bilera informatibo bat besterik ez da egin.
Beraz, Erdialdean daukagun berdegune bakarra hirigintza-jarduketa horiek suntsitua geratuko da. Berdeguneak zaindu, hobetu eta berreskuratu beharrean, urbanizatzea ez dator bat, behintzat, ezkerraren praktika ekologistarekin. Are gutxiago, bertako bizilagunak eta parkearen erabiltzaileak diskriminatzen badira.
Emakumeen Etxea lorpen handia da, zalantzarik gabe, eta haurren jolas-parkeak nonahi daude herrian. Hala ere, Udalak Emakumeen Etxeari eta jolas-eremuari eman dien kokapen fisikoak (eta etxebizitzak eraikitzeak ere) bizilagunek eraman zuten borrokaren lorpenaren aurka jotzen du. Ez al dira errebindikazio guztiak bateragarriak? Ez al dago beste lekurik Emakumeen Etxea eta haurren jolas-eremua kokatzeko, bizilagun edota herritar guztiok Erdialdean dugun berdegune bakarrari eutsiz eta zainduz?