Zergatik ez?
Bizitzaren kasualitateak, Lekuona doktorea izan da lehen aldiz galdera egin didana. Hala aurkeztu du bere burua, izan ere, kuriosoa da ospitalean zaudenean zenbat pertsona ezberdin sartzen diren zure gelara egunean zehar. Denborarekin, pentsatzen dut, mantalaren kolorearen arabera bakoitzaren lana zein den identifikatzea erraza izango da, baina nire izaera despistatuak ez dit 48 ordutan gaitasun hau garatzea ahalbidetu. Hortaz, pertsona berri bat atetik sartzen den bakoitzean adi-adi begiratzen diot, haurrari probaren bat egitera, nire puntuak aztertzera, komuneko toallak aldatzera edo meriendako kafesnea ekartzera datorren jakiteko helburuarekin. Nire txanda da oraingoan, ginekologoa baita bisita egitera etorri zaidana, Lekuona doktorea. Bere burua aurkeztu, eta «zure abizena jarri diozu haurrari?» bota dit berehala, «bai», «denbora luze pasa dut ordenagailuan topatu dudan arte». Ez dirudi bada oso ohiko praktika denik.
Banuen susmoa lehenagotik, haurdunaldian zehar ohartu nintzen honetaz. Dagoeneko haurren bat duen emakumeekin hizketan ari nintzela abizenen ordenaren gaia ateratzen bazen, harridura izaten zen nagusi egindako hautuagatik. Kasu batzuetan, beren bikoteek ez luketelako horrelako proposamenik onartuko, mendeetako tradizio luzeak ukaezina den pribilegio bat emango balie bezala. Beste batzuetan, aldiz, are erreakzio kuriosoagoekin egin dut topo, izan ere, kasu batzuetan, emakumeak berak ez baitu bere abizena jartzea planteatu ere egin, gizonezkoak hobesten dituzten tradizioen defendatzaile sutsuenak, sarri, emakumeak izaten garela agerian geratuz, nahiz eta askotan modu inkontziente batean izan.
Arrazoi hori izan da artikulu hau idaztera eraman nauena; planteatu behintzat, emakumeek aukera hori planteatu behar dutela iruditzen zaidalako. Norberaren hautua dator ondoren, baita bikotearena ere, eta hor, ez naiz ni sartuko. Izan ere, onartu beharra daukat erraza izan dela bidea nire kasuan. Senarra ados dago, berak ere uste du biok eskubide berbera dugula gure haurraren lehen abizena finkatzeko orduan; aitaginarreba eta amaginarrebak ere ez dute oztoporik jarri. Pentsatzen dut horrelako egoera idilikoak ez direla kasu guztietan emango, horregatik diot bikote bakoitzak hartu behar duela erabakia.
Ez dut uste errebindikazio feminista baten ondorioz egin dudanik hautua, nire haurrak nire abizena eramateak ilusio berezia egiten dit, besterik gabe, eta eskubide hori ondo irabazi dugula kontsideratzen dut. Hala ere, nire abizena inposatzea ere ez zait ondo iruditzen; biok dugu, nire ikuspuntutik, eskubide berbera. Arrazoi horregatik adostu genuen zozketa egitea: mutila baldin bazen bere abizena eramango zuen, neska baldin bazen, nirea. Zorte kontua, besterik ez.
Gauzak beti dira konplexuagoak ohiko bidetik ateratzea erabakitzen duenarentzat. Haur bat jaiotzen den momentuan egin behar diren tramite guztien artean jaioberria erregistratzearena dago. Gurasoak ezkonduta baldin badaude aita joan daiteke epaitegira, ama etxean errekuperatzen den bitartean, baina ez da horrela izatezko bikoteen kasuan eta ezta, ezkonduta egonda ere, abizenen ordena aldatzea erabakitzen duten bikoteen artean ere, kasu horietan biak joan behar dira. Arazoa da zortzi egun soilik igaro daitezkeela gehienez haurra jaiotzen denetik erregistratzen den arte, eta, esperientziagatik diot, kasu batzuetan zortzi egun ez dira nahikoak erditzetik errekuperatzeko. Nik lortu nuen epaitegira joatea, baina ezagutzen dugu emakumea ondoezik egonagatik abizenik aldatu ezin izan zuen bikote bat. Badirudi badagoela epearen luzapen bat eskatzeko aukera, baina ez dakit zehazki zein kasutarako den baliagarria.
Artikulu honekin ez dut emakumeen abizena lehenengoa izan behar duenik errebindikatu nahi, norberaren eta bikotearen hautu pertsonala iruditzen zait, egoerak eta ilusioak ezberdinak baitira kasu bakoitzean. Baina garrantzitsua deritzot sabelean bizitza txiki bat daraman edo eramango duen emakume orok hausnarketa txiki bat egitea.
Egindako hautua azaldu izan dudanean badago emakumeen partetik jaso dudan erreakzioen artean hirugarren bat: «Zergatik?». Kasu honetan, erraza da erantzuna: «Zergatik ez?».