Pikete informatiboa Errenteria-Oreretan
Oarsoaldean, gaurko hainbat sindikatuk deitu duten greba orokorra oso nabarmena izaten ari da. Industrian, esaterako, Lezoko, Oiartzungo eta Errenteria-Oreretako industrialdeetako enpresa gehienak geldirik daude. Pasaiako portua guztiz itxita dago era berean, eta Papresan (Errenteria-Oreretan dago), langileen %75k bat egin du grebarekin. Niessen enpresan, esaterako, erabatekoa izan da geldialdia. Bidasoan, berriz, eragina ez da hain handia, baina ELAko ordezkari Xabier Perezen arabera, “Bidasoko herritarrak ere konturatu dira pentsioen erreformaren larritasunaz, eta askok bat egin dute grebarekin”. Hala, Palmera eta CAF bezalako enpresak gau atea itxi dutela nabarmendu du Perezek, eta Irungo dendetan geldialdiak duen eragina “ohikoa baino handiagoa” ari dela izaten jakinarazi du.
Hezkuntzan Oarsoaldeko ikastetxeetako irakasleen eta langileen gehiengo zabal batek bat egin du deialdiarekin, Pasaiako, Lezoko eta Oiartzungo udaletan bezala. Errenteriako Udalean ere grebak eragina izan du, baina beste herrietakoa baino txikiagoa izan da, Irungoan bezala. Bidasoko ikastetxeetan ere eragina du grebak, institutuetan batik bat.
Komertzio gehienak itxi dituzte Oarsoaldean; Bidasoan, berriz, eragina zonaldearen arabera aldatzen da.
Garraioan, Renfeko, Euskotreneko eta Herribuseko eta Hondarribiko nahiz Irungo lineak zerbitzu minimoak betetzen ari dira. LABeko Oarso-Bidasoko ordezkari Zorion Ortigosaren ustez, “zerbitzu minimoek grebaren eragina desitxuratu dute”.
Bestalde, oraingoz, ez da aparteko istilurik edo gertakaririk izan ez Oarsoaldean eta ez Bidasoan. Pikete informatiboek euren lana egin dute, Ertzaintzak zaintza lanak egin dituen bitartean. Zenbait tokitan tentsio uneak izan badira ere (Irunen batik bat), ez da istilu larririk izan.
Mobilizazioak
Gaur goizean eskualdeko herri guztietan mobilizazioak egingo dituzte. Hartara, 12:00etan Donostiako Saguesen dute hitzordua eskualdean grebarekin bat egin dutenek, bertatik martxa aterako baita Bulebarreraino. Bertan, Gipuzkoa mailako manifestazioa egingo dute. Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Errenteria-Oreretan (Herriko Enparantzatik) eta Irunen (Zabaltza plazatik) eskualde mailako manifestazioak abiatuko dira.