Beira izango da azokako protagonista
eskulangintza azoka zabalduko dute bihar
Bihar zabalduko ditu ateak hogeita hamahirugarrenez Ereintza elkarteak antolatzen duen Eskulangintza Azokak. Aldi honetan, azokak bere ezaugarrietako bat berreskuratu du “arreta berezia eskainiko baitio material jakin bati, beirari hain zuzen ere” jakinarazi dute antolatzaileek. Hala, beira izango da protagonista azokan izango diren 50 postuen artetik hamabitan. Horrekin batera, beira landuko duen tailerra eta material hori lantzeko teknika eta aldaerei gaineko erakusketa egingo dute azokan: beira puztua lantzen duten Igor Obeso eta Luis Machi; beirateak egiten dituzten Jaime Septien eta Agustin Agirre; eta eskultura egiten duten Ivan Delgado eta Amaia Sanchez artisauak elkarlanean ariko dira tailer horretan, eta piezak sortuko dituzte ikusleen aurrean.
Hemezortzi artisau berri
Guztira 50 postu izango dira 1.250 metro karratutan banatuta eta urtero bezala parte hartuko duten artisauen lanaren nondik norakoak bertatik bertara ikusteko aukerarekin batera, Merkatuzar Kultur Guneko Jose Luis Caso Aretora hurbiltzen direnek, eskuz egindako produktu esklusiboak erosteko aukera ere izango dute. “Kalitate handiko bertako produktu horiek eskuratuz, euskal sektore profesional bat sustatuko dute erosleek gainera” nabarmendu dute antolatzaileek.
Parte hartuko duten artisauen artean, hemezortzi lehenengo aldiz izango dira artisau azokan eta beirarekin batera, zura, papera, ehunak, burdina, larrua, harria… landuko dituzte, besteak beste. Zehazki, hamabi artisauk landuko dute beira; zazpik zura; hiruk papera eta kartoaia; seik ehunak; seik burdina eta metalak; bostek larrua; bostek buztina eta harria; eta seik askotariko eskulangintzak egingo dituzte.
Zozketa eta sari banaketa
Aurten hiru egunez zabalik izango den azoka 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era bisitatu ahalko da etzi eta etzidamu; bihar, arratsaldez bakarrik izango da zabalik, eta hiru egun hauetan, 8.000 bisitari inguru jasotzea espero dute antolatzaileek. Azken horiek, azokan artisauek egindako produktuak eros daitezen bultzatu nahi dute eta horretarako, 60 euroko bost erosketa txartel zozketatuko dituzte azokak iraungo duen hiru egunetan. Txartel horiek “eskulangileek erakusgai dituzten produktuak erosteko erabili beharko dira” azaldu dute.
Artisauen artean ere banatuko dute saririk: bata, hobekien apaindutako postuarentzat izango da; bestea, produktuaren kalitatearekin lotutakoa izango da eta ekoizpen teknika, diseinua zein berritasuna hartuko ditu kontuan epaimahaiak.
Garrantzi handiko azoka
Ereintza elkarteak Gabiltza eta Lur Kolektiboa artisauen elkarteek lagunduta antolatzen duen azokak, garrantzi handia du Euskal Herriko artisautza azoken artean “bai antzinatasunagatik eta baita bere antolamenduagatik ere. Aukera paregabea eskaintzen die artisauei produktuak zuzenean saltzeko eta baita merkataritza harremanei begira” azaldu dute Ereintzako kideek.
Bestalde, eskulangintza azokaren 33. aldiaren gastuak 39.000 eurora iritsiko direla jakinarazi dute antolatzaileek. Horri aurre egiteko “diru gehiena sarreretatik jasotzen dugu eta gainerakoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Errenteriako Udalaren laguntzei esker lortzen dugu eta baita Kutxak emandako laguntzarekin” gaineratu dute.