Kukai berriro kalean
Kukai dantza konpainiak lan berria aurkeztu du: Karrikan. Sei dantzarik eta DJ batek osatutako kale ikuskizuna da, eta etzi aurkeztuko dute Leioan (Bizkaia) Umore Azokan. Herriko dantzazaleek, ordea, gertutik ezagutzeko aukera izango dute gaur bertan. Izan ere, entsegu publikoa emango dute Errenteria Hiria Kulturgunean, 19:30ean. Gonbidapena lortu beharko dute joan nahi dutenek dantza@kukai.info posta elektronikoan. Dantzaz gain, ahotsa eta musika bilduko dituen kale ikuskizuna izango da, eta hiru koreografiaz osatuta dago. Koreografia bakoitzak koreografo bana izan du: Damian Muñoz eta Virginia Garciaren Sorbatza, Iker Gomezen Aupa mutil eta Pantxika Telleriaren Fight for fandango. Hirurak koreografo garaikideak dira, baina euskal tradizioa oinarrian zeukaten dantza sortzeko enkargatu zieten dantza konpainiakoek. Sorbatza “oreka berrezarri nahi duten lau gizonen arteko errituala” bezala definitu dute sortzaileek: “Gerra sinbolo bat bakea eraikitzeko”. Aupa mutil-en mamia honakoa da, berriz, Iker Gomez egilearen arabera: “Nahiz eta nekatuta, lehertuta, akituta, joka, mareatuta… egon; beso, hanka eta bizkarra zizko eginda izan; eta birikak, aurkitu ezinda nabilen hitz bat garrasi egitez, erabat hustuta izan.. badakit harrotasun kontu bategatik zutik jarraituko dudala”. Fight for fandago, berriz, honela definitu du Pantxika Telleriak: “Fandangoaz, fandangoetaz, hitz egin nahi digu, edo hobeki erran, gogoetara bultzatu nahi gaitu gu herriko dantzariok”. Gaur eman dituzte ikuskizun berriaren [...]
Kukai dantza konpainiak lan berria aurkeztu du: Karrikan. Sei dantzarik eta DJ batek osatutako kale ikuskizuna da, eta etzi aurkeztuko dute Leioan (Bizkaia) Umore Azokan. Herriko dantzazaleek, ordea, gertutik ezagutzeko aukera izango dute gaur bertan. Izan ere, entsegu publikoa emango dute Errenteria Hiria Kulturgunean, 19:30ean. Gonbidapena lortu beharko dute joan nahi dutenek dantza@kukai.info posta elektronikoan.
Dantzaz gain, ahotsa eta musika bilduko dituen kale ikuskizuna izango da, eta hiru koreografiaz osatuta dago. Koreografia bakoitzak koreografo bana izan du: Damian Muñoz eta Virginia Garciaren Sorbatza, Iker Gomezen Aupa mutil eta Pantxika Telleriaren Fight for fandango. Hirurak koreografo garaikideak dira, baina euskal tradizioa oinarrian zeukaten dantza sortzeko enkargatu zieten dantza konpainiakoek.
Sorbatza “oreka berrezarri nahi duten lau gizonen arteko errituala” bezala definitu dute sortzaileek: “Gerra sinbolo bat bakea eraikitzeko”. Aupa mutil-en mamia honakoa da, berriz, Iker Gomez egilearen arabera: “Nahiz eta nekatuta, lehertuta, akituta, joka, mareatuta… egon; beso, hanka eta bizkarra zizko eginda izan; eta birikak, aurkitu ezinda nabilen hitz bat garrasi egitez, erabat hustuta izan.. badakit harrotasun kontu bategatik zutik jarraituko dudala”. Fight for fandago, berriz, honela definitu du Pantxika Telleriak: “Fandangoaz, fandangoetaz, hitz egin nahi digu, edo hobeki erran, gogoetara bultzatu nahi gaitu gu herriko dantzariok”.
Gaur eman dituzte ikuskizun berriaren gaineko xehetasunak Kukai dantza taldeko kideek Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Jon Maiak zehaztu duenez, “erabat berria” izan da koreografo horiekin lan egitea. Telleriarekin lan egindakoak ziren, baina ez besteekin: “Euren estilora moldatu behar izan dugu, eta eurak ere gurera moldatu behar izan dute”.
Ildo horretatik, ahotsa erabili duten lehen aldia izan dela azaldu du Maiak. “Ikerrek antzerki fisikoa lantzen du, eta ahotsarekin eta testuarekin lan egin behar izan dugu”. Arlo horretan egin duten pauso txikia, baina “interesgarria” izan dela adierazi du.
Etzi Leioan aurkeztu ondoren, datorren astean, Donostiako Victoria Eugeniako klubean izango dira, eta handik Hendaiara joango dira. Hortik Valladolideko kaleko arte lehiaketan parte hartuko dute.
Fitxa artistikoa
Zuzendaria: Jon Maia
Koreografia: Damian Muñoz eta Virginia Garcia (La intrusa danza), Iker Gomez eta Pantxika Telleria.
Dantzariak: Alain Maia, Eneko Gil, Ibon Huarte, Jon Maia, Nerea Vesga eta Urko Mitxelena.
DJa zuzenean: DZ (Zigor Lampre).