Ainara Lasa Perezek ‘Hariketak. Lotzea askatzea denean’ aurkeztuko du bihar
Ainara Lasa Perez herritarrak Hariketak. Lotzea askatzea denean erakusketa bihar inauguratuko du. Uztailaren 7a bitartean egongo da udaletxeko areto nagusian, Kultura Sailaren ekimenez. Astelehenetik ostiralera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20...
Ainara Lasa Perez herritarrak Hariketak. Lotzea askatzea denean erakusketa bihar inauguratuko du. Uztailaren 7a bitartean egongo da udaletxeko areto nagusian, Kultura Sailaren ekimenez.
Astelehenetik ostiralera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da aretoa irekita, eta larunbatetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara.
Erakusketa bitxia da Lasa Perezek egin duena: hariekin jositako erradiografiak dira herritarrek ikus ditzaten jarriko dituenak.
Erakusketa inauguratzeko, gaur errezitaldi musikatua eskainiko dute Ainara Lasa Perezek eta Xabi Strubellek udaletxean, 19:30ean.
Artistaren ibilbidea
Ainara Lasa Perez artistak Arte Ederrak ikasi zuen Leioan (Euskal Herriko Unibertsitatean, Bizkaian). Eta ez da hau bere lehenengo sormen lana ezta erakusketa. Hariketak. Lotzea askatzea denean Errenteriako Xenpelar aretoan estreinatu zuen urtarrilean eta ondoren, Donostiako Okendo Kultur etxean ere jarri zuen.
Aurretik, 1996. urtean, Errenteria-Oreretako Mikelazulo Kultur Elkartean pintura erakusketa jarri zuen, Karmele Cruzekin.
Bestelako proiektu batzuetan ere parte hartu du Lasa Perezek: diseinu, maketazio, logo lanetan, objektuen itzal antzerkian Sorkun abeslariaren proiektu akustikoan…
Aurrera begira ere, sormenaren alorra lantzen jarraitzeko asmoa du Lasa Perezek.
Oiartzuarraren azkeneko proiektuaz gehiago jakin nahi duenak, bi bide ditu horretarako. Webgunea, http://www.ainaralasa.com, eta helbide elektronikoa, hariketak[abildua]gmail.com.