Turismoak hobera egin du udan Hondarribian
Ostalariak eta turismo sektoreko langileak pozik azaldu dira uda bukaerako datuekin. Krisi ekonomikoak eragindako bisitari kopuruaren beherakada atzean utzi, eta aurten turismo sektoreak hobekuntza nabarmena jasan du Hondarribian. Aitor Kerejetak, Hond...
Ostalariak eta turismo sektoreko langileak pozik azaldu dira uda bukaerako datuekin. Krisi ekonomikoak eragindako bisitari kopuruaren beherakada atzean utzi, eta aurten turismo sektoreak hobekuntza nabarmena jasan du Hondarribian. Aitor Kerejetak, Hondarribiko alkateak onartu duenez, turismo kulturalaren alorrean Hondarribia erreferente bilakatzen ari da, eta horrek “ekonomia dibertsifikatu batean, turismoa herriko ekonomiaren oinarri sendoenetakoa” izatea eragin du.
Horiek hala, ekainean %75ekoa izan zen Hondarribiko hotelen okupazioa, %78koa uztailean, eta joan den abuztuan hotel eta nekazal-turismoetako logelen %90 okupatzera iritsi ziren. Txomin Sagarzazu Kultura eta Turismo zinegotziak onartu duenez, “uztaileko eguraldi petralak ez zuen hasieran lagundu, baina udako bigarren partean ostalaritzan lanean ahal duten guztia eman dute”.
20.156 kontsulta
Bidasoa Turismo erakundeak bildutako datuen arabera, bisitarien gehiengoak, batez bestean bi egunetarako etorri izan da Hondarribira. Eta bisitarien %55 inguru Espainiar estatukoa izan da; Herri Katalanak, Andaluzia eta Madrilgoak gehien bat, baina Frantziatik, Ingalaterratik eta Alemaniatik etorritakoen kopuruak ere gora egin duela nabarmendu dute.
Era berean, Arma plaza eta kirol kaian dauden turismo bulegoek datuak azaldu dituzte, eta zenbakien arabera iaz baina bisitari gehiago bertaratu dira. 20.156 kontsulta jaso dituzte uztailaren 1etik irailaren 15era bitartean, iazko baino %10 gehiago.