Ander Iriarte
Echevarriatik Etxeberriara. Oiartzun: indarkeriarekin bizi izan den herri baten kronikak dokumentalaren aurre-estreinaldia aurkeztuko du Ander Iriarte oiartzuarrak (1986). Gai horretaz hitz egiteko beharrak bultzatuta egin du dokumentala eta besteak beste Rufi Etxeberria, Xabier Iragorri, Ludger Mees, Lide Martiarena eta Ixiar Galardi jarri ditu kamera aurrean. Dokumentala ostiralean proiektatuko dute udaletxeko areto nagusian, 18:00etan hasita.
Oiartzunek gatazka politikoak eragindako indarkeria nola bizitu duen aztertu eta bildu duzu dokumentalean. Zerk bultzatuta egin duzu?
Egia esan, nik barne-barnetik nireak sentitzen ditudan hiru ezaugarrien bilketa da dokumental hau: oiartzuarra izatearen harrotasuna, ezkertiar eta abertzalea sentitzea eta azkenik, nire komunikazioa gailua zinema izatea. Ezaugarri horiek, historiak eskaini didan unea, eta gai horretaz hitz egiteko beharrak bultzatu naute. Alde batetik guk ere iritzi edota bizipen guztien perspektiba bat eduki dezagun. Baita ere kanpokoek, horren gutxi ezagutzen duten ezker abertzaleak indarkeriarekin edukitako erlazioa hobeto ulertu dezaten.
Gaiaz hitz egitea zaila izan da urte askotan zehar. Zuk elkarrizketak egin dituzu. Nola joan da?
Oraindik ere zaila da, 50 urteko borroka armatuak uzten duen samina ez da edonola pasatzen. Gainera ezker abertzalearen mugimenduak, onerako eta txarrerako, bere indarra kohesioan eta aldebakartasunean oinarritu du. Dena den, gustura nago elkarrizketa guztiekin, zuzena baina zintzoa izaten saiatu naiz mundu guztiarekin eta nirekin hala izan direla uste dut.
Zer atera duzu elkarrizketa horietatik orokorrean? Zein da jendearen sentsazioa?
Jendearen sentsazioa ez dakit, ostirala eta gero esango dizut. Nik atera dudana mugimenduarekiko esperantzak berpiztea izan da. 26 urte bakarrik baditut ere, mugimenduarekin pixka bat erreta nengoen eta minduta horrela sentitzeagatik. Poza daukat elkarrizketen ostean, jendea dogmak uzten eta gauzak birpentsatzen ari denaren sentsazioa daukat. Eta hori beti ona da.
Zuk zer atera duzu dokumental honetatik? Aurretik zenituen ideiak aldatu dira, indartu dira…?
Aldatu aldatu ez… Ezker abertzalearen kontra egin diren astakeriak, astakeriak iruditzen zaizkit, eta halabeharrez ezker abertzalearen izenean egin direnak ere. Baina mugimenduarekiko berriro hurbilago sentitzen naiz, bide berriekin borrokatzeko gogoaz, eta baita erabilgarria izan naitekeen leku bat aurkituz ere.
Ze ikuspegi eman nahi izan diozu dokumentalari? Ahalik eta objektiboen izaten saiatu zara edo alde batera posizionatu zara hasieratik?
Ez naiz objetiboa izan, baina hori ez da txarra. Nik nire iritzia daukat eta hori argi dago hasieratik dokumentalean. Nik ez du erreportaje bat egin, non datuak eta gertakizunak solik daukaten garrantzia. Dokumental hau nire bide pertsonala da, Oiartzunen eta euskal herrian pasatu dena ulertzen saiatzeko egin dudana. Horretarako ahalik eta jende gehienarekin hitz egiten saiatu naiz, eta ados ez banengoen ere, beraien ikuspuntuak ulertzen eta lekua ematen saiatu naiz.
Zer lortu nahiko zenuke honekin?
Taberna zuloko hizketaldiak kalera eramatea. Ezker Abertzalea ez da izan mugimendu normala. Indarkeriarekin oso lotua egon da, eta gainera bere adar bat Europako azken talde armatua izan da. Lehen esan dudan bezala, bere indarra aldebakartasunean oinarritu du, eta horretarako barne kontraesanak (eta bereziki indarkeriaren erabilpenarekin lotutakoak), beti etxean eta taberna zuloan hitz egin dira. Horrek bi eragin ditu, inpotentziaz batzuk urrundu edota baztertuak izatea (banaketa ugari daude mugimenduan) eta bestetik, kanpotik inork gu ez ulertzea.
Zein oztopo eta laguntzekin egin duzu topo dokumentala egiteko prozesu horretan?
Oztopoak? Gutxi, herria eta jendeak oso eramangarria egin du prozesua. Beharbada gazteekin izan dut arazo gehiena. Ez dut lortu egungo gazterik parte hartzea. Gazte iraultzaile batzuk hasi zuten mugimendu hau, orain
historikoak direnak. Jende horrek egoera asko ezagutu ditu eta une honetan prozesuaren hausnarketan oso sartuta dago. Egungo gazteek egoera politiko bakarra ezagutu dugu eta historiko horien itzalpean bizi izan gara. Aldaketak beti mesfidantza sortzen du, eta hontaz publikoki hitz egitea aldaketa handia da..
Titulua. Nondik dator?
1975ean Franko hil ostean, Oiartzunen Echevarria alkatea hil zuten. Ordura arte borroka armatua ia aukera bakarra zen, baina hortik aurrera, eta aldaketak zetoztela ikusirik
aukera bat bihurtu zen. 2011n, Rufi Etxeberria oiartzuarrak, lehenengo aldiz, Ezker Abertzalearen mugimendu handienaren izenean estrategia honi uko egin zion. Bi une historiko horien artean Oiartzunen egondako prozesuaz hitz egiten du dokumentalak, indarkeria puntu zentral bezala edukiz.