Sanjuandarrek igandean egin zuten gaiaren berri emateko agerraldia
Donibaneko Bonantza Auzo Elkartearen ekimenez, Donibanetik Lezorako oinezkoentzako bidea hobetzeko nahiz tarte horretan bidegorria egiteko dinamika abian jarri dute Donibanen. Sanjuandarren arabera, herritik ateratzeko bide bakarra da Lezoko errepidea, eta horretan oinezkoentzako espaloia “estua” da, eta “ez ditu oinarrizko baldintzak betetzen”. Gainera, esan dute Pasaiako barrutia Lezorekin lotzeko bidegorriaren asmoa “ahaztuta” dagoela, “gure inguruan bidegorri sarea nola ari den garatzen ikusita”. Ondorioztatu dute Donibanetik oinez edo bizikletaz ateratzea edo iristea “arazo larria” dela. Gauzak horrela, hobekuntza horiek eskatzeko sinadura bilketa abiatu dute, eta datozen egunetan informazioa emateko liburuxka banatuko dute. Donibaneko nahiz Lezoko eragile askok bat egin dute gaiarekin landutako adierazpenarekin. Beheko zerrendan daude horiek guztiak.
Bonantzakoentzat larriena ez da Donibanen egin zen “eta inondik inora ez doan ehun metro inguruko bidegorri tarte txiki bat” izanda horrek Lezorekin loturarik ez izatea; larriena oinezkoen bidearen egoera da: “Zatiren batean metro erdi eskaseko zabalera du; honek, jakina, banan-banan joatera behartzen gaitu, eta oso bide erabilia denez, maiz gertatzen da norbaitekin gurutzatzea, eta horrelakoetan, errepidera egin behar izaten dugu salto, arriskutsua inondik ere”.
Sanjuandarrek nabarmendu dute hori dela bide bakarra Donibanetik ateratzeko, edo iristeko, bertakoentzat eta bisitarientzat. Eta orain arte Bonantzakoei esan diete gaiak “irtenbide zaila” zuela termikoaren ikatz biltegia zela eta. “Baina gaur egun, zentralaren jarduera etenda, ez dago aitzakiarik aspalditik eskatua izan eta hain beharrezkoa den konponbideari ekiteko. Horrela sanjuandarron bizi kalitatea hobetuko litzateke, eta ingurukoak segurtasunarekin gerturatu ahal izango dira”.