EH Bildu Espainiako banderaz: "Herritarren erabakitzeko eskubideari eraso egin nahi zaio"
Duela bi urte Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen delegatuak hasitako prozesua apirilaren 18an bukatuko da Errenteria-Oreretan: egun horretarako Espainiako bandera jarrita egin beharko da Errenteriako udaletxeko balkoian eta pleno aretoan.
Gaur goizean agerraldia egin dute Errenteria-Orereta EH Bilduko ordezkariek: Julen Mendoza alkateak eta Luisma Diez eta Garazi Lopez Etxezarreta bozeramaileek.
Mendozaren arabera, neurri horrekin identitate sentimenduetatik harago, “herritarren erabakitzeko eskubideari egin nahi zaio eraso”, eta zentzu horretan, “balio demokratiko horiek defendatzea” proposatu du horri aurre egiteko.
Inposiziotzat jo du Urkijoren iniziatiba, eta horrek “ahul” daudela frogatzen duela iritzi dio, “urte askotan ez baitira gai izan bere proiektu politikoarekin euskaldunak konbentzitzeko”.
Alkateak berretsi du desobedientzia politikoa dela EH Bilduren jarduera politikoaren erdigune, eta bide beretik jarraituko dutela esan du etengabeko eraldaketa prozesua sortzeko “baldintza objektiboak ematen diren guztietan”.
EAJri ere eskua luzatu dio, prozesu soberanista irekiaren testuinguruan “akordio estrategikoak” lortzeko.
Plenoan eztabaidatuko dute
Gaur arratsaldeko udalbatzarrean eztabaidatuko dute Espainiako bandera jartzeko agindua, adierazpen instituzional bana aurkeztu baitute, batetik, EH Bildu eta Errenteriako Ezkerrak, eta bestetik, EAJk. Mendozak aurreratu duenez, EH Bilduk bien alde bozkatuko du ezer aldatzen ez bada, alde dispositiboa bera delako.
Alde espositiboa bakarrik aldatzen dela esan du. EH Bildu eta Errenteriako Ezkerrak aurkeztutako mozioak 83ko Banderen gerra-ri egiten diola aipamena adierazi du, eta nola udalbatzak orduan inongo banderarik ez jartzea erabaki zuen. Bestalde, udalaren borondatea udaletxean plaka bat jartzea dela biltzen du, baita adierazpen instituzionala herriko eragileengana zuzentzea ere.
Ildo horretatik, prest agertu da EH Bildu herriko eragileek antolatzen dituzten ekintzen arabera, horietan parte hartzeko.
Bi urteko ibilbidea
2012ko ekainaren 1ean aurkeztu zuen udaletxean Urkijok Espainiako bandera jartzeko eskaera. Mendozak jakinarazi duenez, Errenteriako Udalak ez zion eskaera horri erantzun, eta horrenbestez, epaitegietara jo zuen Espainiako Estatuko abokatuak. Donostiako Epaitegiak eskaera atzera bota zuen, eta errekurtsoa jarri zuen EAEko auzitegi nagusian.
Duela gutxi jaso du epaia udalak, eta horrenbestez, behartuta dagoela adierazi du Mendozak bandera jartzera, apirilaren 18a baino lehen.