SOS Arrazakeriak egoitza izango du Errenteria-Oreretan
Asteazken honetan, hilak 7, irekiko dute Errenteria-Oreretako SOS Arrazakeriaren egoitza, eta maiatzean bertan jarriko dute martxan. Oarso udal eraikinean dago, erdialdeko Topo geltokiaren parean, lehengo eskola sindikalean.
SOS Arrazakeriak aurreratu duenez, Errenteria-Oreretako eta Oarsoalderako erreferentzia puntu izango da egoitza hori, eta bertan, atzerritartasuna eta immigrazioarekin lotutako doako lege aholkularitza eta informazio zerbitzua emango dute: egoitza edo lan baimena, familiaren berrelkartzea, lan kontratuak…
Era berean, trebakuntza mintegi eta ikastaroak ere emango dituzte.
Erakusketa
Inaugurazio egunean bertan erakusketa bat egongo da martxan: Face2face. Fokua aldatuz argazki erakusketa. Bertan, jatorri anitzetako pertsonen erretratuak ikus ahal izango dira, eta komunikabideetan immigrazioari buruz aurki daitezkeen aurreiritziekin hautsi nahi du.
Ekitaldi horretara gonbidatu dituzte bereziki, “arrazakeria eta xenofobiaren kontra lagundu duten lagun guztiak”.