Etxepare Euskal Institutuak eta Donostia 2016 Fundazioak sinatutako lankidetza-akordioak lehen emaitza eman du. Izan ere, bi erakundeek deitutako lehiaketa baten bidez, uda honetan Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistiko bat egingo dute hiru euskal sortzailek, tartean Goiatz Labandibar oiartzuarrak. Egonaldia egiteko deialdia abenduan zabaldu zuten erakundeek, eta atzo eman zuten irabazleen berri, Donostian: Matxalen de Pedro, Goiatz Labandibar eta Maialen Sarasua. Hala, hiru sortzaileek ekaina eta uztaila artean 15-20 egun inguruko egonaldi bat egingo dute Wroclawen, euren proiektuak gauzatzeko edo hasteko. Ez da kapritxoa Wroclaw hiria hautatzea lehiaketarako, 2016an Donostiarekin batera Europako Kultur Hiriburu izango baita. Hori dela eta, aurrerago, hiru artista poloniarrek Donostia bisitatuko dute ariketa bera egiteko. Pozik agertu dira gaur prentsaren aurrean Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Iker Tolosa Donostia 2016ko kidea, deialdiaren arrakasta dela eta. ”Pozik gaude asmatu dugulako. Euskal artistei beste artista batzuekin elkarlanean aritzeko aukera emango diegu, eta poloniarren laguntza izango dute nora jo jakiteko. Ondoren, artista poloniarrak hona etortzean, guk ere lagunduko diegu harremanak egiten”, azaldu du Donostia 2016ko Tolosak.
Mugikortasuna, kulturen arteko harremana eta elkarlana sustatzeko xedea izan behar zuten deialdira aurkeztutako proiektuek, eta arlo anitzetako egitasmoak aurkeztu zituzten: arte eszenikoak, musika, literatura, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak… guztira, 60 proposamen jaso zituzten, “maila bikainekoak guztiak”, antolatzaileen arabera. Aukeratutako hiruek, oso lan desberdinak egingo dituzte:
- Goiatz Labandibar oiartzuarrak hamabi istorio idatziko ditu, Hala bazan… Klixk proiektuarekin. Horretarako, hiru argazkilari poloniarrek eta beste hiru euskaldunek egindako irudiak hartuko ditu oinarri, emakumeak guztiak. Zuri-beltzezko irudiak izango dira, eta emakumeak protagonista dituztenak. “Genero ikuspegitik landuko ditut istorioak. Egonaldian ezinezkoa izango da hiria ezagutzea, baina hurbilpen bat egin nahiko nuke, hiriaren argazki bat”, dio Labandibarrek.
- Matxalen de Pedro bilbotarra Wroclaw hiriko paisaian murgilduko da, atzerritar baten ikuspegia jasoko duen audio-gida bat sortzeko. Horman Poster kolektibotik sortutako proiektu bati jarraipena emango dio horrela, eta Hirikit du izenburua. “Hiru gai jorratuko ditut; bizikidetza, bertako historia versus bertan bizitako istorioak, eta eta hiriaren poetika”, azaldu du De Pedrok. Bere lanaren emaitza blog batean jarriko du, edonork erabiltzeko moduan.
- Maialen Sarasuak, berriz, bi hirien arteko zubi berri bat sortuko du, dokumental batean, Zubi bat. “Bi hirietatik hiri bakarra sortuko dut; eta lotura egiteko, zubiak erabiliko ditut. Dokumentalaren abiapuntua han jasoko dudana izango da, eta Donostian beste aldea egingo dut”, azaldu du Sarasuak.