Nerea Ibarzabal bizkaitarrak emakumeen nagusitasuna berretsi du Xenpelar Sarietan

Nerea Ibarzabal Markina-Xemeingo bertsolariak irabazi zuen atzo Xenpelar Sarien XXII. ekitaldia. Niessen kulturguneko areto nagusia ia bete egin zen sei bertsolari gazte bildu zituen lehiaketarako. Horietan guztietan izarra, Ibarzabal. Azken bederatzi Xenpelar sariketetatik zazpitan emakumeek irabazi dute. Horrela, 2012an Jone Uriak irabazitako ohorearen jabe da orain Ibarzabal. Ereintza elkarteak eta Xenpelar Bertso Eskolak antolatutako sariketak, beste behin, zapore oso gozoa utzi du herriko bertsozaleen artean.

Sailkapenean bigarrena Arnaitz Lasarte ereñozuarra izan zen, irabazletik 20 puntura (irabazleak 562,5 puntu lortu zituen). Eta bertso onenaren saria —OARSO BIDASOKO HITZA-k emandakoa— Maider Arregi oñatiarrarentzat izan zen. Ane Labaka, Maialen Akizu eta Aitor Servier.

Horrez gain, Jokin Sorozabalek omenaldia jaso zuen. Andoaindarrak 1986an irabazi zuen saria, eta azken edizioetako ohiturari jarraituz, aurretik irabazle izandako bat omendu zuten atzo, Sorozabal bera. Ez zuen aukera galdu bertsolari izandakoak eskerrak emateko, nola ez, bertso bidez.

Honakoa izan da aurtengo sariketaren sailkapen osoa:

  1. Nerea Ibarzabal. 562,5 puntu. 350 euro irabazi ditu, txapela, eta Errenteriako Udalaren oroigarria.
  2. Arnaitz Lasarte. 542,5 puntu. 250 euro irabazi ditu eta Arkaitza tabernaren oroigarria.
  3. Maider Arregi. 390,5 puntu. 100 euro irabazi ditu, eta bertso onena egin zuelako HITZA-ren oroigarria.
  4. Ane Labaka. 378,5 puntu. 100 euro irabazi ditu.
  5. Maialen Akizu. 377,5 puntu. 100 euro irabazi ditu.
  6. Aitor Servier. 368 puntu. 100 euro irabazi ditu.

OHARRA: Hirugarren postutik beherakoek lehen biek baino puntu gutxiago dituzte. Hori horrela da lehen fasearen ondoren finalerako bi partaide sailkatu zirelako, beste lauen jarduna bukatutzat emanaz.

Ez dago ekarpenik

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend