07:00etan izan da atxiloketa, Altzibar auzoan. Beste 15 lagun atxilotu dituzte poliziek.
Errenteria-Oreretan goizean egin duten elkarretaratzea
Guardia Zibilak 07:00etan atxilotu du Oiartzungo Altzibar auzoan duen etxean Onintza Ostolaza abokatua.
Polizia operazio zabalago baten barruan atxilotu dute Ostolaza, Euskal Herriko beste hainbat tokitan nahiz Madrilen beste 15 abokatu atxilotu dituztelako. Guardia Zibilaren esku dago oiartzuarra, komunikatuta.
Horietako batzuek gaur Madrilen 04/08 sumarioaren barruan auzipetuta daudenen defentsa egin behar zuten. Bertan, Anjel Mari Elkano eta Eusebio Lasa oreretarrak dira epaitzekoak.
Zabalik jarraitzen du
Xake operazioak —hala deitu dio Poliziak—, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Besteak beste, Bilbon eta Iruñean egin ditu atxiloketak Guardia Zibilak, baita Oiartzunen ere, Onintza Ostolazaren kasuan.
Abokatuak dira atxilotu gehienak, eta Herrira-koak gainerakoak: Amaia Izko, Onintza Ostolaza, Aiert Larrarte, Eukene Jauregi, Nagore San Martin, Haizea Ziluaga, Arantxa Aparicio, Ainhoa Baglietto, Alfonso Zenon, Atxarte Salvador, Jaione Karrera, Kepa Manzisidor, Fran Balda, Javier Carbadillo, Jon Mintegiaga
Minde eta Ane Ituño.
2012 eta 2013 artean ogasunean 1,3 milioi ez aitortzea egotzita, Ogasun Publikoaren kontrako delitu bat eta dirua zuritzea leporatu diete. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Herrira-k EPPK-ko presoen abokatuei ordaindutako dirua da hori, eta plataforma horren diruzain izatea egotzita atxilotu dituzte lau lagun. “Abokatuen kolektiboa ekonomikoki sostengatzen zuen finantza egitura desegitea eragin du operazioak”, dio ministerioaren oharrak.
Bizkaian atxilotutako abokatuek babesa eskatu diote herrialdeko abokatuen bazkundeari, eta jada izendatu dituzte defendatuko dituzten abokatuak. Carlos Fuentenebro Bizkaiko Abokatuen Bazkundeko dekanoa egoitzaren kanpoaldean izan da Guardia Zibila bulegoak miatzen ari zen bitartean.
Atzemandako dozena bat abokatuen artean daude Amaia Izko, Eukene Jauregi eta Haizea Ziluaga; Madrilen atzeman dituzte. Han ziren epaitzekoak
gaurtik aurrera ezker abertzaleko hainbat kide, eta defentsako abokatuak dira hirurak. Tres Cantoseko polizia etxean dauzkate, komunikatuta.