Pintaketa horiek garbitzeko eskatu diote gobernu taldeari, eta aldi berean lan horien kostua zein izan den jakinarazteko.
Argazkia: Lezoko EAJ
Lezoko EAJk “haserrea” agertu du Lezon hainbat pintaketa egin dituztelako, herriko hainbat eremutako paretetan. Errege Egunaren goizaldean agertu zirela esan du EAJk. “Horrelako ekintzetara ohituak bagaude ere, oraingoan urrutiegi joan dira, alde zaharreko ia eraikin guztiak margotu dituztelako”. Horren harira, “beraien jendearen artean ordena jartzeko” eskatu dio EAJk ezker abertzaleari, eta aldi berean, udal gobernu taldeari horiek ezabatzeko nahiz lan horien kostua zein den jakinarazteko eskatu dio.
Kepa Garbizu jeltzaleen bozeramaileak esan duenez, udaletxean, Santo Kristo elizan, hainbat armarridun etxeetan eta harri landuko eraikinetan egin dituzte pintaketak. Adierazpen askatasunaren kontra ez daudela argi utzi nahi izan du Garbizuk, “denek libreki beren ideiak eta iritziak azaltzearen alde gaude”, baina gisa horretako pintaketek herriari “zikin eta utzikeria itxura” ematen diotela zehaztu du: “Lezok urtean 58.000 euro baino gehiago bideratzen ditu turismoa erakartzeko proiektuetara, eta e da onargarria herriaren erakargarritasuna zapuzten duten horrelako ekintzekin boikoteatzea”. Hori ekiditeko neurri gisa herrian zehar panelak jartzea proposatu dute jeltzaleek, “denek, beraiek ere, kartelak jar ditzaten, iritziak modu eta ordenatuan adierazteko, etxeetako fatxadak edo herriko paretak erabili beharrean”.
Argazkia: Lezoko EAJ
Garbizuk uste du. adi berean, “inkoherentzia” dela “pintadak egin eta gero, beraiek udal gobernuan egotean hauek garbitzeko duten betebeharra”, eta horren gaineko gogoeta egiteko eskatu dio ezker abertzaleari.